Eu

Artolazabal: “agerikoa da Europar Batasuneko gazteriak aukerak behar dituela lan-merkatuan eta biztanleen erreleboa bermatu behar dela”

2017.eko uztailak 17
  • “Aurrerapauso positiboa adieraziko du, gure gizarte-oinarriak eraikitzean”
  • Europako Batzordeak gizarte-bilakaerari eta enpleguari buruzko azterlana argitaratu du; horren bidez egiaztatu ditu lan-merkatuko eta gizarte-eremuko joera positiboak, baina gazteen egoera ahula dela ohartarazi du

VG 17-07-17

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, gaur Europako Batzordeak zabaldu duen “Gizartearen eta enpleguaren bilakaera Europan” azterlanak agerian uzten du Europar Batasuneko gazte guztiek lan-merkatuko atea duintasunez irekitzeko eta biztanleen erreleboa bermatzeko duten arreta-premia, gure gizarte-oinarriak eraikitzean aurrerapauso positiboa izateko”.

Europako Batzordeak Europako gizarte- eta enplegu-bilakaerari buruzko urteko azterlana (ESDE) argitaratu du; bertan, lan-merkatuko eta gizarte-eremuko joera positiboak berresten dira, bai eta etengabeko hazkuntza ekonomikoa ere. Marianne Thyssen Enpleguko Europako komisarioak esan bezala, “234 milioi pertsonak baino gehiagok dute lanpostua; horrela, bada, Europar Batasunean enplegua sekula ez da izan gaur egun bezain altua, eta langabezia-tasa baxuena da 2008ko abendutik. 2013tik, hamar milioi lanpostu sortu dira EBn”.

“Batasuneko gizarte- eta ekonomia-bilakaera aitortzen da, baina gaur Bruselak zabaldu duen argazki horrek adierazten du gazteek, Europako gazte guztiek eta, hor barruan, gureek, zailtasunak dituztela lana aurkitzeko, eta azken bosturtekoetan ezagututakoak baino enplegu-modu ezegonkorragoak bizi dituztela.  Garrantzitsua da, eta horretan bat nator Thyssen komisarioarekin, gazteek bat egin ahal izatea egoera ekonomiko hobearekin eta onurak eduki ahal izatea”.

Marianne Thyssen Enplegu, Gizarte Gai, Gaitasun eta Lan Mugikortasuneko komisarioak gaur goizean esan du “gaur egungo gazteek eta beren seme-alabek, beharbada, beren gurasoek baino egoera txarragoa biziko dutela. Hori ez dugu nahi hala izan dadin. Arin esku hartu behar da. Gizarte-eskubideen Europako oinarriaren bidez, gure gizarte-araudia babestu eta hobetu nahi dugu, bai eta etorkizuneko belaunaldietarako gure bizitza-baldintzak ere”.

Gaur Europako Batzordeak zabaldu duen txostenak nabarmentzen du “bilakaera positibo horren onurek ez dutela gazteengan eraginik, ez behintzat belaunaldi nagusiagoengan beste. Gainera, denboran zehar, laneko errentan adin-talde gazteenen parte-hartzeak behera egin du. Erronka horiek bikote gazteen erabakietan dute eragina, baita seme-alabak izateari eta etxe bat erosteari dagokienez ere. Aldi berean, horrek ondorio negatiboak ekar ditzake ugalkortasun-tasetan eta, ondorioz, pentsio-sistemen eta hazkuntzaren jasangarritasunean".

"Herrialde, eskualde eta estatu guztiok inbertitu behar dugu, erabakitasunez, pertsonetan eta enplegu- eta gizarte-politiketan, ongizate-egoera hobea eta Batasunerako etorkizuneko berme hobea lortzeko; hori dela eta, Euskadin gure gazteentzako enplegu-plan bereziak garatzen ari gara”, esan du Beatriz Artolazabal sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak