Eu

Bingen Zupiria sailburuak Gasteizen aurkeztu ditu komikigintza eta ilustrazioa sustatzeko diru-laguntzak, lehen aldiz abian izango den deialdi bat

2017.eko ekainak 28

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 105.000 euro bideratuko ditu marrazkigileen lana sustatzera

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehenengoz sustatuko ditu komikigintzarako eta ilustraziorako diru-laguntzak. Gasteizko Artium Museoan izandako bilera publiko batean, sektoreko ordezkarien aurrean aurkeztu du deialdi aitzindari hau. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, 105.000 euro bideratuko dira “lan handia eta bikaina egiten ari den” etorkizunez beteriko sektore honetara, sortzaileen lana laguntze aldera.

Sailburuarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria ere izan dira gaurko bileran. Lehen aldia da Euskadin horrelako deialdi bat sustatzen dela, gainerako sorkuntza arloetatik bereizirik. Diru-laguntza deialdi hau sektoreko hainbat eragilerekin hitz eginez landu eta ondu da, eta bi atal izango ditu. Batetik, 60.000 euro bideratuko dira komikiak edo eleberri grafikoak egitea helburu duten proiektuetara; bestetik, 45.000 euro bideratuko dira album ilustratuak egitea helburu duten proiektuetara.

Komikigintza laguntzera bideratutako lehen kontu-sail horren bidez, lau proiektu lagunduko dira, bakoitza 15.000 eurokoa; egitasmo horietako bat 30 urtez azpiko marrazkilari batena izango da. Era berean, album ilustratuen proiektuak diruz laguntzea helburu duen deialdiaren bidez hiru proiektu lagunduko dira, bakoitza 15.000 eurokoa, eta horietako bat 30 urtez azpiko gazte bati zuzendua izango da.

“Deialdi honek bi helburu ditu. Lehenengoa, komikigintzari eta ilustrazioari hauspoa ematea, sortzaileen bidea erraztuz. Izan ere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren konpromiso nagusietako bat sortzaileei babesa ematea da. Bigarrenik, arlo honek gure herrian duen garrantzia nabarmendu nahi dugu eta agerikoagoa egin nahi dugu, gure kulturaren ikusgaitasuna nabarmentzea baita Sailaren beste funtsezko konpromiso bat”, azaldu du Zupiria sailburuak.

Diru-laguntza deialdiak baldintzak ere ezartzen ditu, honen atzean filosofia argi bat dago-eta: laguntza hauen helburua da komikiak, eleberri grafikoak eta album ilustratuak kalean argitaratuta ikustea. “Ez da beka bat, ezta marrazkilariak beren frogak egiteko laguntza bat ere; diruz lagundutako  lanek irakurleen eskuetara ailegatu behar dute”, azaldu du sailburuak. Xede hori lortu ahal izateko, marrazkilariei eskatuko zaie gidoia egina izatea, baita argitaletxe baten interesa izatea lana argitaratzeko. Beraz, sorkuntzarako deialdia eta produktu baten garapenerako deialdia uztartzen dira eredu honetan.

Euskarazko lanei dagokienez, ez da atal bereizirik izango euskarazko komiki, eleberri grafiko edota album ilustratuak laguntzeko, gaur egungo euskarazko komikien osasunak ez baitu eskatzen. Sailburuak esan duenez, “Euskadiko komikigintzaren eta ilustrazioaren parte handi bat, kopuruz eta kalitatez, euskaraz sortzen da”. Hala ere, euskarazko lanek merkatura ateratzeko zailtasun handiagoak dituzten heinean, puntuazioan baloratuko da lana euskaraz egina izatea.

Sailburuak azaldu duenez, deialdi honen bitartez marrazkigileen lana lagunduko da, eta ez alde literarioa, merkatuak zailtasunak baititu hauen lana konpentsatzeko. "Idazle eta marrazkilariek askotan egiten dute lan elkarrekin, eta gehienetan gidoia eta marrazki-lana osagarriak izaten dira. Deialdi honetan marrazkigintzari ematen zaio laguntza. Horrelako lan bat marraztea lan nekeza izaten da eta oso gutxitan konpentsatzen da.  Politika publikoak merkatuaren ahuleziak konpentsatzera eta gainditzera zuzenduta dauden neurrian, marrazkilarien lana sustatu nahi dugu", azaldu du Zupiria sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak