Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak dekretu-proiektu bat prestatu du larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren eremuko Eusko Jaurlaritzaren sariak sortzeko

2017.eko uztailak 03

Segurtasun Sailak dekretu-proiektu bat prestatu du larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren eremuko Eusko Jaurlaritzaren sariak sortzeko. Helburua da jendaurrean aintzat hartzea, batetik, larrialdietan esku hartzeko zerbitzuetako langileen jarduketa aipagarriak eta, bestetik, herritarren inplikazioa eta laguntza arrisku kolektibo larriko, hondamendiko eta lazeria publikoko egoera larrietan pertsonak eta haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko lanetan.

Aldez aurretik, eta abenduaren 22ko 8/2003 Legeari, Xedapen Orokorrak egiteko Prozedurarenari, jarraituz, proiektua jendaurrean jarriko da eta 20 eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

Ohorezkoak izango diren sari horien bidez saritu nahi dira, batetik, Larrialdiei aurre Egiteko Euskal Sistemako zerbitzuak eta langileak eta, bestetik, larrialdi-egoeren ondorioak minimizatzen eta arintzen laguntzen duten prebentzio-lanetan indibidualki nahiz kolektibo gisa nabarmendu diren pertsonak eta erakundeak.

Sarietan hiru kategoria izango dira:

- Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina, EAEn nahiz EAEtik kanpora larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren eremuan beren jarduketarengatik edo jarduerarengandik indibidualki nabarmendu diren pertsona fisikoak aintzat hartzeko. 

Domina honekin aintzat hartu ahal izango dira Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemako oinarrizko zerbitzuetako eta zerbitzu osagarrietako pertsonak nahiz larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako jarduera aipagarriren bat edo merezimenduzko jardueraren bat egin duen edozein pertsona fisiko.

Hemen bi modalitate planteatzen dira:

a) Bereizgarri gorridun domina: pertsonak edo ondasunak arriskuan jarri dituen egoera baten aurrean aparteko karra, ausardia, gizatasuna edo gizarte-elkartasuna erakutsi duten ekintza edo jarduera bikainak saritzeko.

b) Bereizgarri berdedun domina: merezimenduzko ekintzak edo jarduerak saritzeko.

- Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diploma.  Honen helburua da larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren eremuan bere jardueragatik nabarmendu diren pertsona juridikoak, publikoak edo pribatuak, saritzea, aurreko termino beretan, bai eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Zerbitzuan parte hartzen duen edozein erakunde, elkarte edo zerbitzu ere.

- Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen lana aintzat hartzeko diploma. Kasu honetan bi kategoria planteatzen dira:

a) Bereizgarri zuridun diploma, babes zibilaren eremuko boluntario-elkarteetako kide diren boluntarioak, hamar urtetik gorako jarduera egiaztatuta dutenak, saritzeko.

b) Bereizgarri gorridun diploma, babes zibilaren eremuko tokian tokiko boluntario-elkarteetako kide diren eta 25 urteko jarduera egiaztatuta duten boluntarioak eta Euskadiko babes zibilaren eremuko tokian tokiko boluntario-elkarteak, 25 urteko jarduera egiaztatuta dutenak, saritzeko.

Gaur egun Euskadiko ordenamenduan ez dago Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren ikuspegitik era horretako jarduerak saritzen dituen ohorezko saririk.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko