
Lehendakariak Amorebieta-Etxanoko osasun zentroa bisitatu du, eta Osakidetzako lehen mailako arretako profesionalek osasun arazoak ebazteko duten gaitasun handia eta prestakuntza nabarmendu ditu
- Zentroak zerbitzua eskaintzen die 33.000 biztanleri, eta irailaren 5ean bere lehen urteurrena ospatuko du. Urteurrena dela-eta, gaur goizean, Iñigo Urkullu Lehendakaria zentroko profesionalekin batzartu da.
- Amorebieta-Etxanoko Osasun Zentroa zabaldu zutenetik, lehen mailako arretan, arloka, 90.000 kontsultatik gora artatu dira familiako medikuntzan, eta 77.600 kontsulta, berriz, erizaintzan. Horiez gain, 2.400 kontsulta inguru izan dira Ginekologian, eta 885, berriz, Errehabilitazioan.
- Bisitaldian, Lehendakariak Osakidetzako lehen mailako arretako taldeek egunero egiten duten lana eskertu du. Horrez gain, langile horiek gure osasun sistemaren alderik garrantzitsutzat jo ditu, horien irisgarritasuna, prestakuntza eta ebazteko duten maila handia dela-eta.
Iñigo Urkullu Lehendariak, Jon Darpon Osasun Sailburuak lagunduta, Amorebieta-Etxanoko Osasun Zentroa bisitatu du gaur goizean. Zentroak urtebete egingo du gaur egun dagoen tokian kokatuta. Osasun Zentroak zerbitzua eskaintzen die 33.000 pertsonari; lehen mailako arretan herriko 19.400 pertsona artatzen ditu, eta, horiez gain, Arratiako Bailarako 13.600 herritarrak ere artatzen ditu zentroko Etengabeko Arretako Gunean.
Bisita egin ondoren, Lehendakaria zentroko langileekin batzartu da euren iritziak eta kezkak bertatik bertara entzuteko. Bestalde, osasun zentroko 45 langileek egunero egiten duten lana nabarmendu du eta hauxe azpimarratu du: “lehen mailako arreta gure osasun sistemaren alderik garrantzitsuena da”, eta “langileen irisgarritasunari eta prestakuntzari esker, lehen mailako arretak osasun arazoak azkar ebazteko gaitasun handia du, hortaz, pertsonen osasun arazo gehienak ebaztea lortzen du. Horrek gizarteak Osakidetzan sinistea eragiten du”.
Era berean, lan-bileran, Lehendakariak berresteko aukera izan du diziplina anitzeko lantaldeak egindako lana herritarren osasun beharrei erantzuna emateko nahitaezkoa dela. Lehendakariak nabarmendu du “komunitatearen parte-hartzea eta koordinazio soziosanitarioa lehen mailako arretako langileen ekarpen handiak direla pazientearen arretari begira”.
Alde horretatik, Iñigo Urkulluk Lehendakariak lehen mailako arretako langileen lan handia goraipatu eta eskertu du, eta hauxe gogorarazi die: “zuok, familiako mediku, pediatra, erizain, eta abarrok zarete pertsona jaiotzen denetik bizitzaren amaierara arte laguntzen duzuenok. Horrez gain, pertsona horiek baloratzen dituzue, eta ikuspegi integral batetik artatzen dituzue, eta hori guztia dela eta, zuon lana merezi duen tokian kokatu behar dugu, eta lehen mailako arretari beharrezko baliabideak eman behar dizkiogu”.
Amorebieta-Etxanoko Osasun Zentrora egindako bisitaldian, Lehendakariak eta Osasun Sailburuak bertatik bertara ezagutu dituzte instalazio berriak. Instalazio berri horiek osasun arreta eta Osakidetzaren irisgarritasuna hobetu dituzte inguruan. Estreinatu berria den osasun zentroa zabalagoa, funtzionalagoa eta eraginkorragoa da, eta bere 4.000 metroetan ekipamendu berria instalatu da. Horri esker zentroan egiten diren kontsultak eta probak ere hobetu dira.
Amorebieta-Etxanoko Osasun Zentroak guztira helduentzako 11 mediku-kontsulta eta 12 erizaintza-kontsulta ditu; pediatriako 3 mediku-kontsulta eta 2 erizaintza-kontsulta; edoskitze-gela, Emakumeari arreta eremua; Errehabilitaziorako gimnasioa eta Etengabeko Arreta Gunea.
Jardueraren datuak
Osasun Zentroak 2016ko irailaren 5ean ateak zabaldu zituen ateak, eta ordutik hona arlo guztietan 171.000 kontsultatik gora artatu ditu. Horietatik, helduentzako lehen mailako arretan, 75.785 kontsulta izan dira familiako medikuntzakoak, eta 69.684, berriz, erizaintzakoak. Eguneroko jardueraren baitan nabarmendu behar dira zentroan egindako kirurgia txikiko 950 interbentzioak; larruazaleko lesio onberen esku-hartze txikiak, krioterapia edo infiltrazioak, besteak beste.
Gainera, Osasun Zentroan udalerriko 2.700 haur inguru artatzen dira, eta gaur egun arte, 14.724 kontsulta artatu dira pediatrian. Era berean, zentro berriak badu Emakumeari arreta egiteko eremua ere. Ginekologian izan diren 2.392 kontsultez gain, badira emaginen kontsultak, 8.000 kontsulta inguru izan dituztena, baita ama hezkuntzarako gimnasioa eta erditu osteko errekuperazioa ere.
Berritasun moduan, zentroa inauguratu zutenean, abian jarri ziren kontsultak eta errehabilitazioko gimnasioa, eta horrek herritarrek Galdakaora joan behar ez izatea ekarri du, etxera hurbildu baitzaie arreta hori. Jarduera izan den 10 hilabeteotan, zerbitzu horretan 885 kontsulta eta 7.622 errehabilitazio-tratamendu erregistratu dira.
Bestalde, Amorebieta-Etxano zein Arratiako Bailarako herritarrei arreta ematen dien Etengabeko Arreta Gunean (astelehenetik ostiralera, 17:00-08:00h, eta larunbat, igande eta jaiegunetan 24 orduz), zabaldu zenetik 27.340 larrialdi artatu dira
-
2017-07-27
Comentario de Twitter:
@urkulluLHK #Amorebieta-Etxanoko osasun zentro berria bisitatu du gaur. Zentroak urtebete egingo du irailean https://t.co/Q2UjyKQE2d