Eu

Erkoreka: "Eusko Jaurlaritza edozein aukeraz baliatuko da egiteko dauden transferentziak Estatuari eskatzeko"

2017.eko uztailak 19

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua elkarrizketatu dute Euskadi Irratian

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak ziurtatu duenez euskal Exekutiboa “edozein aukeraz baliatuko da” egiteko dauden Gernikako Estatutuko transferentziak Espainiako Estatuari eskatzeko. Horrela dago jasota bere Gobernu-programan baita PSErekiko koalizio-akordioan ere. Beraz, Madrilen zabaldu den agertoki berria, PPk gehiengo absolutua galduta eta akordioak lortzeko jarrera irekiagoarekin itxuraz, ekintzetan antzemangarri izatea espero du. “Ez da izango ahaleginik egin ez dugulako, gero ikusiko dugu halakoa ote den sintonia berri hori Madrilen”, ziurtatu du Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean. 

Gaur arratsaldean bertan berretsiko dute Madrilen Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek Kupoaren akordioa, hauteskundeetako konpromiso bat, alegia, eta Gobernu-programan ere lehentasuntzat adierazia, Gernikako Estatutuan jasotako eta oraindik transferitzeko dauden eskumenak bezala. Euskal Exekutiboak ez du aukera bakar bat galdu nahi eskumen horiek Estatuari eskatzeko. Horrela ziurtatu du Erkorekak, eta aurreratu du Gobernuak PSOEko idazkari nagusi Pedro Sánchezi helaraziko diola euskal agenda, Iñigo Urkullu Lehendakariarekin bihar Gasteizen izango duen bileran. “Konpromiso horietako asko aurrera atera ahal izateko Alderdi Sozialista Estatuan lagungarri izan daitekeela uste dugu”, adierazi du.

Kataluniako prozesu independentistari buruz galdetuta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu duenez, “lehenago edo geroago” beharrezkoa izango da elkarrizketaz baliatzea izaera politikoa duen arazo bati konponbidea emateko. Erkorekak bere gaitzespena adierazi du prozesu horren judizializazioaren eta eraso-estrategiaren aurrean. 

Presoen EPPK kolektiboak argitaratutako txostenari buruz, espetxe-onurei indibidualki heltzeko, Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez berri positibo bat da baina “pauso zehatzak” emateko eskatzen du, komunikatuetatik eta adierazpenetatik harago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)