
Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren parte-hartzaileei eta antolatzaileei egin die harrera Lehendakariak
Iñigo Urkullu Lehendakariak Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren antolatzaileei eta parte-hartzaileei egin die harrera. Munduko hainbat lekutako dantza- eta musika-taldeak urtero biltzen dituen jaialdi honek 43. edizioa betetzen du aurten. Ajuria Enea jauregiko lorategietan izan da harrera eta Portugaleteko alkate Mikel Torres eta jaialdiaren antolatzaile Elai Alaiko arduradunak ere izan dira bertan.
Hala, proiektu hau hasieratik bultzatzen diharduten horiei aitortu nahi izan die Lehendakariak kulturarekin, dibertsitatearekin eta pluraltasunarekin hartua duten konpromisoa, baita “mundu globaltzat” orain ezagutzen dugun horri aurrea hartzeko erakutsi duten gaitasuna ere. “Kultura herrien arteko zubia dela ulertu zenuten, hobeto elkar ezagutzeko gunea”, ziurtatu du. Parte-hartzaileei Euskadira bertaratu izana eskertu nahi izan die ere bai, eta uste osoa erakutsi du elkarraldi hau baliagarria izango dela "gure herrien arteko harremanetan sakontzeko".
Aurten, Polonia, Mexiko, India, Errusia eta Ekuadorreko taldeen emanaldiak hartuko ditu Folklore Jaialdiak bere baitan.
Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Portugaleteko Udalaren laguntza jasotzen duen jaialdi hau gaur hasi eta uztailaren 20ra arte luzatuko da, eta Portugaleteko La Canilla pasealekuan ospatuko da.











