Chimaltenango, Lima, San Juan de Lurigancho eta Lurioncho: euskal gazteen lankidetza aktiboa helmugako herrialdeetan
- Euskadiko 100 gaztek Asian, Afrikan eta Amerikan garapenerako eta jasangarritasunerako boluntariotza-lanetan pozik daudela jakinarazi dute
VG 10 08 18
Hamazortzi GKEk eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzak hautatutako euskal gazte kooperanteen taldeek, egunotan, Asian, Afrikan eta Amerikan garapenerako eta jasangarritasunerako boluntariotza-lanetan pozik daudela jakinarazi diete beren koordinatzaileei.
Begoña de Diegok eta Garazi Buenok jarduera gogorra ari dira egiten Chimaltenangon, mintegi batean, emakumeen ugalketa-aparatuaren anatomiari eta ziklo menstrualari buruzko nerabeentzako tailerretan eta Asogen elkarteko erabiltzaile helduentzako antisortzeari buruzkoetan.
Yasmina eta Ionek, Liman CENDIPPekin laguntzen ari diren bi kooperantek, zera adierazi dute: “oso pozik gaude eta nahiko egokituta; izan ere, elkartean lanean ari direnek oso ongi hartu gaituzte, eta asko ikasten ari gara”. Biek parte hartu dute El Agustino distrituaren urteurrenean eta zenbait ekitalditan Mujer de Huaycan-en etxean, genero-agendaren aurkezpenean; eta Amautan, sexu-orientazio desberdinak dituzten pertsonekin bazterkeria- eta indarkeria-egoerak prebenitzeko prestakuntza-tailer batean.
Unai Arberasek zera esan du: “ez dakite errutina zer den: nire ordutegia egokitu berri da eta, oro har, ganora gutxi dute, baina moldatu egiten zara. Oso ongi gaude. Hilabete daramagu, eta ikusten da mundu desberdina dela, beste kultura bat, bizitzeko eta gauzak sentitzeko beste modu bat, batez ere denborari dagokionez. Jende atsegina eta ona da. Nahiz eta hizkuntza bera hitz egin, batzuetan ez dugu elkar ulertzen. Bizitzako bitxikeriak”.
“Ongi etorria bikaina izan zen; horrek bizitza errazago egiten du. Giroa guk bizi ohi dugunaz oso bestelakoa da. Ez dago oro har guk ingurumenarekin dugun kontzientziazioa, eta, zenbait gauza harrigarri iruditzen bazaizkigu ere, ohitu egiten gara. Zenbait abentura izan ditugu, eta egunak oso biziak dira; izan ere, lanean eta lekuak ezagutzen ari gara une oro. Badirudi hilabete denbora gutxi dela, baina, nire aldetik, gauza asko daude kontatzeko”, esan du San Juan de Luriganchotik.
Arberas hezkuntza bereziko ikastetxe batean ari da lanean; bertan, eskulanak egiten dituzte. “Duela oso denbora gutxi herriko jaiak izan dira, eta hezkuntza erregularreko ume batzuk galaz jantzi ziren, oporraldien aurretik ospatzeko”. Estibalizek eta Oihanak esan dute “Chimoion primeran daudela”.
Mozambiken eta Filipinetan garapenerako lankidetza-lanak egiten dituzten euskal gazteen taldeek jarraitzen dute tokiko biztanleei laguntzeko lanak egiten, bereziki haur eta gazteei laguntzeko, eta beren esperientziaren lehen irudiak bidali dituzte. Hileotan, ehun pertsonak parte hartzen dute, munduko hainbat puntutan –Asia, Afrika, Hego eta Ipar Amerika–, Euskadiko hamar GGKEren garapenerako lankidetzako proiektuetan. Programa Eusko Jaurlaritzak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko Gazteria Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak sustatzen dute.