Eu

Estatutua osorik betetzeko elkarrizketei hasiera emateko eskatu dio Erkorekak Espainiako Gobernuari

2017.eko ekainak 28

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua

Josu Erkoreka bozeramaileak Espainiako Exekutiboari eskatu dio elkarrizketei hasiera emateko Estatutua osorik bete dezaten, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburua baita, Gobernu Programan jasota geratu den bezala. Horrela adierazi du Radio Euskadin eman duen elkarrizketa batean, non borondatea eskatzen baition Mariano Rajoyren kabineteari ebatzi gabe dauden transferentziei heltzeko, besteren artean, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoari, edo kartzelen eta trenbideen eskumenari.

Legegintzaldi honetan, oraindik ez da gai honi buruzko negoziazio irekirik ezarri, baina, Eusko Jaurlaritzaren kasuan, gaur egungo egoera politikoa, kontuan hartuta PPk gehiengo osoa galdu duela, aldekoa izan daiteke, Estatutuaren betearazpena negoziatzeko. “Badirudi jarrera bestelakoa dela, elkar ulertzeko gogo gehiago dagoela, eta, logikoa denez, horri guztiari berriro ekin beharko diogu", esan du bozeramaileak. Hala ere, zuhur ageri da kontu horretan. “Autonomia-mailako esperientzia kontuan hartuta, ez dut ezer ziurtzat jotzen”, esan du.

Erkorekak gogorarazi du autogobernuaren esparrua osatzea etengabeko aldarrikapena dela. “Horri eutsi egin zaio, eta etorkizunean ere eutsi egingo zaio, egoera politikoa edozein dela ere”, esan du. Aldatzeko dauden lehentasunezko gaien artean, gizarte-segurantzaren kudeaketa ekonomikoa, espetxe-erakundeak edo trenbideak aipatu ditu. Gai horiek, beste batzuekin batera, Eusko Jaurlaritza Legebiltzarrak hala eskatuta amaitzen ari den zerrenda eguneratuan jaso dira.

Azaldu duenaren arabera, gai horiek Iñigo Urkullu Lehendakariak laster PSEko Pedro Sánchez idazkari nagusiarekin izango duen bileran ere aztertu dira. “Bilera horretara, leku guztietara moduan, euskal agendarekin joango da; Sánchezek, dagoeneko, ezagutzen du”. Carles Puigdemont Generalitateko presidentearekin izandako bilera dela eta, bozeramaileak azaldu du Lehendakaria “pozik” irten zela; bertan, Euskadik eta Catalunyak Espainiako Gobernuaren “indar zentripetu handiagatiko beldurrak” partekatu zituzten. Erkorekak berriz ere esan du hizketan jardun ezean, ezin zaiola arazo politikoari irtenbiderik eman. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)