Eu

Josu Erkorekak euskal erresistentziatik diktadura frankistari aurre egin zietenen indarra eta kemena goraipatu ditu

2017.eko ekainak 28
  • Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak, gaur, “RV Resistencia Vasca-Erresistentziaren Ahotsak (1960-1975)” liburua aurkeztu du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak –IVAP– editatua eta argitaratua
  • Liburuak, Miel A. Elustondok idatzia, ehun eta berrogeita hamar elkarrizketatik gora jaso ditu, euskal nazionalismoak 1960aren eta 1975aren artean diktadura frankistaren aurrean izandako erresistentziaren protagonistei eginikoak
  • Josu Erkorekak honela definitu du lana: “esperientzia, kontzientzia, sentimendu, emozio eta apustu pertsonalen katalogo zabala eta heterogeneoa”

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko Sailburuak, gaur, jendaurrean aurkeztu du “RV Resistencia Vasca-Erresistentziaren Ahotsak (1960-1975)” liburua. Ekitaldia Bilboko Ercilla Hotelean izan da, eta bertara, protagonistetako asko hurbildu dira, familiarteko eta lagunekin batera.

Liburua Miel A. Elustondo kazetariak idatzi eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak –IVAP– editatu du. Bertan, euskal nazionalismoak, 1960aren eta 1975aren artean, diktadura frankistaren aurrean izandako erresistentziaren 160 protagonista ingururi hartutako lekukotzak jasotzen dira. Elkarrizketa-lan honek frankismoaren aurka borrokatu ziren gizon eta emakumeen belaunaldi oso baten oroitzapenak jaso ditu, eta erreferente izan nahi du belaunaldi berrientzat.

Liburua ia bi hamarkadatako denbora-tartean oinarritzen da, eta bi gertakari nagusi ditu: José Antonio Agirre Lehendakariaren heriotza eta lehen hauteskunde demokratikoak historiako 40 urte baino gehiago igaro ondoren. Hala ere, ez da garai hartako egoera politikoaren analisi xehatua. Bizipenen kontakizuna da, horregatik du indarra, eta hemendik aurrera, garai historiko horri buruzko azterlan eta ikerketa gehiagorako ate izan daiteke.

Eusko Jaurlaritzako Bozeramailearen arabera, lan hau, azken batean, “euskal memoria demokratikoaren koadro grafikoa eta oso adierazgarria da eta, bertan, motibazio pertsonalen, esperientzien, konpromisoen eta jarduketa politikoen mosaiko aberatsa jaso da”.Lan hau irakurtzeak agerian uzten du euskal nazionalismoaren erresistentzia diktaduraren aurrean “esperientzia, kontzientzia, sentimendu, emozio eta apustu pertsonalen katalogo zabalaren eta heterogeneoaren elkargune izan zela”.

LEHENDAKARIAREN HITZAURREA

Lan honek Iñigo Urkullu Lehendakariak idatzitako hitzaurrea dauka, non liburua “memoria-ariketa” gisa deskribatzen duen, gure konpromisoa sendotzeko, euskal kausaren alde eta gure herriaren etorkizunaren alde dugun onena ematen jarraitzeko” pizgarria. Hori dela-eta, uste du liburu honen irakurketa “diktaduraren gainean zubia eraiki zuten pertsonei eginiko omenaldia dela, horrela, demokraziara duintasunez heldu ginen-eta”. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak