Eu

Euskadik Gasteiz-Burgos tarterako trafiko mistoko lotura nahi duela helarazi dio Tapiak Sustapen ministroari

2017.eko ekainak 28
  • Eusko Jaurlaritzaren iritziz Sustapen Ministerioaren proposamena ahula eta osatu gabea da, linea horrek bidaiarien garraioa baino ez baitu kontuan hartzen .
  • Euskadirentzat lehentasunezkoa eta ezinbestekoa da azpiegituraren eta bere ingurunearen lehiakortasuna bermatuko duen konexioa .
  • Euskadik, Atlantikoko Igarobidearekin bat etorriko den proiektua eskatzen du, oso leku garrantzitsua betetzen baitu igarobide horretan.

Iñigo de la Serna Sustapen ministroak, Abiadura Handiko Gasteiz-Burgos tarteari eman beharreko bultzadaren inguruan egin zuen iragarpena ikusita, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak, bidaiarien garraioaz gain, azpiegituraren barruan merkantzien garraioa ere kontuan hartzea exijitu du, horrela ardatz atlantikoaren garapenari laguntzeko, penintsula eta Europa arteko loturarako lehentasuneko ardatzetakoa baita.

Eusko Jaurlaritzak oso begi onez ikusten du EAE ondoko lurraldeetako trenbide proiektuak denbora eta modu egokian garatzea, lurralde “auzokideetako” trenbide azpiegitura horiek eragin positiboa baitute Euskadiren eta bere ingurunearen arteko konexioan. Dena den, egin berri den iragarpena ikusita, berretsi egiten da konexioak mistoak izan behar duela, soilik bidaiarienak izan beharrean.

Gasteiz-Burgos tartearen informazio azterlana izapidetzen den hirugarren aldia da, baina Euskadiko sarea UIC zabaleran merkantzietarako ere konexioa izateko eskaria ez da berria. Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordetzatik hainbat alegazio aurkeztu dira Ministerioak egin dituen informazio azterlanen aurrean, eta horietan, besteak beste, planteatzen diren jarduketen eta Jundizen egongo den Plataforma Multimodalarekin konexioa eta bateragarritasuna izatea, edo Arasurreko trenbide terminal berrirako sarbidea bermatu beharra adierazten zen, eta, horrez gain, Miranda de Ebro – Gasteiz trazatua, bere luzexkako profilean, merkantzien trafikoarekin eta zabalera iberiarrarekin eta UIC estandarrarekin (europarra) bateragarria izan beharko litzatekeela zehazten zen.

Sailburuaren iritziz oso garrantzitsua da Burgos eta Gasteiz arteko konexioak, Jundiz eta Arasur inguruek jarduera logistikorako eta merkantzietarako duten potentziala aurreikustea. Egitura ekonomikoaren lehiakortasuna nazioarteko UIC zabalerako trenbideko loturarekin estu lotuta dago, Europarantz eta Burgos-Portugalerantz. Euskal Y-ak Euskadi eta Europa arteko konexioa bermatzen du, UIC zabaleran, pertsonentzat zein merkantzientzat, baina Eusko Jaurlaritzaren iritziz, funtzionaltasun hori Igarobide Atlantiko osora zabaldu behar da. Adibide bat jartzearren, Mercedes-Benz lantegiak trenbideko trafikoa ezarri ahal izango luke, trazatu berria bateragarria balitz.

Sailburuak Eusko Jaurlaritzaren iritzia helarazi dio Iñigo de la Serna Sustapen ministroari, eta Informazio Azterlana planteatu den terminoak berriro aztertzeko eskaria egin dio, Euskal Y-arekin izango duen hobekuntza landuz, trafiko mistoarekin bateragarria izango den trazatua sartuz, bidaiariekin eta merkantziekin erabili ahal izateko. Ezinbestekotzat jotzen da erabilera mistoko linea berrian lanean jarraitzea, Garraioen Europa Barruko Sareko (TEN-T) lehentasunezko ardatzen barruan dagoen eta benetan eraginkorra eta lehiakorra izango den Igarobide Atlantikoa lortzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak