Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzak herritarrak kontzientziatzeko deia egiten du, udan etxebizitzetan lapurretak saihesteko

2017-07-01

Prebentzio-neurri sinple batzuk hartzeak etxebizitzen segurtasuna areagotzen du era honetako delituen aurrean

Ertzaintzak ohartarazten du udako hilabeteetan erne egon behar dela etxebizitzetan lapurretarik egin ez dezaten. Oinarrizko prebentzio-neurri batzuk hartzea eta arau sinple batzuk jarraitzea dira gizartean alarma handia sortzen duten era horretako delituen aurrean gure etxebizitzen segurtasuna nabarmen areagotzeko gakoak.

2016ko uztailean eta abuztuan etxebizitzetan egindako lapurreten 481 salaketa ikertu zituen orotara Ertzaintzak Euskadin, eta guztira 51 delitugile eraman zituen epailearen aurrera. Etxebizitzetan lapurreta ugari egin zituzten lapur espezializatuak, Estatuko leku ezberdinetan azpiegitura sendoak zituzten banda ibiltarietako kideak, ziren asko eta asko.

Banda horien modus operandiak ezaugarri jakinak izaten ditu beti:

  • Etxebizitzaren sarrerako atean “erlaitz" bat jartzen dute (argazkikoa bezalakoa). Era horretara, atea zabaltzean erlaitza erori egiten denez, egun horietan etxean norbait badabilen jakin dezakete.
  • Erlaitzak hainbat egunetan bere lekuan jarraitzen badu, sarraila manipulatzen dute, bortxatu beharrik izan gabe, eta atea zabaltzen dute.
  • Etxea zehatz-mehatz miatzen dute, eta lapurretaren ondoren dena hankaz gora uzten dute.
  • Batez ere dirua eta bitxiak lapurtzen dituzte, baina baita aparatu elektroniko txikiak, argazki-kamerak, eta era horretako objektuak ere.

Erne egon

Udako oporrak hurbiltzen ari direla eta, Ertzaintzak herritarrei eskatzen die erne egoteko, eta era horretako lapurretei aurrea hartzeko lagungarriak izan daitezke arau batzuk jarraitzeko:

  • BETI itxi etxeko sarrerako atearen sarraila giltzaz (bi buelta eman).
  • Saiatu sarraila modernoak, behar adinako segurtasun-bermeak ematen dituztenak, jartzen.
  • Aztertu atearen markoa tarteka, erlaitzen bat jarri ote duten ikusteko; halakorik hautematen bada, berehala jarri jakinaren gainean Ertzaintza.
  • Postontzietako posta eta publizitatea sarri erretiratu, eta etxean norbait dagoela aditzera emango duten gailuak erabili.
  • Konfiantzazko jendearekin hitz egin zure etxera sarri samar bisita egin dezaten eta nola dagoen ikus dezaten.
  • Ez esan jendaurrean, ezta sare sozialetan ere, zein egunetan ez zaren etxean egongo. Ez utzi halako mezurik erantzungailuan.
  • Higiezinari atxikita aldamioak badaude, ondo itxi leihoak eta pertsianak.
  • Ertzaintzara deitu portal barruan edo inguruan pertsona susmagarriren bat ikusten baduzu.
  • Lapurreta egin badizute, ez ukitu ezer, ez jarri gauzak bere lekuan, eta berehala deitu Ertzaintzara.

Ertzaintzaren www.ertzaintza.net  webgunean daude oporraldietarako aholku orokorrak, eta horien artean hutsik uzten ditugun etxebizitzetan lapurreta egitea saihesteko neurriak.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @rgartzia
    2017-07-03

    Comentario de Twitter:
    La Ertzaintza llama a la concienciación ciudadana para evitar robos en viviendas durante el verano... https://t.co/33tpY2okqs

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko