Elkarlan Sariak
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Irakaskuntza eta haurrentzako, adinez nagusientzako, eta tratu txarren biktimentzako arreta: euskal gazte lankide boluntarioen jarduerak Oaxacan, Colliquen, Cochabamban, Jutiapan eta Chimoion

2017-08-19
  • Euskadiko ehun gazte —neskak eta mutilak— boluntariotza- eta laguntza-lanak egiten ari dira Asia, Afrika eta Ameriketako zona kaltetuetan.
  • Eusko Jaurlaritzak eta garapenerako gobernuz kanpoko zenbait erakundek garapenerako lankidetza-jarduerak koordinatzen dituzte. 25 urte betetzen dituzte lankidetza-jarduera horiek.
  • Beatriz Artolazabal: “miresgarria da gure gazteek erakusten duten ardura eta bokazioa. Gure Herriaren etorkizuna bermatzen du horrek”.
  • Europako Batzordeak Europako Elkartasun Kidegoa ireki du, eta bertan ordaindutako laguntza-jarduerak ere badaude.

VG 2017 08 19

Irakaskuntza- eta arreta-jarduerak —zehazki haurrentzako, adinez nagusientzako eta tratu txarren biktima diren emakumeentzako eta haurrentzako arreta-jarduerak— egiten dituzte euskal gazte lankide boluntarioek Oaxaca, Collique, Cochabamba, Jutiapa edo Chimoio hirietan eta Asia, Afrika eta Amerikako beste herri batzuetan. Jarduera horietan ehun neska-mutilek boluntariotza- eta elkartasun-lanak egiten dituzte zenbait arlotan. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak arreta handiz jarraitzen ditu bere saileko Gazteria Zuzendaritzak egiten dituen txostenak, eta aditzera eman du “miresgarria da gure gazteek erakusten duten ardura eta bokazioa. Gure Herriaren etorkizuna bermatzen du horrek”.

 

Gazte horietako batek, Bergoi Sevillak, egun hauetan Ayuda en Acción erakundearekin elkarlanean dihardu Oaxacan, Mexikon. Horma-irudi bat egin du EECOS-INCIDEren bulegoaren albo batean (Ánimas Trujano) neska-mutil zapotekoekin batera. Neska-mutil horiek pinturaz betetako globoak bota zituzten hormara.

 

Itziar Caño López de Sosoaga Colliquen dago, Perun, eta ludoteka batean ari da laguntzen, Serso San Viatorren proiektu batean. Herritarren artean arrakasta eta animazio handia izan duten jaiak eta topaketak egin dituzte.

 

Amaia Monge eta Maitane Agirre Bishrail-en daude, Indian, Munduko Landa Foroarekin, lehen hezkuntzako ikastetxe batean eskolak ematen.  Beatriz Alonso de Linaje de Nicolás, Maitane Erauzkin, Miren Muxika eta Lain López Luriganchon daude, Perun, Serso Euskalerriarekin. Ludoteka batean eta ikastetxe batean lan egiten ari dira, kirol- eta jolas-jarduerak egiten.

 

Jone Arrazola eta Laura Cristina Ospina Guatemalan daude, Nazioarteko Elkartasuna erakundearekin, bertako Almudi garapenerako gobernuz kanpoko erakundearen jardueraren barruan lan egiten. Amaia, Nerea eta Telmo Cochabamban, Bolivian, daude, Serso Euskal Herriarekin lanean.

 

Jutiapa hirian, Honduras, eta Serso Euskalerriarekin, San Viator ikastetxe batean lan egiten ari dira Ana María Pérez Biedermann, Estibaliz Garrido, Maria Gimenez Urquiola, Ingrid Andrea Huertas eta Ane Olariaga. Chimoion, Mozambike, eta Haurralde garapenerako gobernuz kanpoko erakundearen koordinaziopean, elkarlanean ari dira Oihana Goikoetxea eta Estibaliz Pájaro.

 

Europako Elkartasun Kidegoa: lehen boluntarioak

 Euskal gazte lankide boluntarioen jarduerak 25 urte betetzen ditu, 2.500 gazte boluntario baino gehiago izan dira hiru hilabetez garapenerako lankidetzako jarduerak egiten. Aurten Europako Batzordeak eratu duen Europako Elkartasun Kidegoko lehen boluntarioak Nursiara, Italia, iritsi dira, joan den urtean eskualde hori astindu zuten lurrikaren eraginpean dauden tokiko erkidegoetako gizarte-zerbitzuak berriro ezartzen eta kalteak konpontzen laguntzeko.

 

Italiako Kora erakundeak zuzentzen duen «Europako gazteria Nursiaren alde» proiektuan parte hartzen duten Europako Elkartasun Kidegoko hamasei gazte boluntarioek lagunduko dute lurrikaren ondorioz kalte handiak izan zituzten eraikin historikoak berreraikitzen, barnean direla San Benito basilika eta Beneditarren Monasterioa. Era berean, Nursiako gazteekin eta adinez nagusiekin elkarlanean arituko dira, lantegiak, aire zabaleko jarduerak eta kultura-ekitaldiak antolatzen.

 

Nursiara iritsitako boluntarioak Austriakoak, Espainiakoak, Frantziakoak, Greziakoak, Hungariakoak eta Portugalgoak dira. Europako Elkartasun Kidegoak lurrikaren eraginpean dauden Italiako eskualdeetan jarduerak egiteko hautatutako hiru proiektuetako batean parte hartzen ari dira. Aurtengo irailean, Europako Elkartasun Kidegoko beste kide batzuek beste bi proiektuetan hartuko dute parte, Arci Cultura Solidari erakundeak eta Pescara udalerriak zuzentzen dituztenak, hurrenez hurren. Guztira, 2020ra arte, Europako Elkartasun Kidegoko 230 kidek elkarlanean jardungo dute lurrikaren eraginpean dauden Italiako erkidegoetan. Proiektu horietarako 790.000 euro bideratu da.

 

Hondamendiaren ondorengo berehalako laguntza amaitu denean, hasten dira berreraikitzeko lanak. Juncker presidenteak 2016ko Europar Batasuneko egoerari buruzko hitzaldian iragarri zuen Europako Elkartasun Kidegoaren sorrera. Kidegoa sortu zen horrelako beharrei erantzuteko eta hemezortzi eta hogeita hamar urte arteko gazteei Europar Batasun osoan elkartasun-jardueretan parte hartzea ahalbidetzeko.

 

Italiako Abruzzo, Lacio, Marche eta Umbria eskualdeetan 2016an eta 2017an izandako lurrikaren ondorioz Europar Batasunak emandako askotariko laguntzen parte dira Europako Elkartasun Kidegoaren proiektuak. Ekainean, Batzordeak Europar Batasunaren Elkartasun Funtseko 1.200 milioi euro proposatu zuen, funts horren kargura inoiz mobilizatu den zenbatekorik handiena, eta Italia da horren onuradun handiena.

 

2016ko abenduaren 7an abiarazi zenetik, 34.000 gaztetik gora atxiki zaizkio Europako Elkartasun Kidegoari. 2017ko martxoan hasi ziren gazteak eta erakundeak harremanetan jartzen. Orduz geroztik, 15.000 parte-hartzailerekin jarri dira harremanetan, eta 700 postu onartu da. Helburua da 2020ko amaieran 100.000 gaztek parte hartzea Kidegoan.

 

2017ko maiatzaren 30ean, Europako Batzordeak Europako Elkartasun Kidegoaren oinarriak finkatzeko proposamena aurkeztu zuen. Bertan, 341,5 milioi euroko aurrekontua jaso zen 2018-2020 urteetarako, eta berariazko oinarri juridikoa ere ezarri zen. Horrez gain, Batzordeak gazteentzako aukerak zabaltzea proposatu zuen. Boluntariotza, praktikaldiak eta enpleguak eskaintzeaz gain, etorkizunean Europako Elkartasun Kidegoak parte-hartzaileei aukera emango die haien elkartasun-proiektuak sortzeko edo boluntariotza-lanak taldean egiteko. Orain, indarrean jarri aurretik, Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak onartu beharko dute araudi-proposamena.

 

Informazio gehiago:

Informazio fitxa: Europar Batasunak Italiari emandako laguntza

Informazio-fitxa: Europako Elkartasun Kidegoa sustatzen

Erakundeentzako informazio-fitxa

INFORMAZIO OHARRA: Europako Elkartasun Kidegoari buruzko galderak eta erantzunak

INFORMAZIO OHARRA: Europako Elkartasun Kidegoa sustatzen: galderak eta erantzunak

Europako Elkartasun Kidegoaren Atariko inskripzio-orria

Europako Elkartasun Kidegoaren Facebookeko orria

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)