Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak, aurten, 18 urtetik beherako euskal herritar adingabe Diabetikoentzat, Glukosa Monitorizatzeko Sistema berria ezarriko du, sastadak saihesteko eta bizi kalitatea hobetzeko

2017.eko uztailak 28

Euskadi, horrela, zerbitzu-zorroan metodo hori sartzen lehen autonomia-erkidegoetako bat da; metodoa Europako herrialde batzuetan dagoeneko erabiltzen da, eta, horren bidez, gazteek ez dituzte egin behar izango intsulina eman aurretik neurtzeko hartzen dituzten sastada guztiak

 

Neurri horrek EAEko 400 paziente adingabe ingurutan izango du eragina, eta 330.000 €-tik gorako inbertsioa eskatuko du; aurrerago, helduetara ere zabaltzeko aukera aztertuko da

 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak erabaki dute beren prestazioen zorroan glukosaren etengabeko monitorizazio-sistema berria sartzea, denbora errealean, 18 urtetik beherako diabetiko guztientzat eta, horrela, intsulina eman aurretik neurtzeko hartzen dituzten sastada guztiak saihestu. Euskadi, horrela, Estatuan sistema berri hori ezartzen duen lehen autonomia-erkidegoetako bat bilakatu da; sistema hori, dagoeneko, erabiltzen da Europako zenbait herrialdetan eta funtsean hobetzen du pazienteen bizi-kalitatea.

Horrela jakinarazi du gaur goizean Jon Darpón Osasun sailburuak egin duen prentsaurrekoan; bertan, Sonia Gaztanbide Diabetesaren Espainiako Sozietatea Fundazioko presidentea eta Juncal Telleria Diabetikoen Gipuzkoako Elkarteko presidentea ere izan dira. Sistema hori sartzeko akordioa gaur goizean berretsi du Osakidetzako Administrazio Kontseiluak; bertako buru da sailburua bera. Horrela, Euskadiko Diabeteserako Batzorde Aholkulariak eginiko gomendioari erantzun dio.

Kontsulta-organo horren oharrei jarraikiz, Osakidetzak sistema berria bere zerbitzu-zorroan sartuko du, urtea amaitu aurretik, hasiera batean 1 motako diabetesa duten 18 urtetik beherako adingabe guztientzat.

Horrela, ziztada kapilarrak egin beharrean, egungo sisteman egin behar den bezala, metodo berria sentsore-adabakia izango da, odoleko glukosa-maila neurtuko duena. Beraz, horrela, hobetu egingo da pazientearen bizi-kalitatea.

Osakidetzak dituen datuen arabera, gaur egun, 400 pertsona inguruk jasoko dituzte monitorizazio-sistema berri hori sartzeko erabakiaren onurak. Kalkulatzen da gaur egungo sistema berriarekin ordezkatzeko kostuaren gorakadak 330.000 euro gaindituko lituzkeela.

Aurrerago, sistema berri hori aplikatzeak ekarriko dituen emaitzen ebaluazioaren bidez, balioetsiko da diabetes-mota bera duten eta sarritan edo oharkabean hipogluzemia jasaten duten edo lan-okupazio arriskutsuak gauzatzen dituzten paziente helduetara zabaltzeko aukera                      

 

       DIABETESA EUSKADIN

 

Euskadin, Estatuko eta Europako gainerako lekuetan bezala –herritarren ezaugarri demografikoak eta bizi-estiloko aldaketak kontuan hartuta–, areagotu egin da gaixotasuna, baina prebalentzia Estatuko batez bestekoa baino txikiagoa da eta beste autonomia-erkidego batzuetakoa baino askoz ere txikiagoa.

Osakidetzako profesionalek eginiko eta Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatutako ikerketa-azterlan baten arabera, mellitus diabetesaren prebalentzia Euskadin 18 urtetik gorakoetan % 10,6koa da. Espainian, metodologia berarekin eta helburu berarekin egindako azterlanetan ikusi zen prebalentzia % 13,8koa dela eta, Andaluzian, esaterako, % 16,3koa.

Jon Darpón sailburuak azaldu duen bezala, gaixotasunaren inpaktua txikiagoa izateko eta bilakaera kontuan hartuta, diabetesean esku hartzeko, zerbitzu-zorro ona izateaz gainera, osasuneko prebentzio- eta sustapen-ekintzak behar dira, gaixotasunaren prebalentzia murrizteko faktore erabakigarri gisa, bai eta prestakuntza eta hezkuntzarako sarbidea ere. Faktore horiek guztiek bizi-kalitate hobea eta biziraupena areagotzea ekarriko dute, eta Osasun Saila lan handia eta etengabea ari da egiten hori lortzeko. 

Diabetesaren prebentziorako, bizi-estilo osasungarriak hartu behar dira; izan ere, frogatu da lotura dagoela obesitatearen, ariketa fisiko urriaren eta diabetesaren artean. Beraz, bizitzako ohitura osasungarriak izateak diabetesa izateko aukerak murrizten ditu. Oraintsu egin diren azterlanek egiaztatzen dute bizi-estilo osasungarrien bidez, 2 motako diabetes-kasuen % 90 prebenitu daitezkeela.

Hori dela eta, 2013-2020 Eusko Jaurlaritzaren Osasun Planak arreta berezia eskaintzen dio gaixotasun horri, eta diabetesaren prebentzioan esku hartzeko ekimen zehatzak garatzen ari dira, osasuna eta bizi-estilo osasungarriak sustatzeko, arrisku-faktoreak murrizteko.

Ekintza horiek, Osasun sailburuak azaldu duen bezala, obesitatea saihesteko –legegintzaldi honen hasieran Osasun sailburuak Legebiltzarraren egoitzan iragarri zuen elikadura osasungarriko plan berezia bezala– eta jarduera fisikoa adin guztietan sustatzeko, haurtzaroan hasi eta zahartzarora arte, sektoreen arteko lankidetzaren eta tokikoan eta komunitarioan lan egitearen bidez.

Asistentzia-arreta dela eta, Osakidetzak lehen mailako arretarako profesionalak, familia-medikuak, pediatrak eta erizainak ditu, diabetesaren prebentzioko eta kontroleko lan bikaina egiteko. Lan hori diziplina anitzeko endokrinologiako taldeekin osatzen da; Osasun sailburuak eskerrak eman dizkie, pazienteekin egiten duten lanagatik eta duten inplikazioagatik.

Era berean, Osakidetzak martxan ditu, Osasun Eskolaren eta Paziente Bizia programaren barruan, “Nire diabetesa zaintzen” tailerrak; bertan, gaixotasuna zaintzeko autonomia izaten ikasten da, osasunarekin erantzule izaten, gaixotasunaren alderdi guztiak ezagutzen eta gaixotasunak ekar ditzakeen emozio negatiboak kontrolatzen, alegia, osasun hobea izaten. Programa horren bidez, dagoeneko, 3.000 pertsona inguruk jaso dute prestakuntza.

Pazienteak hezteko zeregin horretan, balio handia du Euskadiko diabetesaren elkarteek egiten  duten lana. Osasun sailburuak diabetesa duten pertsonen alde egiten ari diren lanagatiko esker ona adierazi nahi izan du, “gaixotasun hori duten pertsonei emandako laguntza, esperientzia eta aholkuengatik”.

 

Bilbo, 2017ko uztailaren 28a

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @pediaguibel
    2017.eko uztailak 30

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza implantará este año en toda la Población Diabética vasca menor de 18 años un Nuevo Sistema de Monitor... https://t.co/hrSeitFVF6

  • @koluria
    2017.eko uztailak 29

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza implantará este año en toda la Población Diabética vasca menor de 18 años un Nuevo Sistema de Monitor... https://t.co/hKoUC7NQo1

  • @osakidetzaEJGV
    2017.eko uztailak 28

    Comentario de Twitter:
    Vamos a implantar este año en la Población Diabética menor de 18 años un Nuevo Sistema de Monitorización de Glucosa➡ https://t.co/knBIAwaNNV

Ekitaldiko kargudunak