Eusko Jaurlaritzak Kiroleko dopinaren aurkako legearen zigorrak gogortuko ditu
Gobernu Kontseiluak baimena eman du Adikzioen VII. Planerako
Gobernu Batzordeak Kiroleko dopinaren aurkako legea aldatzeko lege-proiektua onartu du bere gaurko bileran. Aldaketa horren xedea da euskal arautegia Dopinaren aurkako Munduko Kodera egokitzea eta berritasun nagusia zigorren gogortzea izango da; esate baterako, arau-hauste larriengatik ezartzen den bi urteko zigorra lau urtekoa izatera pasatuko da. Horrela azaldu du gaur Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak astearteroko prentsaurrekoan.
Legea aldatzeko proiektu honek, gainera, zigortutako beste jokabide batzuk planteatzen ditu, eta Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia aitortzen du Euskadin dopinaren aurka borrokatzeko eskumena duen zerbitzu gisa. Aurrerantzean, Legebiltzarreko taldeek eztabaida irekiko dute eta ekarpenak egin ahalko dizkiote dokumentuari eta, horrela, amaierako testua prestatu, ahalik eta adostasun gehienarekin.
Gaur Gobernu Kontseiluan Euskadiko Adikzioen VII. Planaren onespenarekin batera hartu den erabaki nagusietako bat da; lema “Arriskuei aurre eginez, Osasuna eraikiz” da. Jon Darpón Osasun sailburuak esan bezala, dokumentu honen helburua da adikzioa sortzen duten substantzien kontsumoa eta jokabide-adikzioak murriztea, 16 helbururen eta osasuna prebenitzeko eta sustatzeko, eskaintza eta eskaria murrizteko eta asistentzia soziosanitariorako eta gizarte-inklusiorako 49 ekintzaren bidez.
Gainera, María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak gizarte-ekonomiaren sektorearen ekintzailetza sustatzeko bi laguntza-programen berri eman du. Era berean, Gobernu Kontseiluak merkataritza-sektorearentzako bi laguntza-programa onetsi ditu; laguntzak 2 milioi eurotik gorakoak dira.
GAURKOTASUNEKO GAIAK
Komunikabideek Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari Espainiako Gobernuak, EPPK presoen kolektiboen oraintsuko iragarkiaren ondoren, espetxe-politikaren inguruan duen jarrerari buruz galdetu diotenean esan du “nobedosoa eta garrantzitsua” iruditzen zaiola Juan Ignacio Zoido Barne ministroak esatea ETAko presoek gainerako zigortuen eskubide berak izango dituztela.
Ekonomiari dagokionez, Erkorekak esan du Eusko Jaurlaritza, asteon, CNA Taldeko arduradunekin batuko dela, Fagor-Edesaren –hartzekodunen konkurtsoan dago– jarduerari eta enpleguari eusten zaiola bermatzen duen irtenbidea bilatzeko ahalegina egiteko. Bozeramaileak enpresa-taldeari orain arte izan duen jarreraren bestelakoa izateko eskatu dio, eta esan du enpresa-taldeak bideragarritasun-plana aurkeztuko duela, 15 eguneko epean.
Bestalde, San José sailburuak Eusko Jaurlaritzaren doluminak helarazi nahi izan dizkie atzo Euskadin lan-istripuan hil diren bi langileen familiei. Enpresei, sindikatuei eta Osalani eskatu die “borrokan jarraitzeko”, horrelakorik berriro ez gertatzeko.
-
2017-07-05
Comentario de Twitter:
El Gobierno Vasco endurecerá las penas de la Ley contra el #Dopaje en el #Deporte https://t.co/U674ZlmEAU #euskadi