Eu

Gobernuak handitu egin du seme-alabak dituzten familiei laguntzeko gastua, 27,5 milioitik 30,7ra (Gobernu Bilera 2017-07-26)

2017.eko uztailak 26

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, gaur, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko programa finantzatzeko martxoan onetsi zuen 27,57 milioi euroko partida zabaltzea onetsi du. Kopuru hori, azkenean, 30.764.314,00 eurokoa izango da ekitaldi honetan –handitu ondoren–; beraz, horrek agerian uzten du Gobernuak euskal familiei babesa eta laguntza ematen jarraitzeko duen borondate irmoa. 

Programak hiru jarduketa-ildo ditu: kargura dagoen seme-alaba bakoitzeko laguntza ekonomikoak, erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntza ekonomikoak eta nazioarteko adopzioagatiko laguntza ekonomikoak. 

Aurrekontu-zuzkidura eguneratzean, laguntzen programak ez du edukian aldaketarik izan, alegia, jarraitzen du hiru jarduketa-ildo berak izaten: kargura dagoen seme-alaba bakoitzeko laguntza ekonomikoak, erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntza ekonomikoak eta nazioarteko adopzioagatiko laguntza ekonomikoak. 

Kargura dagoen seme edo alaba bakoitzeko laguntzak 400, 500 edo 900 euro dira, familia-unitatearen errenta estandarizatuaren arabera. Zenbateko horiek bikoiztu egingo dira, baldin eta laguntzaren helburu den semeak edo alabak % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendekotasun-egoera aitortuta badu. Laguntzaren helburu den semeak edo alabak familia-unitatean duen lekuaren araberakoa izango da.

Horrela, lehen semeagatik edo alabagatik ordainketa bakarra jasoko da; bigarren semeagatik edo alabagatik, ordainketa bakarra egingo da, jaiotzen den urtean eta beste bat, urtebete betetzean. Hirugarren umeagatik edo gainerakoengatik, ordainketa bat egingo da jaiotzen den urtean, eta beste bat urtebete, bi, hiru, lau, bost eta sei urte betetzen dituenean. 

Erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntzak ordainketa bakarrean egingo dira, eta zenbatekoa aldi berean jaiotako edo adoptatutako umeen araberakoa izango da, bai eta familia-unitatearen errenta estandarizatuaren araberakoa ere. Nazioarteko adopzio anizkoitzaren antzekoak dira adopzio aurreko bizikidetzarako zaintzaren ordezkaritza eta, aldi berean eta prozedura bakarrean, adingabe birengan edo gehiagorengan eragiten duen tutoretza. 

Azkenik, nazioarteko adopzio sinpleagatiko edo anizkoitzagatiko laguntzak ordainketa bakarrean emango dira, eta horien zenbatekoa aldi berean adoptatutako umeen araberakoa eta familia-unitatearen errenta estandarizatuaren araberakoa izango da.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EnpleguGizaEJGV
    2017.eko uztailak 26

    Comentario de Twitter:
    👨‍👨‍👧‍👦 Elevado el gasto para ayudar a las familias con hijos e hijas de 27,5 a 30,7 millones ➡ https://t.co/cFEo2SfrTU

Komunikabideek behera kargatzeko