Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Beasaingo institutuaren instalazio berriak bisitatu ditu

2017.eko uztailak 14
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Handitzeko lanak egin ondoren, institutuak 2.901 m² erabilgarri gehiago ditu
  • Eusko Jaurlaritzak 2,2 milioi euroko inbertsioa egin du lanetan

 

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera, Beasain Institutua bisitatu du, azken hilabeteetan eraikina handitzeko egin diren lanak bukatu ondoren. Lehendakariak, institutuko zuzendariak gidatuta, eraikin berria bisitatu du, eta baita jatorrizko eraikinean egin diren hobekuntza lanak ere.

Beasain Bigarren Hezkuntzako Institutuak bi eraikin ditu Txindoki-Alkartasuna deritzon egoitzan, biak elkarrekin paralelo eraikiak. Handitze eta eraberritze lanak bi eraikinetatik zaharrenean burutu dira, Ugartemendi auzoko orubearen Ekialdean kokaturikoan. Eraikin honi, luzera nahiz altuera bereko (beheko solairua eta hiru solairu) beste bolumen bat erantsi zaio alboz albo.

Bisita bukatu ondoren, Lehendakariak azpimarratu nahi izan du hezkuntza zentroak hobetzen jarraitzeko garrantzia: “Hezkuntzaren eskakizun berrietara egokitzen ari gara ikastetxeak eta oso kontuan hartzen, era berean, profesionalen lan-baldintzen hobekuntza. Zerbitzu publikoa hobetzeko inbertsio bat da hau. Hezkuntzaren bikaintasunak,  kalitatezko eremu fisiokoak edukitzea eskatzen baitu, gure ikasleek beren gaitasunak hobetzeko aukera izango duten inguruak izatea, alegia. Hezkuntza komunitatearekin batera, auzolanaren bidez eta etenik gabe, zerbitzu publikoa hobetzen jarraitu behar dugu”.

Bestalde, Lehendakariak, 2014-2018 Azpiegituren Plana %80an bete dela edota tramitatzen ari dela azpimarratu du. Plan horrek 254 milloi euroko aurrekontua du. Eta egingo diren lanen artean, Lehendakariak Basain Institutuko hezkuntza komunitateari proiektu bat aurreratu dio:  “Gaur bisitatzen ari garen eraikin hau lehenengo fasea baino ez da. Aldameneko eraikina ere berritzera eta egokitzera goaz.  Hemendik gutxira hasiko gara administrazioko izapideak egiten. Proiektu osoak eraikin irisgarriagoa eta modernoagoa aurreikusten du, gure hezkuntza-sistemak iradokitzen duenari erantzun diezaion: bikaintasunari”.

Eraikin berriaren ezaugarriak

Handitze lan hauetan, atezainaren garai bateko etxea ere eraitsi egin da, haren lekuan administrazio erabilerarako eraikin berria jasotzeko. Bi solairuko atal honek institutuko sarrera nagusiaren bidez egiten du bat eraikinarekin. Era berean, bi eraikinen artean dagoen patioan zorua ere berritu egin da, eta estalkia ipini zaio, honela kirol nahiz jolasetarako aterpea sortuz.

Institutua handitzeko lanetarako 2.283.732,03 euroko inbertsioa egin du Hezkuntza Sailak, eta lan hauei esker, ikastetxearen egungo beharretara egokitu dira instalazioak. Eraikina handitu delarik, honako espazio berri hauek irabazi ditu Beasain BHI-k:

 

  • Erabilera anitzeko 10 gela
  • Musika, dramatizazio eta audio gela
  • Informatika gela
  • Jangela (194,80 m²), office
  • Jolastokirako aterpea, 608 m²
  • Handitutako azalera erabilgarria guztira: 2.901,34 m²
  • Inbertsioa: 2.283.732,03 euro (BEZ barne)

 

Gainera, eraikinaren behe solairuko zenbait atal ere eraberritu dira – ikastetxearen  beharren arabera espazioen banaketa berria eginez-, eta solairu guztietan komun kopurua handitu egin da.

Goierriko mila ikasletik gora

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek erabili dituzte dagoeneko, amaitu berri den ikasturtean, handitze lanekin sortu diren espazio berrietako batzuk. Beasain BHI Bigarren Hezkuntzarako erreferentzia-zentroa da Goierrin, eta eskualde horretako udalerri guztietatik hurbildutako mila ikasletik gora hartzen ditu bere geletan, gaur egun.

Ikasle horiek guztiak, ikastetxeak Beasainen dituen bi egoitzetan banatzen dira. 500 gaztetik gora Loinazpe egoitzara biltzen dira (Katea auzoan), bertan ematen baitira DBHko lehen hiru ikasturteak: zortzi lerro DBHko lehen mailan, eta zazpina bigarren eta hirugarren mailetan. Ugartemendin dagoen eta handitu berri den Txindoki-Alkartasuna egoitzan aldiz, DBHko laugarren mailakoak (7 lerro) eta Batxilergokoak (6 lerro) elkartzen dira, hemen ere ia 500 gazte.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @eajpnvparlament
    2017.eko uztailak 14

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: El Lehendakari @iurkullu visita las nuevas instalaciones del instituto de Beasain ➡ https://t.co/sYX3XKT1eI https://t.co/0kzR1

  • @Gob_eus
    2017.eko uztailak 14

    Comentario de Twitter:
    .@iurkullu Lehendakariak Besaingo institutuaren instalazio berriak bisitatu ditu ➡ https://t.co/nv1Dihn0DI https://t.co/haplBgcTCk

  • @Gob_eus
    2017.eko uztailak 14

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari @iurkullu visita las nuevas instalaciones del instituto de Beasain ➡ https://t.co/sYX3XKT1eI https://t.co/0kzR1fSfY6

Ekitaldiko kargudunak