Eu

Artolazabal: “langabeziak % 2,21 egin du behera ekainean; 2.967 langabe gutxiago daude Euskadin, batez ere gazteen artean”

2017.eko uztailak 04

Artolazabal:“langabeziak % 2,21 egin du behera ekainean; 2.967 langabe gutxiago daude Euskadin, batez ere gazteen artean”

 

  • Lurraldeen arabera, nabarmentzekoa da Gipuzkoako beherakada, suspertze turistikoak sustatuta
  • “Suspertzeak aukerak dakarzkie egoera konplexuetan bizi direnei”, esan du sailburuak
  • Ekainean, guztira, 93.579 kontratu sinatu ziren; gehiengo historikoa

 

Euskadin erregistratu den langabezia-tasak, ekainean, % 2,21 egin du behera eta % 12,5ekoa da, 2.967 langabe gutxiago duela hilabete baino eta 13.000 gutxiago, duela urtebete baino. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “datua positiboa da, batez ere kontuan hartuta langabeziak behera egin duela hiru lurraldeetan, gizon eta emakumeen artean, bai eta epe laburreko eta luzeko langabeen artean ere. Bai eta adin-tarte guztietan ere, baina gazteen artean ikusten dugu beherakada esanguratsuagoa dela”.

 

Ekainean, 131.000 langabe erregistratu dira. Beherakada egon bada ere, Artolazabal arduratuta dago “gure langabeen ia erdiak 44 urte baino gehiago dituelako eta egoera horretan bi urte baino gehiago daramalako.  Baina alde positiboan ikusten dugu epe luzeko langabeek ekainean lan-aukerak ere aurkitu dituztela, 1.000 pertsonak baino gehiagok. Suspertzea, halaber, oso egoera konplexuetan bizi diren pertsonentzako aukerak sortzen ari da, eta hala izaten jarraitzeko lanean jarraitu behar dugu”.

 

“Kontratuak direla eta, ekainean gehiengo historikoa lortu dugu; 93.000 kontratu baino gehiago sinatu dituzte 63.000 pertsonak baino pixka bat gehiagok. Beraz, hilabetean kontratu batzuk sinatzen dituzten pertsonak daude. Enplegu gehiago behar da, baina horien kalitatea hobetu egin behar da. Aurten, orain arte, sinatu diren kontratuen % 8 mugagabea da; nahiz eta duela urtebete baino gehiago den, ez gara horrekin konforme geratzen”, esan du Artolazabalek. Sailburuaren iritziz, hileko bilakaera positibo antzean izan da. Langabeziaren bilakaerak, ekainean, atzerakada txikia izan du urte arteko saldoan, eta 13.156 langabe gutxiago izan dira, pasa den hilean baino 621 gutxiago.

 

Aurtengo ekainean, langabeziak behera egin du, gizonetan emakumeetan baino gehiago.Gizonen artean, % 3,2 egin du behera eta, emakumeetan, % 1,4. Urtean, gizonezkoen langabeziak % 12,2 egin du behera eta, emakumeenak, % 6,6. Gaur egun, langabeen % 56,1 emakumea da; krisialdiaren hasieran, gizonezkoen langabezia okerragoa izan zenez, sexuaren araberako langabe-kopurua oso antzekoa izan zen. Gizonengan gehiago nabaritu zen krisiaren eragina, baina berreskurapena ere hobea da.

 

Langabeziaren beherakada handiena 16 eta 24 urte bitarteko pertsonen artean dago, eta txikiena, 54 urtetik gorakoetan. Urte arteko saldoan korrelazio handia ikusten da langabeziaren beherakadaren eta enplegu-eskatzaile langabe gazteen artean. Langabeen erdiak ia 44 urtetik gora du; laurden batek 54 urte baino gehiago, eta beste laurdena ez da 35 urteetara iristen. Lan-merkatuan berriro sartzeko zailtasunek gora egin dute langabeen adinak gora egin ahala. Krisiak egiturazko langabezia-poltsa handiak utziko ditu langabe helduenen artean, egungo hobekuntza ekonomikoaren egoera gorabehera.

 

Jarduera ekonomikoa

Ekainean, zerbitzuen sektoreko langabe-kopuruak % 1,9 egin du behera, 1.651 pertsona gutxiago. Industrian, langabeziak % 2,5 egin du behera, 401 pertsona gutxiago daude langabezian, eta eraikuntzan, % 2,8, 329 pertsona gutxiago. Balio erlatiboetan, beherakada handiena aurretik enplegurik izan ez duten pertsonen artean izan da, % 3,8ko murrizketa izan dutela, baina, balio orokorretan, beherakada 603 pertsonakoa izan da. Langabeziak lehen mailako sektorean baino ez du egin gora; 17 pertsona gehiago daude langabezian.

 

Lotutako langabeziaren beherakadari dagokionez nabarmenenak diren jarduerak, oro har, azken hil honetan, honako hauek izan dira: txikizkako merkataritza (-584), egoitza-establezimenduetako asistentzia (-281), eraikuntzen zerbitzuak eta lorezaintza-jarduerak (-252), eraikuntza espezializatuko jarduerak (-208), osasun-jarduerak (-177), enpleguarekin lotutako jarduerak (-170), produktu metalikoen fabrikazioa (-106), handizkako merkataritza (-105), eta ostatu gabeko gizarte-zerbitzuen jarduerak (-105).  Ekainean, langabeziak gora egiten du hezkuntzan; 569 langabe gehiago daude.

 Hil horretan, nabarmena da epe laburreko langabezia; 1.926 langabe gutxiago dago. Epe luzekoan, 1.041 pertsona gutxiago. Hala ere, urteko erreferentzian murrizketa handiagoa da epe luzeko kolektiboan. Suspertze ekonomikoa ere aukerak ematen ari da pertsona kronifikatuenei.

 Azken hilean, langabeziak lurralde guztietan egin du behera, eta Gipuzkoa nabarmendu behar da, % 3,7ko beherakada izan baitu; Arabak % 1ekoa eta Bizkaiak % 1,9koa. Langabeziak Araban % 9,6 egin du behera azken urtean, EAEko batez bestekoaren goitik.  % 13,2ko langabezia erregistratu da, EAE osoan baino 7 hamarren gehiago. Gipuzkoan, langabeziak % 11,7 egin du behera azken urte honetan, Araba baino pixka bat gehiago. Lurralde historiko horrek egin die hoberen aurre krisiaren ondorioei, eta badirudi hura dela hoberen prestatuta dagoena egoera horretatik lehenago ateratzeko. % 10,1eko langabezia erregistratu da, EAEko baxuena. Bizkaian, urte arteko beherakada % 7,7koa izan da, EAEko baxuena.

 

Eskatzaileak, 2017ko ekaina               

                                            2017ko eka.                           2017ko mai.           Saldoa                   Eb. %

                               

Araba                                    21.400                                  21.610                    -210                       -0,97

Bizkaia                                 75.351                                   76.781                   -1.430                     -1,86

Gipuzkoa                              34.518                                   35.845                   -1.327                     -3,70

EAE                                      131.269                                 134.236                  -2.967                     -2,21

 

 

Euskal hiriburuen artean, Donostiak 360 langabe gutxiago ditu, Vitoria-Gasteizek 173 gutxiago eta Bilbok 106 gutxiago. Ekainean langabezian beherakada izan dute, halaber, honako eskualde hauek, besteak beste: Ezkerraldea (-536), Bidasoa Beherea (-159) eta Durangaldea (-134). Langabezian gorakada erregistratu duten eskualde bakarrak Arabako Errioxa (+46) eta Arabako Lautada (+10) izan dira, oraindik, ziurrenik, nekazaritza-kanpainak izango dituzte egiteko.

Pasa den hilabetea dela eta, kontratu-kopuruak % 6,1 egin du gora, eta iazko hil beraren aldean, % 5,0. Aurtengo ekainean egon den gorakada laburrena izan da azken urteotan, baina kontuan izan behar da hazkuntza-marjina txikiagoa dela, kontratazioaren zifrak oso altuak direlako. Kontratazioaren gorakada gehien izan duten jarduerak honako hauek izan dira: jolas-jarduerak (+1.902), ikasleentzat, ikasturtea amaituta, jolaserako zenbait jarduera jarri baitira martxan; industrialak (+1.572); eta merkataritza (+1.099). Beherakada gehien izan dutenak lehen mailako sektorekoak (-1275) eta ostalaritzakoak (-750) dira. Beherakada izan dutenen artean, hezkuntza-sektorearen jardueraren beherakada nabarmentzen da; sektore hori sukaldaritza-zerbitzuen eskariaren zati garrantzitsua da.

 

Ekainean, kontratazio-bolumenak Araban % 3,52 egin du gora, lehen mailako sektorearen jarduera txikiagoagatik, Bizkaian gorakada % 5,35ekoa izan da eta Gipuzkoan % 9,10ekoa; Gipuzkoa da portaera hobea izan duena, zati batean sektore turistikoaren dinamismo handiagoagatik. 2016ko ekainaren aldean, bilakaerarik onena Arabak izan du; % 9,2 gorakada izan du. Gipuzkoan gorakada % 7,1ekoa izan da eta, Bizkaian, % 2,3koa baino ez.

 

Azken hil honetan, 63.137 pertsona kontratatu dira; horietatik, % 47,2 emakumea izan da. Kontratatutako pertsona-kopuruak % 16,51 egin du gora, aurreko hilaren aldean, eta % 6,2, iazko maiatzaren aldean.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @iozamizu
    2017.eko uztailak 04

    Comentario de Twitter:
    Artolazabal: “el desempleo se reduce un 2,21% en junio con 2.967 personas paradas menos en Euskadi beneficiando ... https://t.co/P1M35ZZLio

Ekitaldiko kargudunak