Berriak Lehendakaritza
Eu

Nazioarteko adituak solasean erronka globalei buruz eta eskualdeen eginkizunari buruz, Donostiako bakearen etxean

2010.eko azaroak 21

Lehendakariak emango dio hasiera Eusko Jaurlaritzak antolatutako konferentziari astelehenean, eta Mario Molina Nobel saridunak itxiko du bilkura

Nazioarteko adituak eta erakundeetako goi-mailako arduradunak bilduko ditu  “Mundu jasangarria jomugan. Elkarrekin egin beharreko zeregina? Hainbat mailatako gobernantza eta arlo publiko eta pribatuaren arteko sinergiak” izeneko konferentziak. Donostian izango da bilkura, azaroaren 22an eta 23an, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkaritza nagusiak antolatuta.

Bertan izango da Mario Molina, 1995. urteko kimikako Nobel sariduna, atmosferako ozono-geruza mehetzen ari zela asmatu zuena. Konferentzia amaitzeko ekitaldian hartuko du parte, bai eta Columbiako Unibertsitateko Saskia Sassen irakasleak, Gaspar Zarrías Lurraldeen arteko Elkarlaneko estatu-idazkariak eta José Segura, klima-aldaketa aztertzeko batzordearen lehendakariak.

Konferentziaren nahia da erronka global nagusiak alde politikotik begiratuta aztertzea, hala nola, klima-aldaketa eta energiaren efizientzia. Horrez gain, hazkunde jasangarria ere izango du hizpide, hainbat ikuspegitatik, eta bi osagairi bereziki erreparauta: arlo publikoaren eta pribatuaren arteko sinergiak sendotzeko beharra, eta gobernantzako maila guztiak inplikatu nahia politika eta konpromiso global, koherente eta koordinatuak erdietsi asmoz.

Patxi López Lehendakariak emango dio hasiera nazioarteko bilgune honi, datorren astelehenean.

Adituen bilerak ateak itxita egingo dira Bakea eta Giza Eskubideen Etxean, Donostiako Aiete jauregian. Izan ere, leku hori gogoeta egiteko ezin hobea izanik, Europako Hegoaldean nazioarteko eztabaidagune eta sareak sortzeko erreferente bilakatu nahi da.

Bi egunetan, Nazio Batuetako, Europar Batasuneko, zenbait estatu, eskualde eta udalerritako agintariek –guztiak maila gorenekoak–, zein enpresa- eta unibertsitate-munduko ordezkariek, gizarte-eragileek eta gizarte zibileko adituek sakon aztertuko dute aginte-eremu guztiek bat egiteko eta nazioarteko lankidetza areagotzeko beharra, erronka globalei aurre egiteko.

Ekimen honekin, Eusko Jaurlaritzak Euskadira ekarri nahi du herritarrentzat garrantzi handikoa den eztabaida globala, eta, era berean, nazioarteko komunitatea hona erakarri, gure herria ezagutarazteko, hain zuzen ere, etorkizuneko energietan liderra den herrialdea, garapen iraunkorrarekiko konprometitua, eta Espainian zein Europan lankidetza-lidergoa baliatu dezakeena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria