Eu

Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria Mexikoko Diez Barroso Nazioarteko Txapelketan izan da, zesta-puntaren nazioarteko proiekzioa babesten

2017.eko uztailak 02

Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria Mexikon izan da egunotan, zesta puntaren nazioarteko proiekzioa babesten. Jai Alai World Tourraren barruan, Diez Barroso Nazioarteko Txapelketa ospatzen ari da azken egunotan, eta hitzordu honekin batera Mexiko Hiriko gazteentzako jai alai eskola berria aurkeztu da. Eusko Jaurlaritzako ordezkaria bietan egon da eta nabarmendu du gure kirolak babestearen garrantzia.

Jai Alai World Tour-erako puntuagarria, Diez Barroso Nazioarteko Txapelketa Amerikan kirol honek duen hitzordu garrantzitsuenetako bat da. Lau egunez punta-puntako espezialistak biltzen dira Mexiko Frontoian eta kirol honetako ikuskizunik onena eskaintzen dute. Atzo, finalerdiak hasi baino lehenago, frontoia beteta zegoelarik, beste ekitaldi hori ere egon zen: zesta-punta eskola berriaren aurkezpen ofiziala. Eskola honek 12 gazte ditu jadanik eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du. Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritzak diruz laguntzen du ekimen hau, materiala erosteko diru-laguntza baten bidez.

Jon Redondok adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoetako bat gure kirolak sustatzea da: “Gure kirolik nazioartekoena izan da zesta-punta hainbat urtez, eta oraindik ere badu publiko zabala munduko hainbat txokotan. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, eta bere menpe dagoen Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzak, gure kirolak babesteko bere konpromiso nabarmendu dute, gure herriaren nortasunaren eta identitatearen parte garrantzitsua baitira. Kasu honetan, gainera, gure herria munduan proiektatzeko aukera ematen digu. Zesta-punta eskola berria lagungarria izango da kirol eder honen etorkizuna sustatzeko gure mugetatik harago”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak