Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Oñatiko Udalak energia iraunkortasunaren aldeko apustua berretsi du

2010.eko azaroak 19

Alkateen Itunarekin bat egin du eta energiaren alorreko 20-20-20 deritzon ekimenaren helburuak betetzeko lanean jardungo du

 

  • Energia-iturri berriztagarrien bidezko hornidura azpiegitura bikaina du Oñatik, eta energia-eraginkortasuna nabarmen hobetzeko lanari ekingo dio
  • Energia aurrezteko eta klima aldaketari aurre egiteko, Alkateen Ituna Europar Batzordearen egitasmo nagusienetarikoa da
  • EBen laguntza egitura da Energiaren Euskal Erakundea, Ituna Euskadin garapen egokia bideratzeko

 

Oñati, 2010eko azaroaren 19a- Oñatiko Udaleko alkate Lourdes Idoiagak Alkateen Itunarekiko atxikimendu-dokumentua sinatu du, eta, beraz, energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko konpromisoa hartu du.

Euskadin, Europar Batzordearen laguntza egitura den Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) zuzendutako ekimen europar horrekin bat egin du Oñatiko Udalak, eta lehendik atxikimendua sinatua zuten beste bost udalekin batera arituko da energia iraunkortasunaren alde. Hartara, Europa osoko beste herri eta hiri askorekin bat eginda eta  lankidetzan arituz, energia-kontsumoa gutxitzen eta emisio kutsagarriak murrizten saiatuko da. Hain zuzen ere, Alkateen Itunaren helburuak diren horiek gauzatzen ahaleginduko da. Bide horretan, ahalik eta udal gehienen atxikimendua edo konpromisoa bilatzen ari da EEE, Alkateen Ituna sinatzeko asmotan. Hala, dagoeneko ekimenarekin bat egindako Europako 2.100 herri eta hirirekin batera arituko dira euskal udalak. 

Oñatiko Udala aspaldidanik ari da lanean energia-eraginkortasuna hobetu nahian eta energia berriztagarrien erabilera sustatzen. Izan ere, tamaina handiko eguzki-instalazio batzuk edukitzeaz gain, Oñatiko Ur-Jauziak izeneko enpresa du, Udalaren eta EEEren partaidetza duena (%90 eta %10, hurrenez hurren), 5,5 MW-eko potentzia instalatua duen izen bereko minizentral hidroelektrikoa kudeatzen duen enpresa, Oñatiko zerbitzu eta etxeko sektoreak elektrizitatez hornitzen duena.

Alkateen Ituna Europar Batzordeak abiarazi zuen ekimena da. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren erakunde hori klima aldaketari aurre egiteko jardunaren liderra da mundu mailan, lehentasun nagusienetakoa baita erakundearentzat. Izan ere, asmo handiko helburuak ditu 2020. urteari begira, 20-20-20 zifrekin adierazita, EBn Ekintza Klimatikoaren eta Energia Berriztagarrien alorreko neurri eta helburuen barruan. Hala, EBko estatu kideek konpromisoa hartu dute euren CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko 2020 urterako.


Alkateen Ituna sinatzen duten udalek zenbait konpromiso hartzen dute alor batzuetan, eta 2020 urterako Europar Batasunak ezarritako helburuetatik haratago joan nahi dute. Hartara, CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, energia-eraginkortasuna %20 hobetu eta energia-eskariaren %20 energia berriztagarrien bitartez ase edo beteko dute.

Azken batean, tokian tokiko udalerrien ezaugarrien eta premien arabera, Europar Batzordearen helburua den 20-20-20 delako ekimena aurrera eramateko jarduera multzo bat sustatzen lagundu nahi du Alkateen Itunak. Hala, Itunarekin bat egingo duten udalek egungo energia egoera aztertuko dute, eta azterketa horren emaitzen argitan, zenbait ekintza edo jarduera planifikatuko dituzte energia-eraginkortasunaren eta energia-iturri berriztagarrien ustiapenaren alorrean.

Alkateen Itunera atxiki berri den Oñatiko Udalak, lehendik Itunarekin bat egindako Gasteiz eta Donostiako udalekin batera, besteak beste, energia-kontsumoa gutxitzeari begira, konpromisoa hartzen du hainbat ekintza aurrera eramateko. Horretarako, honako jarduera hauek garatuko ditu:

1. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Planaren oinarri gisa, erreferentzia emisioen inbentarioa egitea.
2. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztea urtebeteko epean, Alkateen Ituna sinatzen duten egunetik kontatzen hasita.
3. Udalaren egiturak egokitzea, garatu beharreko ekintzak modu egokian egiteko, nahiko giza baliabideak hautatuz, besteak beste.
4. Ekintza Planaren garapenean parte hartzeko asmoz, tokian tokiko lurralde esparruetan gizarte zibila mobilizatzea.
5. Jarraipen txostena aurkeztea, Ekintza Planaren ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egitea xedea duen txostena bi urtez behin, gutxienez, idatziz.
6. "Energiaren Eguna" edo "Alkateen Itunaren Eguna" antolatzea, Europar Batzordearekin eta interesatuta leudekeen beste erakunde batzuekin elkarlanean, energiaren erabilera adimendunak herritarrei dakarzkien onurak eta aukerak zehazki azaltzeko.

Alkateen Itunari esker, aurrerapauso nabarmena emango da EBren helburuak lortzeko bidean. Izan ere, borondatezko akordioaren bidez, konpromiso sendoa hartzen dute Europako herri eta hiriek helburu horiek bete eta gainditzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Garmendia (Industria eta Energia sailburuordea); Lourdes Idoiaga (Oñatiko Alkate)