Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak esparru dokumentua aurkeztu du, krisi humanitarioari eman beharreko erantzuna partekatuta orientatzeko

2017.eko uztailak 05
  • Proposamenaren helburua maila guztietan lankidetzako espazioak eta espazio eraikitzaileak sustatzea da
  • 5 ardatz dituen jarduketa-programa planteatzen da:proposamen-izaerakoa, berritua, humanitarioa, prebentziozkoa eta posizionamendukoa
  • Eusko Jaurlaritza, urtearen hasieratik, mahai-inguru batean ari da lanean, GKEekin, hiriburuetako udalekin, Eudelekin eta foru-aldundiekin

Gobernuak esparru-dokumentua aurkeztu du; bertan, Mediterraneoan errefuxiatuta dauden pertsonek bizi duten krisi humanitarioari eman beharreko erantzunari buruzko estrategia osoa jasotzen da. Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen eta gaitasunen barruan, testu honetan hausnarketa, helburu eta jarduketa zehatzak jasotzen ditu, eta horiek XI. legegintzaldian beteko ditu, 2017-2020 Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Planaren barruan.

“Eusko Jaurlaritzaren Esparru Dokumentua, krisi humanitarioari eman beharreko erantzun soziala, politikoa, erakundeen artekoa eta sailen artekoa partekatuta orientatzeko” dokumentua gaur goizean aurkeztu da Lehendakaritzan egin den prentsaurrekoan. Aurkezpenean, Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak;  Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak; Ernesto  Sainz Lanchares Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak; eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak parte hartu dute.

EDUKIA

Dokumentua hiru zatitan dago egituratuta: oinarriak, esparrua eta jarduketa-plana.

Horietako lehenengoan, “oinarriak” izenekoan, bi oinarri identifikatuko dira: konpromiso etikoa eta araudi-konpromisoa.  Txanpon bereko bi aurpegiak dira; izan ere, lehenengoak hautaketa-izaera du, enpatia eta elkartasuna aukeratzekoa axolagabetasunaren aurrean; eta bigarren oinarriak nazioarteko eta Europako eskubidearen betebeharra adierazten du.

Bigarren zatiak jarduketa-esparruari egiten dio erreferentzia.Lehenengo atalean, 7 puntutan laburtutako analisia egiten da, 2015etik Mediterraneoan errefuxiatuta dauden pertsonek jasaten duten krisi humanitarioari buruzkoa, bai eta Europaren erantzun urriari buruzkoa ere. Jarraian, sei helburu ezartzen dira, eta horiek ideia nagusi batean laburtzen dira: errefuxiatuak hartzeko gaitasuna hobetzeko erantzun integralaren esparrua sustatzea, kuantitatiboki eta kualitatiboki. Azkenik, hiru jarduketa-irizpide ere ezartzen dira: ikuspegi integrala, maila anitzeko lankidetza eta konpromiso-proposamen metodoa.

Hirugarren zatian, jarduketa-plan bat zehazten da, esku hartzeko bost ardatzekin.

1. Proposamen-izaerako ardatza. Helburua harrera- eta abegi-sistemak eraldatzeko eta hobetzeko proposamenak aurkeztu eta sustatzea da, bereziki Espainiako Gobernuari dagokionez. Hori horrela, Eusko Jaurlaritza hiru ildotan ari da lanean:

-      -Auzolana proposamena garatzen jarraitzea (errefuxiatuen harreran Errefortzu Sistemaren gaineko esperientzia pilotua garatzeko prozedura).

-      -Bisa humanitarioen bidea aktibatzeko proposamena sustatzen jarraitzea.

-      -Jardunbide egokien identifikazioa oinarri hartuta beste proposamen batzuk aztertu eta sustatzea.

2. Ardatz berritzailea. Helburua da euskal erakundeen eskumeneko guztian berriztatzeak proposatzea, lau hobekuntza-ildorekin: (1) aurrerapena, (2) harrera, (3) integrazioa eta (4) prozesuaren ondokoa. 2017ko urtarriletik, Euskadin lan-mahaia eratu da GKEekin, hiriburuetako udalekin, Eudelekin, hiru foru-aldundiekin eta gaian eskumena duten Eusko Jaurlaritzaren sailekin. Mahai honetan identifikatzen, garatzen eta ebaluatzen dira planteatu beharreko erreformak.

3. Ekintza humanitarioaren ardatza. Une bakoitzean premiazko inplikazio humanitarioa behar duten egoerekin konpromiso proaktiboa hartzea da. Konpromiso hori hiru garapen-ildo nagusitan islatzen da: (1) premia humanitarioko deiei erantzutea, (2) esku-hartze humanitarioaren berezko ekimen-programa zehaztea, eta (3) adingabeei dagokienez erantzun espezifikoei arreta berezia eskaintzea.

4. Prebentzio-ekintzaren ardatza.Bakea, justizia eta berdintasuna gehien behar duten herrialdeetan jarduten duten proiektuen laguntzan eta garapenean islatzen da, prebentzio-erantzunaren bidez eta lankidetzako politiken bitartez, zuzenekoa izan edo gizarte- edo erakunde-eragileen bitartez izan. Bi ildo lehenetsiko dira: gatazkak modu baketsuan konpontzea eta gizarte-eskubideak berreraikitzea.

5. Posizionamendu-ardatza.Erakunde baten posizionamenduak, kasu honetan Eusko Jaurlaritzarenak, eragin erlatiboa du, baina garrantzia argia da. Posizionamenduak zehazten du barnean eta nazioartean ondorioak dituen egoera jakin baten aurrean begiratzeko, aztertzeko eta jarduteko modua. Hori dela eta, bosgarren jarduketa-ardatz hori bi eremu hauetan banatzen da: nazioartekoa, Eusko Jaurlaritzaren ahotsa Europako eta nazioarteko instantzietan entzunaraziz; eta barnekoa, euskal gizartean bizikidetza irekiaren kultura sustatuz.

TESTUINGURUA

2016an bakarrik, kalkulatu da 5.000 pertsona baino gehiago hil direla Mediterraneoan, gerratik eta miseriatik ihes. 2017ko lehen hiruhilekoan, dagoeneko, 1.800 hildako dira. Premia humanitarioa gorabehera, erantzuna etsigarria izaten ari da. Europar Batasunak, 2015ean, birkokapenen eta birkokatzeen bidez 182.504 pertsona hartzeko konpromisoa hartu zuen. 2017ko ekainerako, 37.288 pertsona baino ez ziren hartu. Espainiako Gobernuak guztira 17.337 pertsona hartzeko konpromisoa hartu zuen. 2017ko maiatzerako, 1.304 pertsona baino ez zituen hartu.

Euskadin, denbora horretan, 307 plaza sortu dira; horietatik nazioarteko babesaren 450 eskatzaile igaro dira. Hala ere, 50 inguru baino ez zetozen birkokapen edo birkokatzeetatik. Euskadiko gainerako plazak Espainiako estatura munduko hainbat tokitatik beren baliabideez heldu diren eta nazioarteko babesa eskatu duten pertsonek bete dituzte.

Egoeraren larritasuna, lehentasuna eta Europaren erantzunaren datu urriak bat datoz puntu batean: erantzun eraginkorra behar da. Eusko Jaurlaritzak, dituen eskumenak eta gaitasunak kontuan hartuta, errealitate hori eraldatzen lagundu nahi du.  Hala ere, abiapuntua gaitasunen esparruak baldintzatzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak