Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Garapen Lankidetzaren Ellacuría Saria

2010.eko azaroak 19

 

"Las Dignas" El Salvadorko emakumeen kolektiboak jasoko du Garapen Lankidetzaren Ellacuría Saria

 

Herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokarako erakundeen eta pertsonen ekarpena onesten duen Eusko Jaurlaritzaren garapen-lankidetzarako "Ignacio Ellacuría" saria El Salvadorko  duintasunaren eta bizitzaren aldeko Emakumeen "Las Dignas" elkarteak jasoko du aurten. Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak emango dio saria elkarte horren arduradunari Bilbon, azaroaren 23an, Marta Ares Eusko Jaurlaritzako Garapen Lankidetzarako zuzendariaren partaidetza ere izango duen ekitaldian.

Euren herrialdeko erkidegoak garatzeko El Salvadorko kolektiboak eginiko ekarpena nabarmendu du Ignacio Ellacuría sariaren epaimahaiak bigarren edizio honetan eman duen epaian, eta bereziki goraipatu du "emakumeen ahalduntzea eta herritartasun indibidual eta kolektiboa baliatu ahal izateko egindako lana, pobrezia desagerrarazteko tresna gisa". Erakundearen hogeigarren urteurrena betetzen den honetan epaimahaiko kideek baloratu dute, halaber, "Euskadiko lankidetza-elkarteekin batera jorratu duten lankidetza-ibilbide luzea".

El Salvadorko 1990eko Bake Akordioen hastapenean sorturikoa, honela definitzen du bere burua "Las Dignas" kolektiboak: "erakunde feminista autonomoa, hauslea, kreatiboa eta askotarikoa (...) ordena patriarkal, kapitalista eta heterosexista desagerraraztea bilatzen duena gizarte-, politika-, kultura-, ingurumen- eta ekonomia-arloko eraldaketen bidez, betiere emakumeen mendetasuna eta zapalkuntza ezabatzen badute eta eskubide sexual eta erreproduktiboen errespetua eta horiek baliatzeko aukera bermatzen badute".

Euskal lankidetzak sari bat izan du 1991z geroztik pobreturiko herrialdeekin elkartasunaren esparruan bereziki nabarmenduriko ibilbide pertsonalak onesteko, baina zehazki 2008an eratu zen Ignacio Ellacuría saria, justiziaren kausarekin konpromiso bizi-indarrezko eta intelektuala nabarmen hezurmamitu zuen euskal jatorriko pertsona bati egindako omenaldi gisa, eta betiere pertsona pobreen alde, bidezkoak ez ziren egituren eraldaketaren bidez.

Ignacio Ellacuría Portugaleten, Bizkaian, jaio zen 1930eko azaroaren 9an. Oso gazte zela Jesusen Lagundian sartu zen, eta une horretatik aurrera, prestakuntza eta dedikazioa zirela-eta egin zuen ibilbideak hainbat lekutara eraman zuen. Hala ere, Ellacuría jaunaren irudia gehien lotzen dugun herrialdea El Salvador da, batez ere 1967. urtetik aurrera "Jose Simeón Cañas" Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean (UCA) sartu zenetik; unibertsitate horren errektore izendatu zuten 1979an.

Ellacuría eredua izan zen El Salvadorko herriak pairatzen zuen egiturazko bidegabekeriaren aurkako borrokan eta herrialdeak jasaten zituen gatazkei elkarrizketaren bidezko irtenbidea emateko defentsan. Jarrera adoretsu eta konprometitu horren ondorioz, herrialdea kontrolatzen zuten botere eta interesen presioak eta mehatxuak jasan behar izan zituen, eta bere bizitzarekin ordaindu zuen. 1989ko azaroaren 16an, Armada Nazionala UCAn sartu zen eta Ignacio hil zuten, baita gau horretan etxe hartan zeuden pertsona guztiak ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan