Eu

Gobernuak euskal enpresei laguntzeko eskueran dituen formula guztiak aztertzen dituela ziurtatu du Erkorekak

2017.eko uztailak 12

Euskal Exekutiboko bozeramailea elkarrizketatu dute Bizkaia Irratian

Euskal Exekutiboko bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak eskueran dituen formula guztiak aztertzen jarraitzen du zailtasunak izaten ari diren euskal enpresei laguntzeko, beren jarduera eta lanpostuak iraunaraztearren. Euskal Exekutiboa etengabeko harremanetan da enpresa horiekin, beren arduradunei eta langileen ordezkariei laguntza eta babesa eskainiz. Dena den, ohartarazi du ezin dituela enpresariak ordezkatu, besteren artean, Europar Batasunaren araudiak baztertu egiten duelako aukera hori, debekatu egiten baititu Estatuaren laguntzak.

Hala ziurtatu du gaur Bizkaia Irratian emandako elkarrizketa batean, non Euskadin agertoki globala begien bistatik ez galtzera ere animatu dien bozeramaileak, kontuan izanik pausoz pauso berreskuratzen ari dela bertan ekonomia. Erkorekak gogorarazi duenez, goranzko bidea hartu dute aurten hazkunde-aurreikuspenek. Izan ere, lehenengo seihilekoan, % 24 hazi da industri BPGa. “Itxaropentsu gaude eta Eusko Jaurlaritzak lanean jarraitzen du, baina ez da egun batetik bestera konpontzen den egoera”, adierazi du.

Bestalde, Miguel Ángel Blanco zinegotziaren omenez atzo Ermuan izandako ekitaldiari buruz galdetu diote Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari, haren hilketaren 20. urteurrenean, non talde politiko guztiek parte hartu duten, EH Bildu barne. “Pauso positiboa” bere iritziz, terrorismoaren biktima guztiak gogoratzeko ekitaldi guztietara hedatzea espero duena, azpimarratu du Erkorekak, eta eskatu du gai horren inguruan polemikarik ez sorrarazteko eta normaltasun-giroa lortu ahal izateko ahaleginak egiteko. “Ona eta beharrezkoa da oroitzea, baina ezin gara geratu atzera begira, aurrera begiratu behar da", adierazi du.

Espainiako Gobernuarekiko harremanari buruz, Erkorekak onartu egin du hobetu egin dela aurreko legegintzaldiaren aldean. Hala eta guztiz ere, garrantzizko zenbait proiektu desblokeatzea lortu badute ere, Gernikako Estatutua osorik betetzea lehentasunezkoa dela azpimarratzen du Euskal Exekutiboak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)