Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Lide Amilibia: “Gizarte bat benetan aberatsa da, herritar guztientzat hala denean, pertsona orok ondasun material eta immaterialetara jotzerik duenean”

2017.eko uztailak 03

-        Erakusketa ibiltariaren aurkezpen-ekitaldia, ONCEk Bilbon duen Museo Tiflologikoaren 25. urteurrena ospatzeko

-        Erakusketa ibiltaria Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan dago ikusgai

 

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak gaur esan du “gizarte bat benetan aberatsa dela, herritar guztientzat hala denean, pertsona orok ondasun material eta immaterialetara, hezkuntzara, prestakuntzara, lanera eta abarretara jotzerik duenean. Bai eta aisiara eta kulturara ere, zalantzarik gabe”. 

Itsuen Erakunde Nazionalaren (ONCE) Museo Tiflologikoaren 25. urteurrena ospatzeko erakusketa ibiltaria Bilbon finkatu da eta haren aurkezpen-ekitaldian, Isabel Sánchez Robles Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru-diputatuak eta Juan Carlos Andueza ONCEko lurralde-ordezkariak ere parte hartu dute. Bertan, Amilibiak esan du “gure oinarrizko helburua dela herritarren autonomia pertsonala sustatzea, bizitza duina, erabatekoa, kalitatekoa izan dezaten ahalegina egitea, beren eskubideak bermatuko dituena, eta bizitza hori ahalik eta independenteena izatea”.

“Eusko Jaurlaritzak ez ditu bakarrik arauak eman nahi. Desgaitasunen bat dutenen iritziak eta kezkak entzun, ulertu eta horiei balioa eman nahi diegu”, esan du sailburuordeak; halaber, Euskadiko hirugarren gizarte-sektorea eratzen duten erakundeen lana nabarmendu nahi izan du, besteak beste, ONCErena, izan ere, “eskutik joanda ere beharbada bidea ez da laburragoa izango, baina gure pausoak egonkorragoak izango dira”.

Amilibiak gainera azaldu du “pertsonen eskubideak, duintasuna eta ongizatea defendatzeak dakarrela administrazio publikoak neurri aringarri sinpleak gainditzen dituzten neurriak hartzea”.

Erakusketa ibiltaria

Museo Tiflologikoa ONCEk sortu zuen 1992an, eta Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalak, hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko, bere lanen erakusketa jarri du ikusgai, hainbat hiritan.

Museo Tiflologikoa (http://museo.once.es) publiko ororentzako espazio irisgarria da; bertan, informazioa jasotzeko kanal gisa, ukimena eta entzumena erabiltzen dira, ikusmenaren kanal tradizionalarekin batera. “Museo batera normaltasunez jotzeko beharra, ikusmen-gutxiegitasuna oztopo gaindiezina izan gabe piezak aztertzeko eta horiez gozatzeko orduan, nobedadea izan zen”, esan du Amilibia sailburuordeak. Sailburuordeak ospatu du erakusketa ibiltariak Euskadiri “hurbildu izana erabiltzaileen beharrei erantzuteko prestatu eta diseinatu den museoa nolakoa den erakusteko lagin orijinal hau”.

ONCEren Museo Tiflologikoaren 25. urteurreneko erakusketa ibiltari honetan ikusgai dauden pieza guztiek izenburuak Braille sisteman dute, eta QR kodeak dituzte, itsutasuna edo ikusmen-gutxiegitasuna duten pertsonentzako informazio irisgarriarekin, telefono mugikorren bidez, bai eta beepcons-ak ere, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei hurbil dauden objektuak identifikatzen eta aurkitzen laguntzeko bereziki diseinatutako gidatzeko baliza adimentsuak, mugikorreko aplikazio baten bitartez.

Erakusketa ibiltaria Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan dago ikusgai, Bilboko Maria Diaz Haroko kalean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Carlos Andueza,