Berriak Segurtasuna
Eu

Miñoien kidegoak aldatu egingo du gaur egun daukan uniformea, eta beste uniforme operatiboago bat jantziko du, Araban betetzen dituen polizia eginkizunei hobeto egokitua

2017.eko uztailak 17

Uniformea berritzeak 140.000 euroko inbertsioa egin beharra dakarkio Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari.

Uniforme berriak eutsi egingo die miñoien ikurrei: txapel gorria, Arabaren armarria eta Arabako miñoien armarria.

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun Saileko Kontseilariarekin batera, gaur aurkeztu ditu Arabako Foru Aldundian miñoiek gaurtik aurrera jantziko dituzten uniforme berriak. Uniformea berriturik, aldatu egiten da gaur egungo kaki koloreko uniformea, 1930etik ezagutzen duguna, eta, aditzekoa denez, mugak dituena diseinuaren eta materialen ezaugarri teknikoetan; haren ordez, beste uniforme ergonomikoago eta erosoago bat jantziko dute, hobeto erantzungo diena Arabako agenteek betetzen dituzten polizia eginkizunei.

 Miñoiek, gaurtik hasita, uniforme berria eramango dute; material berriz egina da, eta ezaugarri tekniko hobeak ditu, polizia eginkizunen beharrizanei hobeto erantzunez funtzionalagoak izaki, irudi moderno eta berrituarekin.

 Arabako Foru Aldundiaren Miñoien Zerbitzuari atxikitako funtzionarioen uniforme berriaren oinarria kolore gorri eta urdina dira, eta, halaber, Miñoien atalaren bereizgarri homogeneizatuei eusten zaie. Aldaketek, gehienbat, diseinuari eragiten diote, diseinu ergonomiko eta erosoagoa hautatu baita, bai eta materialei ere. Hala, esate baterako, uretarako jantziak ere aldatu egin dira: poliuretano astunagozkoak ziren lehengoak, zurrunagoak, eta transpirazioa eragozten zuten; berriak, aldiz, mintz iragazgaitzez eginak dira, Goretex transpiragarrizko ehunez, eta polizia zereginetarako diseinatuak dira.

 Egunero erabiltzeko alkandora antzinakoak aldatu egin dira: lehengo ez hain eroso eta transpiragarri haiek, mantentzeko ere garestiagoak zirenak, utzi eta, haien ordez, mauka motzeko eta luzeko poloak jantziko dituzte aurrerantzean, % 100 poliester ehunezkoak, transpirazio handikoak eta oso elastikoak.

 Miñoien larruzko kazadora ere utzi, eta haren ordez, jantzi polarra eramango dute, diseinu elastikoagokoa eta gorputzari estuago egokitua, hartara erosotasun eta ergonomia handiagoak emanez, jantzi tekniko bihurtzen delarik. Era berean, Miñoien uniformeak kazadora gorria ere izango du, kentzeko txalekoarekikoa, kanpoko ehun hauskaitzez egina, eta barruko azal kentzeko moduko bat ere izango du, kotoi termikoz betea eta oso beroa; anorak berdearen ordez hori.

 Jantzietan, oro har, eutsi egiten zaie miñoien ohiko ikurrei: txapel gorria, miñoien jantzi bereizgarri nagusia, Arabaren armarria brodaturik daramala; bularreko ikurrean eta gerrikoaren belarrian ere Arabaren armarria izango da agerian, Miñones/Miñoiak idazkunarekin; eta, azkenik, jantzietan ere Arabako Miñoien armarria joango da, MA siglak brodaturik fraken gerrialdearen erdian.  Gainera, eskala eta kategorien araberako identifikazioa bular eta soinburuetako ikurren bidez izango da, eta haietan ere miñoien armarria erabiliko da. 

 Beste berrikuntzetako bat izango da, aurki, zirkulazioko miñoien jantzietan, zeinak ikusgaitasun handiari buruz indarrean den araudiaren arabera ziurtatuak izango baitira. Jantzi guztiek daramate bizkarrean inprimaturik “Miñoiak” edo “Miñones" izena, euskara eta gaztelania txandakatuz.Uniformeak berritzeko aurrekontua 140.000 euro da, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ordainduko duelarik.

 Gaur egun, Miñoien atalak lau jarduera arlo ditu esleiturik: erakundeen, agintarien eta ondarearen segurtasuna; errepide bidezko garraioaren ikuskapena; ingurumenaren aldeko lana; eta, larrialdietan, koordinazio zentroaren kudeaketa.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ramiro González Arabako diputatu nagusiak,