Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernu Kontseiluak minutu bateko isilunea egin du Miguel Ángel Blanco oroitzeko

2017.eko uztailak 11

Errekonozimendu-formula guztiek "batzen" dutela ziurtatu du Erkoreka bozeramaileak

Gobernu Kontseiluak, bere gaurko bileran, minutu bateko isilunea egin du Miguel Ángel Blanco oroitzeko. Hala egin nahi izan diote omenaldia Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek duela 20 urte ETAk hil zuen Ermuako zinegotziari. Bilera amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak azpimarratu du onak direla biktimak gogora ekarri eta aitortzeko formula guztiak, eta gai horren inguruan polemikarik ez sortzeko eskatu du aldi berean. “Guztiek batzen dute”, adierazi du prentsaurreko batean, non Gobernu Kontseiluak heldutako gai guztiak ezagutzera eman dituen.

Adostutako gaien artean nabarmentzekoa da SMH-Itsas Salbamendu Humanitarioa euskal GKErekin elkarlanean aritzeko baimena, hain zuzen ere Italiako itsasertzetan errefuxiatuak erreskatatzeko lanetan. Bozeramaileak gogorarazi duenez, 2016an bakarrik Mediterraneoan 5.000tik gora hildako zenbatetsi dira, “gerratik eta miseriatik ihesi”, eta 2017ko lehenengo seihilekoan 1.800dik gora hil dira dagoeneko.

Bestalde, Erkorekak hitz batzuk eskaini dizkie Boliviako trafiko-istripuan hildako bikote bizkaitarraren gertuko pertsonei, eta bere doluminak erakutsi dizkie. Gainera, jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak familiei adierazi die prest dagoela behar diren tramiteetan haiei laguntzeko, gorpuak lehenbailehen aberriratu ahal izateko.

Hedabideek galdetuta euskal enpresa batzuek bizi duten egoerari buruz, adierazi duenez, Euskal Exekutiboa “etengabeko harremanetan” da egoera ahulean dauden enpresekin beren jarduera baita lanpostuak ere iraunarazteko aukera emango dieten irtenbide baten bila. “Kezkatuta eta lanpetuta gaude egoera zehatz bakoitzarekin eta etengabekoa da laguntza” ziurtatu du. Dena den, Erkorekaren ustez ez da begien bistatik galdu behar industri ehuna “pausoz pauso” berreskuratzen ari dela, adierazleek erakutsi bezala.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak “garrantzizko berritzat” jo du gaur arratsaldean Diputatuen Kongresuko Osoko Bilkuran gastu-sabaiari emango zaion babesa, ona baita egonkortasun instituzionalarentzat. Hala eta guztiz ere, babes hori 2018ko Aurrekontuen negoziaziotik bereizi nahi izan du, esan duenez, oraindik hasiera eman ez zaiolarik. 

2017-07-11 gai-zerrenda

Prentsa txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)