Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak “2017-2020 Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Hezkuntza programa osagarria” aurkeztu du

2017.eko ekainak 29

-        Helburua da giza duintasunaren funts pedagogikoan oinarritzen den giza eskubideei buruzko hezkuntza-proiektua finkatzea

-        Programak 7 proiektu zehatz jasotzen ditu, ikasleek giza eskubideen eremua landu dezaten

 Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jonan Fernández Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideak, Bizikidetza eta Lankidetza Batzordeko idazkari nagusiak, gaur goizean, “2017-20 Giza eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Hezkuntza Programa Osagarria” aurkeztu dute. Programa horren bidez, jarraipena ematen zaie aurreko urteetan abian jarritako ekimenei, eta helburu du giza duintasunaren funts pedagogikoan oinarritzen den giza eskubideei buruzko hezkuntza-proiektua finkatzea. 

Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan egindako prentsaurreko batean, Cristina Uriartek eta Jonan Fernándezek programa honen edukia zehaztu dute. Programaren helburu nagusia da ikasleentzako hezkuntza-tresnak sortzea eta gizarte eta hezkuntzako elkarreraginak sendotzea, bizikidetzan egiteke dauden eta gorantz doazen erronken aurrean. Horrela, Programa hiru atal handitan dago egituratuta:

-        Idazkaritzako zuzendaritza bakoitzeko abiapuntuak hezkuntza-eremuan

-        Oinarri kontzeptualen, planteamendu pedagogikoen eta estrategia didaktikoen esparru partekatua

-        Zazpi proiektu nagusi, legegintzaldi honetan sustatuko direnak. 

GIZA ESKUBIDEEN INGURUKO 7 PROIEKTU

Legegintzaldi honetan sustatuko diren zazpi proiektu nagusiak memoriari, arrazismoaren prebentzioari eta bazterketari lotutako eremuen ingurukoak dira, besteak beste. Proiektuak honako hauek dira:

Lehen proiektua. “Lekukotza eskola barruan”

Proiektu honen garapena Adi-adian biktima hezitzaileen lekukotzaren inguruko ekimenaren urteetako esperientzian oinarritzen da. Programa hau mantendu eta eguneratu egingo da, biktimen aurrez aurreko lekukotzak grabaturiko lekukotzekin konbinatzen dituen sistemaren bidez. Osagarri gisa, gida didaktikoa prestatuko da, Gogoraren ikus-entzunezko funtsak dituen lekukotza grabatuak erabiltzeko. Hori guztia Memoriaren Plazaren erakusketa ibiltariaren tailerrekin bateragarria izango da.

Bigarren proiektua. “Munduak eskolari dei egiten dio”

Proiektu honek hezkuntza-eremuari munduaren errealitateaz galdetzen dio. Helburua da gure planetaren errealitatea ikustea eta ulertzea, egoerarik ahulenean bizi direnen ikuspegitik. Proiektua funtsezko ardatz batean oinarritzen da: irakasleei prestakuntza eskaintzea, errealitate horren lekukoak bitartekari izanik; zehazki, GGKEen eta sozietate zibileko beste erakunde batzuen eta kooperanteen lankidetzarekin eta parte-hartzearekin.

Hirugarren proiektua. “Eskolak munduari dei egiten dio”

Proiektu honek proposatzen du desberdinarekiko hurbilketa fisikoa hezkuntza-tresna izatea. Gure ikasleek aurrez aurre pertsona errefuxiatuen edo etorkinen, beste kultura edo erlijio batzuetako eta beste testuinguru sozial eta politiko batzuetako pertsonen historiak entzutea sustatuko da. Helburua arrazismoa, bazterketa eta diskriminazioa prebenitzea da, eta giza duintasunaren benetako zentzua eta giza eskubideak ulertzea, enpatia eta elkartasuna. Hori guztia, urruneko pertsonari aurrez aurre begiratuz, lekukotzaren bidez hurbileko bilakatuz.

Laugarren proiektua: “Memoriaren dimentsio historikoa hezkuntzan”

Hezkuntza-proiektu honen helburua da memoriaren dimentsio historikoa euskal hezkuntza-curriculumean sartzeko proposamena prestatzea. Proposamena prestatzeko, memoriari eta historiako ikasgaiari buruzko jardunaldi espezializatuak egingo dira, eta lan-talde bat sortuko da; lan-taldearen helburua izango da eduki horiek DBHko 4. mailako eta batxilergoko Historia Garaikideko curriculumean sartzeko proposamena aurkeztea.

Bosgarren proiektua: “Memoria Egunaren hezkuntza-balioa”

Gogorak eta Eusko Jaurlaritzak, proposamen-dokumentu baten bidez, aukera eta tresna pedagogikoen aukera eskainiko dute, ikastetxeek, azaroaren 10aren inguruan, memoriari buruzko hezkuntza-hausnarketarako jarduerak garatu ahal izateko.  Diseinuak, proiekzioak eta garapenak hezkuntza-parametro hutsak dituzte. Hainbat tresna eskainiko dira, besteak beste: “Las huellas pérdidas” serie dokumentala edo Ahotsak programako film dokumentalen edo fikziozkoen hautaketa, edo ikastetxean Adi-adian edo beste jarduera batzuk sartzea.

Seigarren proiektua: “Etikasi programa”

Proiektu honen helburua da etikari buruz (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea eta, horretarako, Europako leku enblematikoetara egitea hezkuntza-bisitak, besteak beste, kontzentrazio-esparruak dituzten hirietara edo indarkeria larriak jasan dituzten eskualdeetara, besteak beste, Balkanetara edo Ipar Irlandara. Bisitak horiek batxilergoko, erdi- edo goi-mailako zikloetako, lanbide-heziketako eta Unibertsitateko lehen mailako ikasleei eskainiko zaizkie. Ekimen horrek esperientzia pilotuko lehen fasea izan beharko du, eta legegintzaldiko azken faserako proiektatuko da.

Zazpigarren proiektua: “Ekintza osagarriak”

Aurreko proiektuen garapena Bonos Elkarrekin programaren jarraipenarekin osatuko da, Eskola Bakegune webgunearekin, Zinexit bizikidetzarako zinema-laginarekin eta Eusko Jaurlaritzak Aieteko Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Zentroan duen parte-hartzearekin. 

KOORDINAZIOA HEZKUNTZA ERAGILEEKIN

Dokumentu honetan proposatzen diren ekimen guztiak Hezkuntza Sailarekin bat garatuko dira, eta Euskadiko Eskola Kontseiluarekin, hezkuntza-eragile eta Gizalegez Akordioaren erakunde sinatzaileekin koordinatuta; horiei, aurretik, Programa aurkeztu zaie. Horiek guztiek oinarrizko hezkuntzako eta batxilergoko curriculumen garapenarekin dihardute lankidetzan. Bestalde, gaur aurkeztu den dokumentua zabalik egongo da irailaren amaiera arte, ekarpenak jasotzeko. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak