Berriak Osasuna
Eu

Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESI-ak eta EHU-k «Minbizia eguneratuta: zainketa aringarriak onkologian» izeneko eskola antolatu dute, ekainaren 28tik 30era, EHU-ko udako ikastaroen barruan

2017.eko ekainak 28

 

Ikastaroaren helburuak dira zainketa aringarriek beren alderdi guztietan duten garrantzia ezagutzera ematea; sintomak kontrolatzea, minari arreta berezia emanez eta pazientearen emozioak kontuan hartuta; eta bere familiarekin eraginkortasunez komunikatzea, bizitzaren etapa hau ahalik eta harmoniatsuena izan dadin.

 

«Minbizia eguneratuta» ikastaroaren 9. edizioa izango da aurtengoa eta, oraingoan, onkologiako zainketa aringarriak izango dira gai nagusia. Horretarako, hainbat osasun-zentrotako adituak bildu dituzte ikastaroaren antolatzaileek, Guillermo López Vivanco doktoreak, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Medikoko zerbitzuburuak, eta Carmen de la Hoz Torresek, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak.

 

Horrela, honako hizlari hauek hartuko dute parte datorren ekainaren 28an, 29an eta 30ean Donostiako Miramar jauregian egingo den topaketan: Carlos Camps Herrero doktorea (Valentziako Unibertsitate Ospitale Orokorreko Onkologia Medikoko zerbitzuburua), José Luis González Larriba doktorea (Madrilgo Unibertsitate Ospitale Klinikoko Onkologia Medikoko Zerbitzuaren atalburua), Javier Fuertes Vélez doktorea (Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzua), Jesús García García doktorea (Sestaoko Kuetoko Osasun Zentroko Lehen Mailako Arretako medikua), Valentín Riaño Zalbidea doktorea (Gorlizko Ospitaleko Barne Medikuntzako medikua), Eider Azkona Uribelarrea doktorea (Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Medikoko Zerbitzua), Andima Basterretxea Ozamiz doktorea (Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Etxeko Ospitalizazioko zerbitzuburua) eta Manuel Hernández Blázquez doktorea (Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzua).

 

Gainera, mahai-inguru bat ere antolatuko da osasun- eta hezkuntza-arloko profesionalekin, azaldutakoa sakontzeko.

 

Minbiziaren tratamenduaren lehen helburua sendaketa lortzea da eta, hori lortzen ez denean, funtsezkoa da pazientearen bizi-kalitatea posible den onena izatea. Horixe da, hain zuzen, zainketa aringarrien helburua.

 

Urtero Euskadin hiltzen diren lagun guztien ia erdiak gaixotasun aurreratu eta terminaleko fase bat bizitzen dute. Paziente horien eta beren senideen behar fisiko, sozial, emozional eta espiritualei erantzuna ematea erronka bat eta, aldi berean, obligazio bat da osasun-sistemarentzat.

 

Osasun Sailaren Zainketa Aringarrien Estrategia.

 

2016-2020 aldirako Zainketa Aringarrien Euskal Planaren helburua da kalitatezko arreta homogeneoa eskaintzea pazienteari eta bere familiari etxean, egoitzan eta ospitalean. Euskal gizarteari laguntza-sistema hobea eskaintzea da asmoa, pazientea ahalik eta modu aktiboenean bizi ahal izan dadin. Era berean, babesa eman behar zaie senideei, euren maitearen gaixotasuna eta euren sufrimendua nahiz dolua ahalik eta ondoen eraman dezaten.

 

Pazientearengan eta zaintzaileengan, hots, pertsonengan ardaztutako arreta integratu eta eraginkorra da planaren ardatza; beraz, zainketa aringarrietan kalitatezko arreta eskainiko duen laguntza-eredua garatzearen aldeko apustua egin da, ekitatea oinarri harturik, Osakidetzako arreta-maila eta lurralde historiko guztietan, osasun-arretaren kate bateratua osatzen duten katebegiak baitira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau