Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Beatriz Artolazabalek Korres/Maeztun esku-hartze arkeologikoa egiten ari diren gazte boluntarioei bisita egin die

2017.eko abuztuak 03
  • Auzolandegia asfaltoen antzinako fabrikaren indusketan
  • 1858tik 1913ra arte, Estatuko lehen esplotazioa eta esplotazio handiena izan zen

03 08 17 Arraia-Maeztu

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak zorionak eman dizkio gaur goizean egunotan San Ildefonsoko edo Gustaldapako (Arabako Arraia-Maeztuko Korres udalerrian) asfaltoen fabrikaren esku-hartze arkeologikoko Auzolandegian boluntario-lanetan parte hartzen ari diren 18 eta 26 urte bitarteko hogei bat neska-mutilen taldeari. Anartz Gorrotxategi alkatearekin, Ander Añíbarro Gazteriako zuzendariarekin, Josean Galera eta Amaia Barredo foru-zuzendariarekin batera, Artolazabalek gazteen ekimena goraipatu du; izan ere, “jarrera solidario bikaina eta eskuzabala erakusten du, eta ekintzailetzan eta lanean beren balioetan eragin handia izango du, bai eta gure historiaren, kulturaren eta etnografiaren ezagutzan ere”.

 Maeztu/Korresko Auzolandegia pasa den uztailaren 31n hasi eta abuztuaren 14an amaituko da. Arraia-Maeztu udalerri zabalean dago, Mendialdean. Izkiko Parke Naturalaren erdigunean, mendiz eta harkaitzez inguratuta, Korresko nukleoa dago; bertan, San Ildefonsoko edo Gustaldapako asfaltoen fabrika dago; fabrikaren hasiera XIX. mende-hasierakoa da. 1858tik 1913ra arte, Estatuko lehen esplotazioa eta esplotazio handiena izan zen, meatze-esparrua eta asfaltozko lauzen eta xaflen fabrika; 8 eraikin zituen eta zenbait patio edo zirkulaziorako espazio irekiak.

 “Indusketa arkeologiko horretan, aurkitutako egiturak zaharberritze-tekniken bidez finkatuko dira. Horretarako, lanak zuzentzen dituen arkeologo baten laguntza dugu. Esparru horrekin, industria-esparruko zenbait espazio berreskuratuko ditugu, eta, seinaleen bidez, balioa emango diogu; seinale horiek fabrika bera eta berreskuratu dena azalduko dute”, azaldu dio Ander Añibarrok Artolazabal sailburuari.

 Fabrikako eraikinen egungo egoera honako hau da: hormak eraitsita eta erdi estalita daude, landare- eta baso-errezel trinkoarekin, eremu gehiena hartu baitu. Honako ekintza hauek egiten ari dira indusketa arkeologikoan: 1-2 gela handitako hondakinak kendu (30m2 inguru) eta beharrezko datuak jaso; aurkitu diren egiturak finkatu. Zaharberritzeko tekniken bidez (igeltserotza), lurzoruak estali dira, kontserbatzeko, eta kartel bat fabrikatu da, esparruaren sarreran jartzeko, bisitan oharrak emateko, azaltzeko eta laguntzeko.

 Animazioa

Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaritzaren animazio-taldeak jarduera batzuk proposatu zituen, auzolandegian parte hartzen duten pertsona guztien eta auzolandegia hartzen duen erkidegoaren arteko harremanari bide emateko, lanen ingurunea hobeto ezagutzeko, eta Euskal Herriko kultura eta ohiturak hurbiletik ezagutzeko. Egun horietan, arratsaldeetan, 20 gazte parte-hartzaileek ibilaldiak egingo dituzte, kultura-bisitak, kirol- eta jolas-jarduerak.

 Udako auzolandegia asfaltoen fabrikan egingo da, Maeztutik 5 km-tara, eta bertan parte hartzen dutenek Maeztuko ikastetxe publikoaren instalazioetan hartuko dute ostatu. Instalazio horietan, lo egiteko lekua, erabilera anitzeko areto bat –jolas-jarduerak egiteko–, materiala gordetzeko biltegia, sukaldea eta jangela, komunak eta dutxak izango dituzte –azken horiek kirol-eraikinean–. Gazte boluntario bakoitzak istripu-asegurua eta gizarte-erantzukizuneko asegurua izango ditu.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EnpleguGizaEJGV
    2017.eko abuztuak 04

    Comentario de Twitter:
    #voluntariado #juventud https://t.co/jpGjIBgLr0 Jóvenes de Euskadi, Aragón y Madrid recuperan antigua factoria de… https://t.co/AkGQpoL7CU

Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Anartz Gorrotxategi, Amaia Barredo, Raul Leorza, Nestor Arana