Eu

Karla Tobar eta Nagore Legarreta izan dira Wroclaw-en egonaldi artistikoak egiteko hautatutako artistak

2017.eko uztailak 05

Laugarren urtez jarraian Poloniako Wroclaw hirian (Donostiarekin batera Europako Kultur Hiriburu izan zen iaz) egonaldi artistikoak burutuko dituzte bi euskal artistak. Orain arte Donostia 2016 Fundazioak Etxepare Euskal Institutuarekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean landutako Joan-etorriak programaren baitan gauzatzen ziren egonaldi hauei jarraipena emango die honenbestez Etxparek, Wroclaw-ko Artist in Residence Programme (AIR Wro) erakundearekin batera. 

Aurtengo edizioan hautatu diren artistak eta hauen proiektuak aurkezteko Donostian egin den prentsaurrekoan, Miren Arzalluz, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, adierazi du egonaldi artistiko hauen bidez “Donostia 2016ren legatuari jarraipena” ematearekin batera, “euskal artistei prestakuntza eta zabalkunderako aukera interesgarria” eskaintzen zaiela..

Era berean, Krzystof Maj Wroclaw 2016 bulegoko Zuzendari Nagusiak ekitaldira helarazi duen testuan bere “poza” adierazi du, Donostia eta Wroclaw hirien artean hasi zen egitasmo honek jarraipena izan duelako 2016 urteaz haratago. Bere hitzetan, gaur egun duten “helburu nagusietako bat” hiruburutzen prestakuntza garaian sortutako nazioarteko harremanen “potentziala garatzea” da. Harreman hauek “kontu bereziz zaindu beharreko legatua” direla esan du.

Karla Tobar eta Nagore Legarreta, hautatutako artistak

Guztira 15 izan dira aurkeztu diren proiektuak eta horietatik Karla Tobar eta Nagore Legarretarenak izan dira hautatuak. Lehenak, espazio publikoaren eta arkitekturaren ikuspuntu alternatiboa erakutsiko duen ekintza artistikoa burutuko du; bigarrenak, Wroclaw-eko Odra ibaiari ikusteko gaitasuna emango dio kamera estenopeikoak (pinhole kamerak) erabiliz. 

Halaber, egonaldiaren barruan, hautatuako artistek hitzaldi bat emango dute eta egonaldiaren emaitzen aurkezpena egingo dute irailaren 20tik 22ra Wroclaw-en egingo den “City and Culture” izeneko nazioareko biltzarrean.

Egonaldia uztailaren 31tik irailaren 24ra burutuko dute. Horretarako, artista bakoitzak 2.000 euroko ordainsari garbia jasoko du eta proiektua aurrera ateratzeko produkzio, promozio eta komunikazio babesa jasoko dute antolakuntzatik. Era berean Wroclaw-era joan-etorriko hegaldia ordainduko zaio, baita ostatua ere.

Kulturen arteko elkarrizketa eta elkarlana

Mugikortasuna, kulturen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatzeko xedearekin sortutako deialdi honetara sorkuntza arlo anitzetako egitasmoak aurkezteko aukera izan da, bai eta dizipina anitzeko proposamenak ere, betiere Wroclaw eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzek landutako ildoekin lotura duten proiektuak izanik.

Hiria eta bere kultura elkarrizketan eta bitartekaritzan sustraitutako jarduera artistiko, kultural eta sozialen abiapuntu izan daitezke. Ikuspegi horretatik abiatuta, Wroclawen proiektu bat sortzeko gonbitea egin zitzaien eszena urbanoan interesatutako artistei. 

Honako hauek dira proiektuek landu behar dituzten kontzeptu giltzarriak: identitate eta kultura urbanoa, sarelana, komunitatea, ekologia, filosofia berdea, auto-antolaketa, koletibitatea, hirientzako erantzun berritzaileak, aktibismoa, gerrilla urbanoa eta jarduera artistikoak inguru urbano garaikideetan.

Hautatutako artistak eta landuko dituzten proiektuak: 

KARLA TOBAR
<scanner-pack>bilbao-wroclaw

Proiektuaren laburpena

Iaz Bilbon hasitako proiektuari jarraipena emango dio Wroclaw-en Karla Tobarrek. Egitasmoaren helburua, munduko zenbait lekutan, espazio publikoaren eta arkitekturaren ikuspuntu alternatiboa erakutsiko duten ekintza artistikoak egitea da. Wroclaw-en egingo duen lanak zubiak izango ditu aztergai.

Lehenik eta behin, artistak bertako zubiek bizi izan dituzten gertaera historikoak eta aldaketa estrukturalak aztertuko ditu. Jarraian ekintza-performance bat egingo du bertako artista batekin. DIY eskaneatzeko gailu batekin hiria zeharkatuko dute.

Jasotako materialarekin instalazio bat egiteko bi pieza sortuko ditu: Bilboko eta Wroclaw-eko ekintzen bideo dokumentala eta bi hirietan eskaneatutako irudiekin egindako plastikozko koadro handi bana.

Biografia

Quiton (Ekuador) jaioa (1981), Karla Tobar artista eta ikerlaria da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Artikulu zientifikoak argitaratu ditu, nazioarteko biltzarretan hitzaldiak eman ditu eta Europa eta Ameriketako zeinbat museo eta arte zentrotan erakusketak egin ditu.

Bere lanak programatutako zaharkitzeak artean duen eragina aztertzen du, baita honek ekoizpen artistikorako abiapuntu bezala eskaintzen dituen aukerak ere. Gizakiak eta makinak, akatsaren bidez elkar konektaturik, prozesu estetikoak garatzeko beste modu batzuk sortzeko aukerak eskaintzen dituzte.

NAGORE LEGARRETA

Proiektuaren laburpena

Nagore Legarretaren proiektuak Wroclaw zeharkatzen duen Odra ibaia du ardatz eta Donostiako Urumea ibaian egiten ari den lanari jarraipena emango dio bertan. 

Odra ibaia Wroclaw-en garapenaren lekukoa da, egunerokotsunaren, historiaren, gerraren eta hiriaren birsortzearen lekuko. Ibaiari hiria nola ikusten duen galdetu nahi dio eta hiritarrei ibaia nola ikusten duten. Horretarako, alde batetik, Odra-ri ikusteko gaitasuna eman nahi dio eta hiriaren argazkiak ateratzen lagundu. Ibaiaren gainazalean metalezko latekin egindako argazki kamerak jarriko ditu xede horrekin. Bestetik, hiritarrak ibaiaren argazkiak ateratzera gonbidatuko ditu (norberarentzat leku berezi eta garrantzitsueak direnak), workshop batean eskuz egindako kamerak erabiliz. Era berean, hiriko musikariak ibaiarekin hitz egitera gonbidatuko ditu lata eta edukiontziekin egindako instrumentuak eta ibaiko ura erabiliz. Elementu hauek guztiak biltzen dituen ekitaldi batekin emango dio amaiera proiektuari.

Biografia

Hernanin jaioa (1981), ikus-entzunezko ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Hernaniko Kronikan lan egin zuen garaitik (2003-2009) datorkio argazkizaletasuna eta ordutik argazkilaritza proiektuetan murgilduta egon da, bai irakasle bezala, bai artista bezala.

Argazkilaritza estenopeikoa (pinhole bezala ere ezagutzen dena) du espresiobide. Bere proiektuak Photoespaña 2016, Londresko Saatchi galeria, Errioxako Arte Gaztearen Erakustaldia, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea, Paueko Le Bel Ordinaire gunea eta Gran Canaria Foto 2017 bezalako arte-gune eta ekitaldietan ikusi ahal izan dira. Liburu bat ere argitaratu du: EDITOPOA (2011, Banizu Nizuke argitaletxea).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Irene Larraza; Karla Tobar; Nagore Legarreta