Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernu Irekiaren inguruko esperientzia desberdinetan sakondu dute UPV/EHUko Uda Ikastaroek

2017.eko uztailak 13
  • Eztabaidaren eta partaidetzaren bitartez, ibilbide-orri bat taxutzen saiatu dira administrazioentzat eta erakundeentzat
  • Eusko Jaurlaritzak antolatuta, arlo honetako nazioarteko adituak bildu ditu bi egunez ikastaroak

 

 “Gobernu Irekia irekitzen. Desmitificando el Gobierno Abierto” ikastaroraren bigarren jardunaldia hartu du gaur Miramar jauregiak, UPV/EHUko Uda Ikastaroen barruan. Bertan, arlo horretan izan diren esperientzia desberdinak, emaitza onak eta akatsak aztertzen ari dira. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Irekiko Zuzendaritzak antolatua, partaidetzaren bitartez ibilbide-orri bat taxutzera bideratuta dago ikastaroa, arlo horretan sakondu nahi duten administrazioentzat eta erakundeentzat erabilgarria izanik. Berritasun gisa, WikiOpps app-a jarri du Gobernu Irekiak hizlarien eta parte-hartzaileen eskueran, denbora errealean iritzia eman eta eztabaidaren bitartez aipatutako ibilbide-orria adostu ahal izateko.

Donostian izan den ikastaro honetan nazioartean ospea zabaldua duten hizlariek parte hartu dute. Bigarren egun honetan, open datan eta bere ustiapenean oinarrituta, Deustuko Unibertsitatean Data Analysis, research and communications programako zuzendari Miren Gutiérrez-en hitzaldia entzun da. Banakoek eta hirugarren sektoreko erakundeek datu irekiei eta publikoei ematen dizkieten erabilera sozialak aztertu ditu Open Data & Activismo izeneko ponentzia batean. Ondoren, hizlari hauek izan ditugu: María Jesús Fernández Ruiz, Zaragozako Udalaren egoitza elektronikoko zuzendaria –saritutako erakundea eremu horretan egin duen lanagatik–; Clare Devaney, Citizen-I-eko zuzendaria, berrikuntza irekiaren erronkei buruz hitz egin diguna Manchester hirian izan duen esperientziatik abiatuta; eta Cristiano Ferri, Brasilgo Parlamentu Federaleko Hack-Lab-en arduraduna, bere kasuaz aritu zaiguna –paradigmatikoa mundu mailan– legegintzaren eremuko datu publikoen erabileraren inguruan.

Atzo, Opengov.com-eko Nazioarteko Eragiketetako Zuzendari Simon Willis britainiarrak eman zion hasiera ikastaroari. Erakunde horrek hodeian oinarritutako softwarea eskaintzen du aurrekontuak kudeatzeko, segimendua egiteko eta gardentasunerako 1.500 inguru gobernu-erakundetan. OpenGov-era elkartu aurretik, Europako zuzendaria izan zen Change.org herritarren eskaera-plataforman.

Ondoren, Victoria Contreras-ek esku hartu zuen, Conecta Cultura-ko zuzendari nagusiak, eta Mexikoko emakume indigenekin aurrera eramandako ahalduntze-prozesuetan izandako erronkei, akatsei eta emaitza onei heldu zien.

Bukatzeko, hizlari hauek izan ziren: Tessy Britton, Participatory City proiektuaren zuzendaria –partaidetzan oinarritutako Londresko auzo-proiektu bat–, eta Gorka Espiau, senior fellow Aguirre Lehendakaria Center-en eta The Young Foundation-eko kide, Montreal hirian lankidetzan ari den eragile anitzeko partaidetza-plataformari buruz hitz egin zuena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak