Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Eusko Jaurlaritzaren «Erronka Garbia» ekitaldi batek ekitaldi arduratsu onenaren EventoPlus brontzezko saria jaso du

2017.eko abuztuak 04

Herri eta hiri jasangarriei buruzko nazioarteko 8. biltzarrak brontzezko EventoPlus saria jaso zuen uztailaren 5ean, «Ekitaldi arduratsu onena» kategorian, urteko ekitaldi onenak eta sektoreko entzutetsuenak aintzatesten dituzten sari horien 12. edizioko galan. Nazioarteko biltzar hori Iraunkortasunerako Udal Gobernuen Nazioarteko Elkarteak (ICLEI) antolatu zuen, 2016ko apirilean, Eusko Jaurlaritzarekin, foru-aldundiekin eta hiru euskal hiriburuekin lankidetzan.

Ekitaldi horrek, Eventia enpresaren laguntza teknikoarekin, Europa osotik etorritako 800 pertsona inguru bildu zituen Bilbon, eta, bertan, ingurumen-izaerako neurri-sorta zabala ezarri zen; horien artean, honako hauek nabarmendu ziren: erakusketa-eremuaren eraikuntza, botatako materiala berrerabiliz egin baitzen; bertaratutakoei botila berrerabilgarriak ematea; menuak gertuko produktuekin egitea; beste egoitzetara autobusez eramatea, edo doako garraio-txartelak ematea hirian zehar mugitzeko. Neurri horiei eta uraren eta energiaren kontsumoa aurrezteko neurriei esker lortu zuen ekitaldiak «Erronka Garbia» ziurtagiria, ingurumenaren aldetik jasangarria dela adierazten duena.

 Ihobe sozietate publikoak sustatzen duen Erronka Garbia ziurtagiriak bermatzen du ingurumen-irizpideak baliatu direla dagokion ekitaldia diseinatu eta gauzatzean, ingurumenean ahalik eta inpaktu negatibo txikiena izateko. «Ingurumen-irizpideekin diseinatutako eta antolatutako ekitaldi bat aukera ezin hobea da tartean dauden enpresei eta bertaratutako pertsonei jasangarritasunaren onurak ikusarazteko», esan du Jesús Losadak, Ihobeko zuzendariak.

 Orain artean Erronka Garbia ziurtagiria lortu duten ekitaldietako batzuk honako hauek dira: Iberdrolako akziodunen batzar nagusiaren azken bi edizioak, Mundakako Musika Jaialdia, Ibilaldia, Euskalteleko akziodunen batzar nagusia, IVIren laguntza bidezko ugalketaren nazioarteko kongresua, Behobia-Donostia lasterketa, Kalitatearen Europako Astea, Bioterra azoka, Mutualiako akziodunen batzarra eta BBK Live.

 Ziurtagiria jasoko duten hurrengo ekitaldiei dagokienez, Basque Ecodesign Meeting 2017 nabarmentzen da, zeina irailaren 19an eta 20an izango den, Bilboko Euskalduna Jauregian. Basque Ecodesign Center osatzen duten enpresek eta klusterrek antolatuko dute ekitaldi hori, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin lankidetzan.  Horrez gain, ziurtagiria lortzeko prozesuan daude Euskadiko Egurraren Astea eta RED-U nazioarteko biltzarra, besteak beste.

Erronka Garbia ingurumen-ziurtagiriari buruzko informazio gehiago, Ihobe sozietate publikoaren web orrian

 

Iruzkin bat
  • @Ihobe_Eus
    2017.eko abuztuak 04

    Comentario de Twitter:
    @grupoeventoplus premia un #eventosostenible organizado por Gobierno Vasco #sostenibilidad #erronkagarbia https://t.co/2kHlUQ8zOJ

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak