Berriak Lehendakaritza
Eu

Politikarekiko jarreretan generoen artean dauden desberdintasunak adinak, ikasketek eta politikarekiko interesak baldintzatzen ditu

2010.eko azaroak 22

IKUSKERAK txosten berri hau (bildumako 4. zenbakia) Prospekzio Soziologikoen Kabinetean ezarritako programari jarraituz publikoki hedatzen da. Bilduma honen helburu orokorra da generoaren arabera iritzi edo jarreretan desberdintasunak dauden gaien inguruko datu bilketa osatzea.

IKUSKERAK 4 honen berariazko helburua gizonen eta emakumeen artean oinarrizko jarrera politikoen inguruan dauden desberdintasunen azterketan zentratzen da, hala nola, politikarekiko interesa, sozializazioa eta parte-hartze politikoa, eta hauteskunde portaera bezalakoetan. Gaur egungo egoeraren ikuspegiaz gain, 1995 eta 2010 artean izandako bilakaeraren inguruko datuak ere eskaintzen dira ikertutako zenbait gairi dagokienez.

 

POLITIKAREKIKO INTERESA ETA BERE JARRAIPENA MURRITZAGOA DA EMAKUMEEN ARTEAN GIZONEN ARTEAN BAINO

Politikarekiko interesa eta albiste politikoen eguneroko jarraipena emakumeen artean gizonen artean baino txikiagoa da. Interes hau txikiagoa da hemen Espainiako edo Kataluniako emakumeen artean dagoena baino. Alabaina, EAEko emakumeek albiste politikoen jarraipen estuagoa egiten dute Espainia osoko emakumeek baino.

IFRENTZUA: POLITIKAREKIKO INTERESARI DAGOKIONEAN GUTXITU EGIN DA GENEROEN ARTEKO DESBERDINTASUNA AZKEN HAMAR URTEETAN.

Urteetan zehar emakumeen politikarekiko interesa gizonena baino txikiagoa da. Azken bost urteetan interes hori herritarren artean jaitsiz doa baina neurri handiagoan gizonen artean, generoen artean ohikoa zen aldea gaur egun lehen baino txikiagoa izatea dakarrelarik.

EMAKUMEEK POLITIKA GAIAK OKERRAGO ULERTZEN DITUZTELA DIOTE ETA HORIETAZ GUTXIAGO HITZ EGITEN DUTELA GIZONEK BAINO.

Emakumeek politika gaiak gizonek baino okerrago ulertzen dituztela diote, %17k ondo ulertzen dituzte eta %39k hala-hola, aldiz gizonen artean %32k eta %34k, hurrenez hurren. Politikari buruz gizonek baino gutxiagotan hitz egiten dutela ere badiote.

IFRENTZUA: ALDE HAUEK NABARMEN MURRIZTEN DIRA POLITIKAREKIKO INTERESA, IKASKETA MAILA ETA FAMILIAN JASOTAKO SOZIALIZAZIO POLITIKOA HANDITU AHALA.

Politikarekiko oso edo nahikoa interesaturik dauden EAEko emakumeek gai politikoak baldintza beretan dauden gizonek beste edo hobeto ulertzen dituzte, euren %90ek ondo edo hala-hola ulertzen dituzte, bien bitartean gizonen %89k ulertzen dituztelarik maila horretan. Gainera, ikasketa maila hazi ahala eta haurrak zirenean etxean izaten ziren politikari buruzko elkarrizketak gehitu ahala, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak nabarmen gutxitzen dira.

Joera berari jarraituz, politikarekiko oso edo nahikoa interesaturik dauden emakumeek familian gai politikoetaz euren baldintza beretan dauden gizonek baino gehiago hitz egiten dute.

EMAKUMEAK EZKERREAN KOKATU DIRA, GIZONEZKOAK BAINO PIXKA BAT GUTXIAGO.

EAEko emakumeak ardatz ideologikoaren zentro-ezkerrean kokatu dira (4,4 puntu 0tik 10erako eskalan, non 0ak ezker muturra eta 10ak eskuin muturra esan nahi duten), gizonak baino pixka bat eskuinerago (4,1 puntu), urte guzti hauetan zehar mantendu den joerari eutsiz.

 

IFRENTZUA: EMAKUME GAZTEAK DIRA EZKERRERAGO KOKATU DIRENAK.

Emakume gazteak dira ardatzean ezkerrerago kokatu direnak eta, aldiz, 64 urtez gorakoak dira eskuinerago kokatu direnak nahiz eta ez diren 5 punturaino iristen.

 

EMAKUMEAK ETA GIZONAK NAZIONALISMO ESKALAN ERDIKO POSIZIOETAN KOKATU DIRA.

Euskal nazionalista sentimenduari dagokionez ez da generoaren araberako alderik antzematen, bai emakumeak nola gizonak eskalako posizio ertainetan kokatu dira (4,9 eta 5 puntu, hurrenez hurren).

Emakume eta gizon gazteen artean ez dago alderik sentimendu abertzaleari dagokionez, aldiz, 64 urtez gorako emakumeak euren adineko gizonak baino nazionalistagoak dira.

Politikarekiko interesa gehitu ahala, euskal nazionalismoa ere gehitzen da bai emakumeen artean bai gizonen artean ere. Haatik, joera desberdina da ikasketa mailari dagokionean; honela, berau igo ahala emakumeen artean sentimendu nazionalista gutxitzen da eta, aldiz, igotzen da gizonen artean.

EMAKUMEEK ETA GIZONEK ALDERDI POLITIKOENGAN KONFIANTZARIK EZ IZATERA JOTZEN DUTE.

Oro har, alderdi politikoekiko konfiantza berdintsua da emakumeen eta gizonen artean, soilik %18k du gehienbat konfiantzarako joera bi kasuetan eta konfiantzarik ez izateko joera dutenak %74 dira emakumeen artean eta %77 gizonen artean.

IFRENTZUA: EMAKUME NAGUSIENAK ETA POLITIKAREKIKO INTERESA DUTENAK DIRA ALDERDI POLITIKOENGAN KONFIANTZARIK HANDIENA DUTENAK.

Adina igo ahala, alderdi politikoenganako konfiantza igotzen da bai emakumeen bai gizonen artean (konfiantza ehunekorik altuena 64 urtez gorako emakumeen artekoa izanik, %29k konfiantza izatera jotzen dute). Bestalde, politikarekiko interesa igo ahala, alderdi politikoenganako konfiantza ere igotzen da. Azken joera hau nabarmenagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.

EMAKUMEEK ALDERDI POLITIKOEKIKO GIZONEK BAINO HURBILTASUN GUTXIAGO ADIERAZTEN JARRAITZEN DUTE.

1995 urtetik gaur arte emakumeak beti alderdi politikoenganako hurbiltasun gutxiago adierazi dute gizonek baino, nahiz eta gizonen artean ere ez diren %20ra iristen oso edo nahiko hurbil daudela adierazten dutenak.

Gazteak dira alderdi politikoengandik hurbiltasun gutxien adierazten dutenak, eta euren artean, emakumeek gizonek baino gutxiago. Bestalde, ikasketa maila eta politikarekiko interesa igo ahala, alderdi politikoenganako hurbiltasuna handitzen da bai batzuen bai besteen artean.

IFRENTZUA: EMAKUMEAK GIZONAK BAINO GEHIAGO JOATEN DIRA BOTOA EMATERA ETA EUREN BOTOA LEIALAGOA DA

Botoa ematera joatea eta hauteskunde guztietan boto bera ematea politikarekiko interesa handitu ahala gehiagotan gertatzen da, hala emakumeen nola gizonen artean, ehunekorik altuenak emakumeen artean izan arren. Honela, politikarekin oso edo nahiko interesaturik dauden emakumeen artean %85ek hauteskunde guztietan ematen dute botoa eta euretako %64k beti alderdi berari ematen diote botoa eta politikarekin interesatutako gizonen artean, aldiz, %81 joaten dira botoa ematera eta %55 leialak dira, hurrenez hurren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko