Eu

Amaitu du AZTIk Bizkaiko Golkoan hegalaburraren ugaritasun-indizea jakiteko BFT Index kanpaina

2017.eko uztailak 28

• Zunda zientifikoak erabili dituzte ikertzaileek hegalaburraren ugaritasun-indizea aztertzeko.

• Emaitza onak ari dira ekartzen teknika horiek, zeinak 2003az geroztik ari baitira erabiltzen antxoa gaztearen biomasa aztertzeko; hegalaburraren biomasarako, berriz, 2015etik.

• Hobera egin du hegalaburraren stockak, 2008an ICCATek hobetze-plan bat martxan jarri zuenetik.

BFT Index kanpaina egin du AZTIk uztailaren 4tik 14ra bitartean, Bizkaiko Golkoko hegalaburraren ugaritasun-indizea jakiteko. Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak finantzatu du kanpaina, zeina Hondarribiko Txingudi kanaberadun atunontzian egin baita.

Hobera egin du hegalaburraren stockak, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) arrain horren biomasa areagotzeko 2008an abiarazitako kanpainari esker. Ozeano Atlantikoko eta inguruko itsasoetako tunidoen eta antzeko espezieen kontserbazioaz arduratzen den gobernu arteko erakundea da ICCAT. Gehiegizko ustiaketa jasan zuen hegalaburrak 1990etik 2008ra, presio handia egin baitzion arrantza-sektoreak, batez ere Mediterraneoko inguraketa-flotak.

Stocka aztertzeko, adierazle fidagarriak behar dira, hegalaburraren elikaguneetan arrain horren zer kantitate dagoen zehazki erakuts dezaten. Alborapena eragin dezake stockaren ebaluazioan aparailu tradizional baten bidez egiten den hegalaburraren arrantzak, gure baxurako flotaren beita biziko arrantzak alegia.

Bizkaiko Golkoko elikaguneetan, ordea, zunda zientifikoen bidez jasotzen dira arrantza-adierazleak, eta, horri esker, saihestu egiten da alborapena. Emaitza onak ari dira ekartzen teknika horiek, zeinak 2003az geroztik ari baitira erabiltzen antxoa gaztearen biomasa aztertzeko; hegalaburraren biomasarako, berriz, 2015etik. Kanpaina hori luzatu eta bost urteko serie bat osatzean, ugaritasun-indize baliagarria edukiko dugu ekialdeko Atlantikoko eta Mediterraneoko hegalaburraren stocka aztertzeko.

Baxurako flotaren laguntza izan du beti AZTIk baliabide horren azterketa egiteko, eta BFT Index kanpaina dugu zientziaren eta arrantza-industriaren arteko elkarlan garrantzitsu horren beste adibide bat.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak