Berriak Lehendakaritza
Eu

Emakundek gogoratu du hainbat herrik egokitu dituztela euren tradizioak eta Iruneko alardean ere elkarrizketa eskatu du

2017.eko ekainak 30

Gaur Irunen San Martzial jaiak direla eta, bertan izan dira Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, eta Emakundeko idazkari nagusi berria, Zuriñe Elordi, Alarde Mistoari babesa emateko. Landaidak gogoratu du gero eta herri gehiago direla herritarren laguntzarekin euren tradizioak egokitu dituztenak emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko eta dei egiten die Irungo Udaleko ordezkariei eta bertako biztanleei aurrera pausoa eman dezaten Irunen ere. Emakunderen ustetan tradizioak herrien giza kohesiorako funtsezko elementuak dira, testuinguru jakin batean sortzen diren tradizioak, baina eboluzionatu egin behar dute garai berrietara egokitzeko. Honek ez du tradizioen kontra egitea suposatzen, aberastea baizik, emakume eta gizonei eskubide berdinak emanez.

Emakunderen ustetan, elkarrizketa da bide eraginkorrena errespetuan eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrerapausoak emateko. Emakunderen iritziz elkarrizketa lehen pausoa da, ezinbestekoa, elkarbizitza lortzeko eta gogoratu du herriaren gehiengoak erakunde publikoei eskatzen diela jarrera aktibo bat izan dezaten konponbide batera heldu ahal izateko. Hau dela eta, deia egin die udaleko talde politiko guztien ordezkariei elkarrizketa prozesua bultzatu dezaten.

Emakundek gogoratu nahi du berdintasuna balore soziala eta demokraziaren oinarrizko ardatza dela, etalegeak hala aginduta, erakunde publikoek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko obligazioa dutela emakumeek ospakizun honetan parte hartu ahal izan dezaten gizonek dituzten baldintza berberekin. Horretarako ikusten du elkarrizketa, elkarlana eta akordioa direla arazo hau konpontzeko tresnak. Eta hain justu tresna horiek erabiltzen jarraituko du Emakundek, orain arte egin duen bezala, hainbat herrietan egin dutena ikusita, posible delako tradizioak egokitzea

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak