Eu

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek familia-harrera lehenesten dute egoitza-harreraren aldean

2017.eko abuztuak 11
  • Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen dekretu-proiektua jendaurrean eta herritarrek parte hartzeko jarri du
  • Ernesto Sainz Lanchares, Familiako eta Aniztasuneko zuzendaria:“iraupenaren inguruko modalitateek premiazko, aldi baterako edo familiako familia-harrera proposatzen dute”.

VG 11 08 17

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, egunotan, jendaurrean eta herritarrek parte hartzeko jarri du Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen dekretu-proiektua. Dekretu-proiektua hamabi kapitulutan egituratzen da, eta adingabearen interes nagusia eta egoitza-harreraren aurrean familia-harreraren neurria lehenestea ditu oinarri.

 

Ernesto Sainz Lanchares Eusko Jaurlaritzako Familiako eta Aniztasuneko zuzendariak esan bezala: “dekretuan jasotzen diren familia-harreraren modalitateek iraupenari dagokionez proposatzen dute premiazko familia-harrera, batez ere 6 urtetik beherakoentzat, gehienez 6 hilabetez; aldi baterako familia-harrera, gehienez 2 urtez; eta etengabeko familia-harrera, aldi baterako familia-harrerako 2 urteak bete ondoren egin daitekeena edo zuzenean, egoerak hala eskatuz gero, dekretuan aurreikusitako baldintzetan”.

 

“Adingabeak familia hartzailearekin duen lotura kontuan hartuta”, esan du Eusko Jaurlaritzako Familia zuzendariak, “familia-harrera aurreikusten da familia zabalean; familia-harrera inoren familian, aldi berean familia-harrera arrunta, espezializatua edo profesionalizatua izan daitekeena”.

 

Ernesto Sainz Lancharesen hitzetan, “kasu guztietan, familia hartzaileak eskakizunak bete beharko ditu eta dekretuan bertan hautaketarako ezartzen diren irizpideak gainditu. Familia-harrera espezializatuaren kasuan, besteren familiako kideetako batek, behintzat, kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa izan beharko du, alegia, osasun-arloko, gizarte- eta komunitate-arloko edo gizarte- eta hezkuntza-arloko diplomatura, lizentziatura edo gradua izan beharko du, eta esperientzia eduki beharko du, beharrizan edo egoera bereziak dituzten adingabeei zuzenduta baitaude".

 

Eskuragarritasuna

“Gainera, eskuragarritasun osoa behar du, eta, hori dela eta, dagokion konpentsazioa eta, hala badagokio, laguntza ekonomikoa, bai eta eskumena duen foru-erakundearen laguntza teknikoa ere, baina ez du inolaz ere ekarriko administrazioarekiko eta erakunde laguntzaileekiko lan-harremanik. Lan-harremanik egonez gero, familia-harrera profesionalizatuaren kasua izango litzateke”, esan du Ernesto Sainz Lancharesek.

 

Eusko Jaurlaritzako Familiako zuzendariak esan du, gainera, ”adingabearen interes nagusiaren printzipiotik abiatuta, dekretuaren beste ezaugarri bat dela entzunaldia ematea aurreikusten duela, bai eta prozesuaren fase guztietan parte izatea ere, betiere nahiko heldua bada eta hamabi urte baino gehiago baditu”.

 

Euskadin etorkizuneko familia-harreraren garapenerako proposamena, herritarren parte-hartzea izango duena, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundien arteko lanaren eta adostasunaren emaitza da; erakundeen esperientzia ere jasoko da. Ernesto Sainz Lancharesen hitzetan, “egoitza-harreraren aurrean familia-harrera lehenesteko ideia du abiapuntu; oinarri gisa ulertzen da adingabeak bere nortasuna egoki garatzeko familia-girorako beharra duela eta huts juridikoa betetzen duela; horrela, herritarrengan eragina duen arau orori eska dakiokeen segurtasun juridikoaren printzipioa indartzen da, bai eta autonomia-erkidego osoko herritar guztien berdintasun-printzipioa ere. Horrela, berme nagusiak ezartzen dira babesgabetasun-egoeran dauden adingabeentzat eta familia edo pertsona hartzaileentzat, bai eta guraso edo tutoreentzat ere, eta, oro har, adingabearen jatorrizko familiarentzat ere bai; betiere, adingabearen interes nagusia lehenetsi behar da”.

 

“Gainera –esan du Familiako zuzendariak–, familia-harrerek bete behar dituzten eskakizun eta baldintzak homogeneizatzeko ahalegina egiten du, bai eta foru-aldundiek pertsona hartzaileen egokitasuna balioesteko eta horiek hautatzeko prozeduran eta hartu den familia-harreraren neurria eratzean eta formalizatzean jarraitu beharreko jarduketa-urratsak ere”.

 

Pasa den uztailaren zazpian, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen dekretu-proiektua prestatzeko prozedura hasi zuen; Eusko Jaurlaritzaren webgunean argitaratu zen, herritarrek parte hartzeko fasea hasteko, sailburuak formalki onetsi beharko duen testua behin betiko idatzi aurretik.

 

Gaur egun arte, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea izan da lehen araudi erreferentea eta bakarra, globala, Euskal Autonomia Erkidegoan haurren arloan eta, bereziki, beren eskubide eta erantzukizunen arretan eta babesean. Lege-testu horrek familia-harrera babeserako ezarpen berritzat hartzen zuen.   Harrezkero, duela hamabi urte baino gehiago, egoitza-harreraren bidez babesteko neurriarekin gertatu ez bezala, familia-harreraren neurriak ez du araudi-garapenik izan.

 

“Hori dela eta, ezin zen hiru lurralde historikoetan batera eta paraleloan aurrera egin babes-eremu horretan, eta, ondorioz, huts juridikoa gertatu zen, foru-aldundiek garatu beharreko jarduketa eta faseak argitzeko beharrezkotzat jotzen diren irizpide, jarraibide eta prozedura-urratsak zehazteari eta ezartzeari dagokionez”, esan du Ernesto Sainzek.

 

Adostasuna

“Garrantzitsua da familia-harreraren neurria lehenestea egoitza-harreraren aldean. Hala lehenetsi behar da, adingabeak familia-giroa behar duelako bere nortasuna egoki garatzeko, eta, horretarako, erabateko adostasuna dago psikologiako eta pedagogiako eremuan profesionalen artean”, esan du Familiako zuzendariak. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan beharrezkotzat jotzen da “familia-harrera”ren araudia garatzea; izan ere, “egoitza-harrera”k badu, dagoeneko, bere araudi-garapena.

 

Eskumenen eremuan, Eusko Jaurlaritzari dagokio legegintzako ekimena eta erregelamenduzko ahalmena haurren eta nerabeen arloan, eta foru-aldundiei, beren eskumeneko lurralde-eremuan, babesgabetasun-egoera larrietan edo babesgabezia-egoeran dauden ume eta nerabeak babesteko aurreikusitako jarduketak betetzea; beraz, aldi berean, foru-aldundiek eskumena dute jarduketaren prozedura orokorra horietako bakoitzaren berezko antolamendura egokitzeko eta garatzeko, foru-autonomiaren printzipioa betetzeko.

 

Sainz Lancharesek esan du “dekretu berria Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundien adostasunaren ondorio dela, kontuan hartuta foru-aldundiek honako hauetan duten esperientzia garrantzitsua: familia-harrerarako (hartzaileak) beren burua eskaintzen duten pertsonen egokitasuna aztertzen eta balioesten, neurriak hartzen, egokientzat jotzen diren pertsona hartzaileak hautatzeko jarduketak egiten eta adingabearen interes nagusia aintzat hartuta egokientzat jotzen den familia-harreraren neurria formalizatzeko jarduketak egiten. Horren guztiaren ondorioa familia-harreraren arauketa oso xehatua da”.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @basquemployment
    2017.eko abuztuak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Gobierno Vasco y Diputaciones Forales priorizan el acogimiento familiar frente al residencial ➡ https://t.co/kpzAiqb6Ga

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak