Eu

ETSk Durangoko tren geltoki zaharra eraisteko eta egungoaren sarbideak hobetzeko lanak lizitatu ditu

2017.eko uztailak 07

Euskal Trenbide Sarearen kontratazio mahaiak Durango proiektuko bi lan lizitatu ditu. Lehiaketara irtengo den lehenengo kontratazioa, gehienez 1,19 milioi euroko aurrekontuarekin eta 8 hilabeteko egikaritze epearekin, tren geltoki zaharra eraisteko eta inguruko lurrak egokitzeko lanei dagokiena izango da. Bigarren lizitazioak 322.000 euroko aurreikuspena du, eta sei hilabeteko epean egin beharko da, eta egungo geltokiaren oinezko sarbidea hobetzea izango du xede.

Geltoki zaharraren eraikinean bulegoak, biltegiak, komunak eta etxebizitzak daude. Higiezina, elkarren artean lotutako zenbait eraikinek osatzen dute. Orokorrean, eraikinaren estruktura hormigoi armatuzkoa da (zutabeak, habeak eta forjatuak), eta barruko banaketak adreiluzkoak dira. Teilatuaren estruktura egurrezkoa da, eta gainean teilak dauzka.

Eraispenerako erabili beharko den teknika, hasiera batean eskuzkoa izango da, eta ondoren prozedura mekaniko hidraulikoak erabili beharko dira, suntsigailuak eta zizailak eta talka mailuak, hain zuzen ere. Eraispena era selektiboan egingo da beti, eraispenaren hondakina osatzen duten materialak ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izateko eta hondakindegira eraman beharreko partea ahalik eta txikiena izan dadin.

Lanek irauten duten bitartean, arreta berezia eskainiko zaio eraikinaren hegoaldeko fatxadaren eraispenari, geltoki berritik oso gertu baitago. Hori dela eta, neoprenozko pantaila bat instalatuko da, hondakinen kontrolik gabeko erorketa saihesteko asmoz.

Egin beharreko hurrengo lana, trenbide zabalguneko tren instalazioak desmuntatzea izango da. Eragiketa horretan, geltokitik gertu dauden ekipoak edo elementuak desmuntatu eta eraman beharko dira, kableak, mentsulak, errailak, trabesak…

Amaitzeko, geltoki ondoko lurrak egokituko dira, 4.534 metro karratuko azaleran. Hesiak eta hondakinak kentzen direnean, ingurua jendeak erabiltzeko moduan geratuko da. Horrela, proiektua gauzatu ondoren, ingurua hormigoiz amaituta geratuko da, aurrerago egin beharko diren urbanizazio lanen faltan.

Durango proiektuari dagokion bigarren lizitazioa, Durangoko egungo tren geltokirako oinezko sarbidea estaltzean eta egokitzean zentratuko da, batez ere. Jarduketa hori, sarrera eta irteera nagusiko lanak egin ahal izan arte gauzatuko da, instalazioen erabileran kalitatea bermatzeko eta gaur egun erabiltzaileek jasaten dituzten arazoak saihesteko.

Gaur egun geltokiaren eraikina funtzionatzen ari da, eta herri erditik duen sarbide nagusia, proiektuan larrialdietarako irteera gisa proposatu ziren eskaileren bitartez egiten da. Geltokia gauzatu zen unean, terminalaren parte batzuk amaitu gabe geratu ziren, jatorrizko geltokia eraitsi arte, eta horien artean dago sarbide nagusia jasoko duen eraikinaren partea.

Hala ere, kontuan izanda sarbide nagusi berria ireki ondoren ere, gaur egun funtzionatzen ari diren eskailerek zerbitzua ematen jarraituko dutela, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen erakunde publikoak sarbide hori estaltzea eta egokitzea erabaki du, Durangoko tren geltokiaren proiektuari jarraipena emango dioten soluzioen bitartez. Esku-hartze horren bitartez jatorrizko proiektuaren irizpideak errespetatuko dira, irteera nagusi berriarekin edo etorkizunean egon daitezkeen handitze lanekin lehian sartu barik.

Egungo sarbidea estaltzeko proiektuaren barruan hobetu egingo da une honetan dagoen eskailera, bere malda murriztuz, eskailera mailak handituz eta eskailera buru gehiago sartuz. Geltokiaren sarbidea nabarmentzeko eta babesteko, sarbideko edikulu gisa kanporantz irtengo den elementu bat egingo da, metalezko estruktura eta kristalezko itxidura izango dituena.

Behealdeko galeria eta lehen eskailera burura heltzen diren eskailerak estaltzeko, ia horizontala izango den beirazko eta altzairuzko estruktura egingo da, erreferentzia gisa geltokiaren galeria nagusia estaliko duen elementua hartuz. Estrukturak galeriaren gidalerroa eta modulazioa gordeko ditu, eta sortutako beirazko horma-atalak une honetan daudenen antzeko tamainakoak izango dira

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko