Berriak Lehendakaritza
Eu

Eskualdeen Komiteko Presidenteak Euskadi bisitatzeko bidaia instituzionalari ekingo dio bihar

2010.eko azaroak 22

Mercedes Bresso Eskualdeen Komitearen presidentea, EBko eskualde eta udal guztiak ordezkatzen dituen batzar politikoaren presidentea, alegia, Euskadira etorriko da Patxi López lehendakariarekin biltzeko.

Lehendakariak bere ikuspegia azalduko dio Europako erabakiak hartzerakoan eskualdeek duten zereginaz, maila anitzeko benetako gobernantza ezarri beharraz eta EBn Euskadiren interesak defendatzeko eragileen arteko lan sareak sortzeaz.

Bileran Patxi López lehendakariak aukera izango du Europako agendan puri‑purian dauden gaiez Euskadik duen iritzia jakinarazteko Mercedes Bressori. Gai horien artean daude EB2020 Estrategia, hazkunde ekonomikorako Europako Plana, baita kohesio politika eta Europako erkidegoaren aurrekontua berraztertzea ere, lehentasunezko gaia baita azkeneko hori Euskadiren interesentzat.

Lehendakariak, halaber, laguntza eskatuko dio Eskualdeen Komiteari Estrategia Atlantikoa abiarazteko. Europar Batasunaren presidentetza Espainiaren esku zegoela onartu zen estrategia hori.

Bisitaldia bi egunekoa izango da eta bihar hasiko da, Eskualdeen Komiteko presidenteak eta Odon Elorza Donostiako alkateak arratsaldean izango duten bilerarekin.

Asteazkenean, hilaren 24an, ordezkaritzako kideak Gasteizera joango dira eta han Patxi López lehendakariarekin bilduko dira Ajuria Enea jauregian. Horren ondoren, beste bilera bat izango dute Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko lehendakariarekin Eusko Legebiltzarrean.

Eguerdian, Patxi Lazkoz Gasteizko alkatearekin bilduko da eta arratsaldean Europa Biltzar-etxean "hurbiltasuna, parte hartzea eta herritartasuna" izenburupean izango den europar biltzarrean hartuko du parte. Kaleidos. red fundazioak antolatu du biltzar hori.

Euskadi Eskualdeen Komiteko kide proaktiboenetako bat da. Lehendakaria 2009ko irailean Eskualdeen Komiteko kide izendatu zutenetik, Eusko Jaurlaritzak ehun zuzenketak baino gehiago egin dizkie Europar Batasunean eztabaidatzen ari diren hainbat araudi garrantzitsuri, izan ere, erabaki horiek zuzenean eragiten dute gure egunerako bizitzan Euskadin.  

Eusko Jaurlaritzak, halaber, Eskualdeen Komiteko zenbati sare tematikotan hartu du parte: gure jarrera defendatu du automobilgintzaren sektorean, gure iritzia eta gure esperientzia gehitu ditu subsidiariotasun-printzipioaren kontrolerako, edota gure interesak defendatu ditu Botere Legegilea duten Eskualde eta Legebiltzarren Sarean.

 Aldi berean, EB 2020 Estrategiari buruzko gure kezka eta eskakizunen berri eman dugu eta gobernu politika eta eskualde eta toki esperientziak erakutsi ditugu hainbat gairi buruz: etxebizitza politikaz (EJ), Estrategi Atlantikoa sustatzeaz (EJ), gizarteratze politikaz (EJ), "Bilbo Efektua" delakoa eskualde garapenerako eredu izateaz (Bilboko udala), Innobasque Gizarte Berrikuntzarako erudu izateaz (Innobasque) edota mugaz gaindiko lankidetzaz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria