Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak erregistratutako arau-hauste penalek % 0,87 egin dute behera 2017ko lehenengo seihilekoan

2017.eko uztailak 21

13.569 pertsona eraman dira epailearen aurrera, 2016an baino % 3,1 gehiago

2017ko lehenengo sei hilabeteetan Ertzaintzak erregistratutako delituek ia puntu bat egin dute behera aurreko urteko aldi berarekin alderatuta.  Bilakaera positiboa da ia delitu nagusi guztietan, Europar Batasunak, gizartean sortzen duten alarma dela eta, “estrategikotzat” jotako guztiak barne direla (homizidioak, etxebizitzetako lapurretak, indarra erabiliz egindako lapurretak, ibilgailuen lapurretak eta droga-trafikoa), eta apur bat gora egin dute, aldiz, besteak beste lesioekin edo sexu-erasoekin erlazionatutako arau-hausteek. Delituek behera egin duten arren, epailearen aurrera eramandako ustezko delitugileen kopuruak % 3,1 egin du gora.

Ertzaintzak guztira 39.595 arau-hauste penal erregistratu eta ikertu ditu 2017ko lehenengo seihilekoan, hain zuzen ere, 2016ko aldi berean baino % 0,87 gutxiago (39.944). Tasatan adierazita, 1.000 biztanleko delituen tasa 18,08koa da aurten, eta 2016an 18,24koa izan zen; adierazi behar da azken 4 urteotako zifrarik baxuena dela.

Emaitza hori erabat da positiboa; izan ere, seihilekoko emaitza ona izateaz gainera, zuzendu egin da lehenengo hiruhilekoan emandako atzerapausoa, 212 delitu gehiago izan baitziren.

Beheraldirik nabarmenena delitu larrienetan, homizidio burutuetan, izan da, eta 2016an 4 izan ziren eta aurten, berriz, 2.  Bi kasuak argitu ditu eta ustezko egileak epailearen aurrera eraman ditu Ertzaintzak. Bi homizidioak urtarrilean gertatu ziren. Lehenengoa hilaren 10ean Portugaleteko (Bizkaia) etxebizitza batean gertatu zen, gizonezko batek 92 urteko ama labanaz hil zuenean; bigarrena hilaren 26an Andoainen (Gipuzkoa), gizonezko batek hutsik zegoen higiezin bati su eman ondoren barruan zegoen beste gizonezko bat hil zuenean.

Lesioek, aldiz, gora egin dute seihileko honetan, eta 2.565etik 3.048ra pasatu dira (% +18,83), “familia barruko tratu txarrak” esaten direnak barne direla; horiek dira gora gehien egin dutenak. Lesiorik eragin ez duten “familiaren esparruko ohiko tratu txarren” kasuek behera egin dute (% -9,55). Sexu-askatasunaren kontrako arau-hausteek, aldiz, gora egin dute, eta 2016ko lehenengo seihilekoan 170 arau-hauste izatetik aurtengo aldi berean 218 izatera pasatu dira.

Ondarearen aurkako delituak delituzko arau-hausteen hiru laurdena dira, eta iaz hasitako beheranzko joeran jarraitzen dute: 30.336tik 29.176ra (% -3,82) jaitsi dira. Adierazgarria da etxebizitzetan indarra erabiliz egindako lapurretetan izandako beheraldia (% -18,74), eta etxebizitzetako lapurretetan nahiz trasteleku, eranskin eta garajeetan izan da beherakada hori.  

Etxebizitzetako lapurreten beherakada hori hiru lurralde historikoetan gertatu da: Gipuzkoan % 26,33 egin dute behera, 843 kasutatik 621era; Bizkaian % 14,56 egin dute behera, hain zuzen ere, 1.113 kasutatik 951ra; eta Araban beherakada % 8,94koa izan da, eta 179tik 163ra jaitsi dira.

Indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretek ere behera egin dute (% -16,63), eta motordun ibilgailuen lapurretek ere bai –lehenengo aldiz azken hamar urteotan– (% -28,93). Iruzurrak (% +3,66) atal berezia dira gizarte-sareen gorakadarekin lotuta daudenez, eta azken urteotako hazkunde ikaragarria kontrolatzen hasita dagoela dirudi.

Droga-trafikoarekin lotutako arau-hausteen bilakaera ere positiboa da (% -8,22), eta “ordena publikoaren aurkako” arau-hausteena ere bai; epigrafe honetan ia desagertu egin dira “terrorismo” motaren batekin lotutako nahasmenduak, eta beste era batekoak bakarrik izan dira (borrokak, mehatxuak…).

Esparru geografikoa

Lurralde historikoen arabera, beherakada ia orokorra dela esan daiteke: behera egin dute zifrek Araban (% -3,80) eta Gipuzkoan (% -2,06) eta Bizkaian, berriz, apur bat gora (% +0,40). 50.000 biztanletik gorako udalerriak kontuan hartuta, behera egin dute Gasteizen (% -7,86), Barakaldon (% -9,58) eta Irunen (% -1,51) eta gora, aldiz, Bilbon (% +5,56), Donostian (% +1,03 ) eta Getxon (% +4,76).

Atxiloketak eta ikerketak

Nahiz eta delinkuentziak orokorrean beheranzko joeran jarraitzen duen Euskadin azken urteotan, ustezko delitugileak epailearen aurrera eramanda amaitu diren Ertzaintzaren ikerketek gora egin dute ekitaldiz ekitaldi. Alde horretatik, lehenengo seihilekoan guztira 13.569 pertsona agertu dira epailearen aurrera arau-hauste penalen baten kontu emateko.  Zifra hori 2016ko aldi berekoa baino % 3,1 gehiago da, iazko aldi berean 13.154 pertsonari jarri baitzitzaien salaketa penala.

Batez ere nabarmentzen dira pertsonekin, pertsonen bizitzarekin eta osotasunarekin zerikusia dutelako bereziki larriak diren delituengatik, hau da, homizidio mota ezberdinen, lesioen eta sexu-askatasunaren aurkako delituen ondorioz, atxilotu eta ikertu diren pertsonen kasuak, delitu horietan egin baitute gora gehien erruztatzeek.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2017.eko uztailak 21

    Comentario de Twitter:
    Las infracciones penales registradas por la Ertzaintza descienden un 0,87 % durante el primer semestre de 2017... https://t.co/1lvx8Z0fti

Komunikabideek behera kargatzeko