Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Itelazpik Aljeriako ordezkaritza baten bisita jaso du bere esperientzia ezagutzeko

2017-07-28

Telekomunikazioen eta IKTen sektoreko aljeriar ordezkaritza batek Bilbo bisitatu du Itelazpiren kudeaketa-eredua bertatik bertara ezagutzeko, eta baita UNIRED Espainiak islatzen duen koordinazio-formula ere ezagutzeko. Erakunde horrek Estatuko irrati eta telekomunikazioen sareko zazpi operadore publiko eta pribatu biltzen ditu.

Topaketa honen eragilea nazioarteko bitartekotzan aritzen den Global Approach espainiar enpresa izan da. Aljeriako ordezkaritzaren partaideak honako hauek izan dira: Mehdi Omarouayache jauna, Aljeriako IKT eta telekomunikazioen klusterraren Presidentea (Algeria Digital Cluster-ADC-), eta Ali Kahalne jauna, Aljeriako Operadore Alternatiboen Elkarteko Presidentea. Biak Juan José Baños jaunarekin bildu dira, Itelazpiko Zuzendari Nagusia eta UNIRED Espainiako Presidentea baita, eta Itelazpiko Zuzendari Tekniko Iñigo Pérez Ran jaunarekin ere. Global Approachen aldetik, berriz, haren Presidente Mario Rigau jauna eta Global Algerieko Zuzendari Nagusi Dirar Saber jauna azaldu dira.

ADC interes ekonomikoko talde bat da, Aljeriako Posta eta Telekomunikazioen Ministerioak sustatua, Industria eta Merkataritza ministerioen parte-hartze aktiboa ere baduena. Erakunde honek sektorean diharduten aljeriar enpresa nagusiak biltzen ditu, bai publikoak eta bai pribatuak, eta goi mailako rol estrategikoa jokatu behar du Aljeriako telekomunikazio eta IKTen garapenean.

Itelazpiren egoitzan egindako bileran garrantzi handiko gaiak jorratu dira, hala nola telekomunikazioen sektoreak bi herrialdeentzat duen balio estrategikoa, eta sarearen kudeaketaren eta sektorearen aurrerapen teknologikoaren alorrean egin litezkeen esperientzia-trukeak. Aljeriako ordezkariek agerian utzi dute hango agintaritzak, operadoreak eta enpresa publiko zein pribatuak egiten ari diren ahalegina, alegia, herrialdeko telekomunikazioen sarean bikaintasun-estrategia indartsu bat abiatzeko ahalegina, krisiak ezarritako mugak gorabehera; arrazoi horregatik, interes handia azaldu dute Itelazpiren esperientzia ezagutzeko, enpresa publiko arrakastatsua den aldetik.

Aljeriako ordezkaritzak Aljerian beste topaketa bat antolatzeko konpromisoa hartu du, 2017ko urriaren hasierarako, bai ekarpen gisa eta bai bi alderdiek truke eta lankidetzarako kanal iraunkorrak mantentzeko duten interesaren erakusgarri gisa; halaber, beste helburu bat da espainiar-aljeriar harremanek izan behar duten bultzada ekimen sektorialari helaraztea, bi herrialdeetako gobernuek aurtengo azken hiruhilekoan egingo duten goi bilerari begira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)