Berriak Segurtasuna
Eu

Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkularia eratu da iaz Euskadiko Jokoaren Erregelamendu Orokor berria onartu ondoren

2017.eko ekainak 30

Araudi berria iazko uztailean onartu zen

Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunen zuzendari Aitor Uriarte izan da Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkulariak gaur egindako lehenengo bileraren buruan. Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorra orain dela urtebete onartu zen, eta orain Batzordea eratu da. Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkularia Segurtasun Sailari atxikita dagoen parte hartzeko eta aholku emateko organoa da. Sailaren egitura organikoan integratu gabe, haren xedea da joko-sektorearen iradokizunak eta proposamenak bideratzea, joko-sektorearen egoera zein den aztertzea, arau berriek eta joko-mota berriek sektorean duten eragina aztertzea, eta joko arduratsua sustatzeko ekimenak bultzatzea.

Erregelamenduan jartzen duen moduan, honakoak dira Batzorde Tekniko Aholkulariko kideak:

a) Batzordeburua. Joko-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaria, edo zuzendariak izendatutako beste bat.

b) Joko arloan eskumena duen sailburuak izendatutako hiru ordezkari.

c) Zergen, osasunaren eta turismoaren arloan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako Sailen hiru ordezkari, sailburuek izendatutakoak.

d) Erregelamendu honetan jasotako arautegi zehatzak adina jokoaren sektore profesionaleko ordezkari, bakoitza arautegi zehatza duen azpisektorearen ordezkari moduan. Azpisektore bakoitzean ordezkari gehien duen elkarteak izendatuko du ordezkariotako bakoitza. Elkarte moduan eratuta ez dagoen azpisektoreak sektoreko enpresen artean txandakatuko du haren ordezkaria, eta urtean ordezkari bat izendatuko du.

e) Sektorean ordezkagarritasun handiena duten kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek izendatutako bi ordezkari.

f) Adikzioak errehabilitatzeko elkarteek –sektorean ordezkagarritasun handiena dutenek– izendatutako hiru ordezkari.

g) Idazkaria: joko-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzako pertsona, hitz egiteko eskubidearekin, baina botoa emateko eskubiderik gabe.

Batzordeak, besteak beste, sektoreko edo sektoreetako adituez osaturiko lantaldeak eratu ahal izango ditu, sektoreka edo jardun-arloka; eta nahi beste lankideri edo adituri eskatu ahal izango dio aholku eta lankidetza erabakiak hartzeko.

Jokoaren Euskal Kontseiluari emango zaio Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkulariak egindako lanen berri.

Gai-zerrendan, Batzordea eratzeaz gainera, honako hauen berri ere eman da: Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren jarduera-memoria; ikuskizunei buruzko araudiaren aldaketa; eta apustuetako makina laguntzaileen egiaztapenerako eta proba teknikoetarako protokoloa. Eta, azkenik, joko-aretoek eta jolas-aretoek bete behar dituzten baldintzak eta ezaugarriak arautzen dituen aginduari buruzko informazioa ere eman da.   

Ondoren, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga Jokoaren Euskal Kontseiluaren buru izan da. Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoan jokoarekin zerikusia duten jarduerak aztertzeko, koordinatzeko eta kontsultatzeko organoa da. Kontseiluaren baitan Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren 2016ko jardueraren berri eman da, eta Jokoaren Erregelamendu Orokorrean eta Jokoaren Ikuskapen Planean Ikuskizunen eta Jolas Jardueren erregelamendua aldatzeari buruzko nahitaezko txostena aurkeztu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak