Berriak Osasuna
Eu

Osasun sailak 2,6 milioi euro zuzendu ditu adikzioen arloan zenbait jardun aurrera eramateko laguntzetarako (Gobernu Bilera 2017-07-26)

2017.eko uztailak 26

Gobernu Kontseiluak agindu bat onartu du gaur. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurten 2.618.400 euro zuzentzen ditu EAEn lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko tokiko entitateei eta erakundeei zuzenduta, adikzioen arloan gizarte-prebentzioko programak aurrera eramateko eta arriskuak eta kalteak prebenitu eta murrizteko proiektuak egiteko. Era berean, adikzioen inguruko toki-erakundeetako gizarte-prebentzioko talde teknikoak mantentzera zuzenduko dira laguntzak. 

Toki-esparruan eta osasungintzakoaz bestelako sektoreetatik gauzatzen diren jardunetan osasuna sustatzeko helburuarekin deitu ditu Osasun Sailak laguntza horiek. Horien xedea da 2017-2021 aldirako Adikzoei buruzko EAEko VII. Planeko jardun-ildoetan hoberen ezarritako programa eta proiektuei eustea. Plan hori berriki onartu du Eusko Jaurlaritzak. Gainera, beste helburu bat da adikzioen inguruko premia berriak ezagutzera ematea eta horiei erantzuteko proiektu berriei laguntzea, baita programak eta proiektuak hobetzea ere. 

Diru-laguntza horiek dira adikzioen inguruan EAEn gauzatzen den zereginaren bermeetako bat. Horretan, funtsezkoa da erakunde arteko lankidetza eta hirugarren sektorearekiko eta kolektiboekiko elkarlana. 

Hala, Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak eutsi egiten die adikzioen fenomenoari gizarte-esparrutik heltzeko eta erantzuteko konpromisoari, Adikzioei buruzko EAEko VII. Planaren arabera. Hain zuzen, berori da adikzioen arloan EAEn gauzatzen diren estrategia eta esku-hartze guztiak planifikatu, ordenatu eta koordinatzeko tresna, 2013-2020 Osasun Planarekin batera. Horren lehentasunezko xedea da bizimodu osasungarriekin lotutako prebentzio- eta sustapen-ekintzak abian jartzea (sektore arteko lankidetzaren eta tokiko eta gizarteko lanaren bidez); oso bereziki kontuan izanda tabakoaren, alkoholaren eta bestelako substantzien presentzia eta eskaintza murriztera zuzendutako ekintzak. 

Zehazki, diru-laguntza hiru ildotan banakatzen da, honela, hain zuzen:

ü  Adikzioen gizarte-prebentziorako talde teknikoak sortu eta eustea: 1.174.135 euro.

ü  Abian jartzea adikzioen gizarte-prebentziorako programak, jardun-esparru horretan jokabide osasungarriak sustatzeko tokiko planei atxikitakoak: 561.765 euro.

ü  Adikzioen esparruan jokabide osasungarriak sustatzeko eta arriskuak eta kalteak murrizteko proiektuak gauzatzea: 882.500 euro. 

Laguntza horiek emateko baldintzak arautzen dituen Agindua abuztuaren 28an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA). Eskabideak aurkezteko epea abuztuaren 28an hasiko da eta hilabetekoa izango da, data horretatik hasita.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko