Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak elkar ulertzeko memorandum bat izenpetu du Estatu Iberoamerikarren Erakundearekin hezkuntza, zientzia eta kulturarako

2017.eko uztailak 27
  • Gaur goizean sinatu dute akordioa Iñigo Urkullu lehendakariak eta OEIko idazkari nagusi Paulo Spellerrek

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Paulo Speller Estatu Iberioamerikarren Erakundearen (OEI) idazkari nagusiak memorandum bat izenpetu dute gaur goizean Lehendakaritzan. Akordio horrek aukera emango du bi aldeen arteko elkarlana sendotzeko hezkuntza, zientzia, berrikuntza eta kulturako gaietan. Komunitate iberoamerikarrek eta dagozkien erakunde desberdinek, horien artean OEIk, izandako harremanen eta elkarlanaren emaitza da akordio hori.

Memoranduma izenpetu ondoren, Lehendakariak azpimarratu du Estatu Iberoamerikarren Erakundeak esperientzia duela gatazka ondoko egoeratan adiskidetzea bultzatzen eta 23 herrialdek osatutako erakunde horrek lan garrantzitsua burutzen duela garapen integralerako, demokraziarako eta gizarteratzerako. “Nazioarteko erakunde horrek ere parte hartzen du indarkeria egoerak bakerantz bideratzeko ahaleginean, eta horretan hezkuntza oinarrizkoak zein profesionalak ezinbesteko zeregina du”, esan du.

Memorandumak agerian uzten du hezkuntzak, kulturak, zientziak, bakeak eta giza eskubideek duten balioa gizakiaren garapen integralean, baita pertsonen bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako politiken alde lan egitearen garrantzia ere.

Bai Eusko Jaurlaritzak bai OEIk beharrezkotzat jotzen dute ezagutza, ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren inguruan egituratutako goi-mailako hezkuntza sustatzea, giza eskubideen ikuspegia barnean hartzen duen bakerako hezkuntzarekin eta kulturarekin batera.

Gainera, bi aldeen iritziz, agertoki global batean eraikitzen da gizarte ororen etorkizuna, munduan eta nazioarteko hedadura duten dinamika, instituzional, politiko, ekonomiko eta sozial berrietan integratuz. Hala, ezagutza-gune partekatuak eraikitzearen alde agertzen dira eta, beraz, elkarrekin aurrera egin eta sendotzekoak.

Lan-eremuak

Gaur sinatutako memorandumak aukera emango du euskal Exekutiboaren eta OEIren arteko elkarlana sendotzeko, hezkuntzaren, zientziaren eta berrikuntzaren, kulturaren eta giza eskubideetarako hezkuntzaren arloetan.

Bereziki, mugikortasun akademikoko programetan parte hartzeko eta lanbide-heziketa bezalako eremuetan sakontzeko aukerak aztertuko dira, eta esperientzien eta jardun egokien trukea bultzatuko da hezkuntzari eta prestakuntzari dagokienez, giza eskubideetan, demokrazian eta balioetan, eta bake-kulturan.

Gainera, lankidetza bultzatuko da zientziaren eta berrikuntzaren arloetan, eta garapen zientifiko/teknikoaren inplikazioak ikuspegi sozial batetik aztertuko dira.

Bestalde, eta komunitate latinoamerikarra eta euskalduna beti elkartu izan dituzten lotura historikoak, kulturalak, sozialak eta enpresarialak kontuan hartuta, kulturaren arloko politikak –industria sortzaileak eta kulturalak, eta kirola, besteak beste– partekatzearen alde lan egingo dute.

Memoranduma izenpetu ondoren, Paulo Speller Lehendakaritzan bildu da Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin eta, geroago, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan bildu da Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin, sail horietako arduradunekin batera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Paulo Speller