Berriak Lehendakaritza
Eu

Gizarte Segurantzaren kudeaketa “hurbilekoa” izatea aldarrikatu du Lehenakariak LagunAro BGAEren 50. urteurrenean

2017.eko uztailak 07
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Bizi den “une politiko garrantzitsua” nabarmendu du Urkulluk eta “elkarrizketa” aldarrikatzen du Kataluniarentzat irtenbide politiko bat adosteko

LagunAro BGAEren 50. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldian parte hartu du gaur Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta erakunde horrek bere ibilbidean zehar erakutsitako “ardura eta konfiantza” nabarmendu ditu bertan, baita krisi garaietan enpresei emandako laguntza ere. Lehendakariak berriro exijitu dio Estatuari Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren transferentzia, Gernikako Estatutuan jaso bezala, “hurbiletik” kudeaketa eraginkorrago bat egin daitekeela konbentzituta. 

Laneko eta Justiziako sailburu María Jesús San Josérekin batera izan da bertan Lehendakaria. LagunAroren Arrasateko egoitzan izan da ekitaldia, eta euskal instituzio nagusietako ordezkariak bertaratu dira, Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, edo Arabako Foru Aldundiko, eta Bizkaia eta Arabako Batzar Nagusietako ordezkariak ere, besteren artean. Gainera, ondokoak ere izan dira: Arrasateko alkate María Ubarretxena, LagunAro BGAEko lehendakari José Antonio Alustiza, erakunde horretako zuzendari Luis María Ugarte, baita Mondragon Korporazioko kontseilu nagusiko lehendakari Iñigo Ucín ere. 

Bizi den “une politiko garrantzitsua” azpimarratu du Lehendakariak. Hala, beharrezkotzat jo du “aurrez aurre eta elkarrizketaren bitartez errealitate nazional desberdinei erantzungo dien” Estatu eredu baten birformulazioari ekitea. Katalunia bizitzen ari den prozesuari dagokionez, bere nahigabea adierazi du elkar ulertzeko deirik entzuten ez delako, eta bere kezka agertu du autonomia bertan behera uzteari, alarma-egoerari baita armadari buruz ere zabaldutako erreferentziengatik. “Beharrezkoa da elkarrizketarako bide bat zabaltzea aurretiko baldintzarik gabe”, ziurtatu du Urkulluk, eta azpimarratu du legezkotasuna ez dela aldagaitza eta arazo politikoak konpontzeko balio behar duela.

Legezkotasuna eskatzen dutenentzat, Gernikako Estatutua, oraindik betetzen ez dena, "froga-harri" on bat izan daiteke bere ustez. Zentzu horretan, Lehendakariak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak aldarrikatzen jarraituko du Gernikako Estatutua osorik bete dadin, eta gaur zehazki Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren transferentzia aipatu du. Adierazi duenez, “hurbiletik eraginkorragoa izango da kudeaketa", LagunArok ondo frogatu ahal izan duen bezala.

ZAILTASUNAK ENPRESETAN

Lehendakariak aitortu du gainera “arazo puntualak daudela euskal enpresa batzuetan”, Eusko Jaurlaritza “oso gertutik aztertzen eta kudeatzen” ari den arazoak, alegia. “Enpresa-ehun osoari lagundu eta babesa ematen diogu, lan zuhur eta isil batetik abiatuta, aberastasuna eta enplegua sortzen dituenari", adierazi du.

Hala eta guztiz ere, Urkulluk azpimarratu duenez, positiboan doa aurrera Euskadi, enpleguaren eta ekoizpen industrialaren datuetan azterlanek ziurtatu bezala.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak