Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak, unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroen elkarteek ekintzailetza eta lan-eremurako trantsizioa sustatuko dituzte

2017.eko uztailak 19
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Bi programa martxan jartzea sustatuko dute; horietara, urtean, lau milioi euro bideratuko dituzte
  • 1.500 ikasle gaztek edo tituludunek, urtero, lan-munduan lehen aldiz sartu ahalko dira
  • Esparru-akordioaren bidez, halaber, 150 proiektu ekintzaile sortzen lagunduko da

 Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko hiru unibertsitateek, lanbide-heziketako zentro publikoen elkarteek eta HETEL gizarte-ekimeneko lanbide-heziketako zentro pribatu-itunduen elkarteak, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan dela, gaur, esparru-akordioa sinatu dute, hezkuntza-eremutik lan-eremurako trantsizioa eta ikasle eta tituludunen artean ekintzailetza sustatzeko. Horretarako, bi programa diseinatu dira: “Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa” eta "Gazteen ekintzailetza”.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua bertan izan direla, gaur goizean, akordioa sinatu du, Lehendakaritzan,, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearekin, José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorearekin, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearekin, Pedro Ibáñez IKASLAN Araba - Arabako Lanbide Heziketako Zentro Publikoen Elkarteko presidentearekin, Agustín Campo IKASLAN Bizkaia - Bizkaiko Lanbide Heziketako Zentro Publikoen Elkarteko presidentearekin, Iosune Irazabal IKASLAN Gipuzkoa - Gipuzkoako Lanbide Heziketako Zentro Publikoen Elkarteko presidentearekin, eta Julen Elgeta HETEL gizarte-ekimeneko lanbide-heziketako zentro pribatu-itunduen elkarteko presidentearekin.

Lehendakariak esan du “gure zeregina dela hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizio egokirako eta aproposerako eta enpresa-ekintzailetzarako bide ematea”, eta programa berri horien helburua da, zehazki, “lehenengo lanpostua izan nahi duten gazteak enpresetara hurbiltzea”.

Lau milioi euro bideratuko dira, urtean, bi programak martxan jartzeko. “Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa”ren helburua da lehen esperientzia praktikorako bide ematea graduko eta lanbide-heziketako 1.500 ikasleri. Hura martxan jartzean, hiru hilabeteko esperientzia eskuratu ahalko da hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioan, praktiken bitartez.

“Euskal enpresek behar dituzten gazteek prestakuntza tekniko egokia izan behar dute, ekimenekin lotutako trebetasun eta ezagutzak egiaztatu behar dituzte, bai eta erantzukizuna, konpromisoa, autonomia eta taldeko lana ere”, esan du Lehendakariak; gainera esan du “akordio horrek bermatu egingo duela gazteen gaikuntza handiagoa, enpresetako amaierako prestakuntzari esker, unibertsitateen eta lanbide-heziketako zentroen eskutik.

Gainera, LHko zentroekin eta unibertsitateekin lankidetzan, ekintzailetzako euskal estrategiaren esparruan, eta “Gazteen Ekintzailetza” programaren bidez, hitzarmenak sinatuko dira enpresa-tailerrak garatzeko eta LHko eta unibertsitateko hezkuntza-zentroetan sortutako enpresa berriak sustatzeko. Helburua da, urtero, 150 proiektu sustatzea bide horretatik. Horren harira, Urkullu Lehendakariak esan du “ezinbestean suspertu behar dela kultura ekintzailea Euskadin eta beharrezko baliabideak eskaini enpresa berriak sortzeko bide emateko, eta, horretarako, autoenpleguko eta ekintzailetzako ekimenak bultzatu”.

“Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa”

Programaren helburua da lehen esperientzia praktikoa lortzea 2016/2017 ikasturtean unibertsitateko graduko titulazio ofiziala lortu duten edo 2017/2018 ikasturtean ikasketa horien azken mailan matrikulatuta dauden eta lanbide-heziketako titulua duten 1.500 ikaslerentzat.

Esperientzia horren bidez, hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioaz gainera, ikasleek gaikuntza handiagoa berenganatuko dute, hiru hileko egonaldi bati esker, enplegu kualifikatua betetzeko eta ekoizpen-sektoreetako enpresen behar espezifikoei erantzuteko ezagutzak, trebetasun teknikoak eta beharrezko trebeziak areagotzeko.

Programari atxikitako ikastetxeek helmugako enpresak proposatu eta programan parte hartzen duten ikasleen jarraipena egingo dute. Gainera, pertsona orok izango du bi tutoreren laguntza: bat, enpresarena eta, bestea, ikastetxearena. Tutore horiek enpresako prestakuntza-prozesuaren segimendua egingo dute. Bestalde, gazte bakoitzak 1.500 euro jasoko ditu, hiru hileko epea amaitzean. Amaitzean eta enpresako prestakuntza-prozesua ebaluatu ondoren, ikasleei ziurtagiri egiaztatzailea emango zaie.

“Gazteen ekintzailetza” programa

Helburua da kultura ekintzailea sustatzea unibertsitateetako eta lanbide-heziketako zentroetako ikasleen artean eta, horretarako, laguntza eskaintzea eremu horietan sortu daitezkeen enpresa-ekimenei eta babesa ematea autonomo eta enplegu berriak sor ditzaketen mikroenpresa berrien ekimenei.

Laguntzak ikasleek sortutako 150 proiektutara bideratuko dira, guztira. Proiektu bakoitza sustatzeko izendatu den zentroak edo erakundeak 6.600 euro jasoko ditu. Ikasle guztiek izango dute tutoreen laguntza; tutoreek enpresako prestakuntza-prozesuaren segimendua egingo dute. Prozesua amaituta eta programa ebaluatu ondoren, ikasleei ziurtagiri egiaztatzailea emango zaie.

Aurrekoan bezala, programan honako hauek parte hartu ahalko dute: 2016/2017 ikasturtean unibertsitateko graduko titulazio ofiziala lortu duten edo 2017/2018 ikasturtean ikasketa horien azken mailan matrikulatuta dauden ikasleek eta lanbide-heziketako titulua duten ikasleek.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2018.eko martxoak 01

    Kaixo!, programa hauek 2018an ere jarraituko dute? Eskerrik asko

  • @FPeuskadi
    2017.eko uztailak 20

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco, las tres universidades y las asociaciones de centros de Formación Profesional impulsarán el e... https://t.co/RXeTxpUtOz

Ekitaldiko kargudunak