Berriak Hezkuntza
Eu

11, 7 milioi hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko laguntzatan (Gobernu Bilera 2017-07-26)

2017.eko uztailak 26

 Gobernu Kontseiluak Hezkuntza sailburuaren agindu bat onetsi du. Agindu horren bidez, hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleak eskolaratzen dituzten itunpeko ikastetxeei, 2017-2018 ikasturterako hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko beharra dutenei, laguntzak emateko deialdia egiten da. 

Deialdi horien helburua, 11.704.788 eurokoa, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak integratzeko programa gehiago garatzea da; horretarako, itunpeko ikastetxeei hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko laguntzak emango zaizkie. Hezkuntza-laguntzako espezialistek ezgaitasun fisiko, psikiko edo jokabide-nahasmendu larria duten ikasleen jarduera-planetan parte hartzen dute, autonomiarekin, eta ingurunerako nahiz eskola-curriculumerako irisgarritasunarekin zerikusia duten premietan esku hartuz.  

Diru-laguntza hauek jasotzeko eskubidea Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxe pribatuen titularrek izango dute, baldin eta eskaera aurkezteko unean itunpekoak badira; betiere, Berritzeguneko aholkularien iritziz hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak dauzkaten ikastetxeak izango dira, ikasle horiek normal integratzea eta eskolako jardueretan eskola-orduen barruan parte hartzea errazteko laguntzaileen beharra dutenak. 

Hezkuntza Sailak bere gain hartu du elbarritasunari edo portaeraren arazo larriei lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen inklusioaren aldeko konpromisoa. Helbidetik hurbil dagoen hezkuntza-ingurune batean egoteko eta, batez ere, parte hartzeko elbarritasun fisikoa, psikikoa eta sentsoriala edo portaeraren arazo larria duten haur edo gazteen eskubidea bermatzeko, ezinbestekoa da ikastetxeek profesional espezializatuak izatea, ikasle elbarrituen autonomiari eta irisgarritasunari lotutako premiak direla-eta egin beharreko esku-hartzean espezializatutako laguntza-pertsonala, besteak beste.

Itunpeko ikastetxeetan ikasi eta parte hartzeko oztopoak kendu ahal izateko bitartekoak jarri nahi ditu deialdi honek. Horrela, kalitateko hezkuntza-erantzun egokia, haien premiei egokitua eta ohiko ingurunean, bermatu ahal izango zaie elbarritasun psikiko edo nahaste autista batengatik autonomiarekin mugitzeko muga inportanteak dituzten ikasleei, gurpil-aulkia erabili edo ez; hitz batean, maila pertsonalean edo sozialean autonomoa izateko elbarritasun edo zailtasunak dituen ikasle orori.

2017-2018 ikasurtean, hezkuntza-laguntzako 1.113 espezialista izango dira lanean Euskadiko ikastetxeetan, 593 ikastetxe publikoetan eta 520 itunpekoetan. Orotara, 2.765 ikasle edukiko dute euren ardurapean. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko