
Elebidera iritsitako hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko kexak jaitsi egin ziren 2016an (Gobernu Bilera 2017-06-27)
Eusko Jaurlaritzari eta honen entitate publikoei zuzendutakoak ere nabarmen murriztu dira, 313tik 275era jaitsiz.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Elebide-Hizkuntza-Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2016. urteko memoria jaso du. Txosten honen arabera, iaz 544 izan ziren izapidetutako intzidentziak, eta horien %83a hizkuntza eskubideak urratu zaizkiela sentitu duten herritarren kexak dira (guztira, 452 kexa). Beraz, kexei dagokienez, nabarmendu behar da aurreko urtearekin alderatuta jaitsiera izan dela: 470 kexa jasotzetik 452 kexa jasotzera.
Intzidentzien tipologiari dagokienez, horrela banatzen dira: 452 kexa, 66 eskaera, 19 kontsulta eta 7 iradokizun. Izapidetutako 452 kexetatik, 444 euskara erabiltzeko eskubidearekin loturiko kexak izan dira; 8 kasu, aldiz, gaztelania erabiltzeko eskubidearekin loturikoak izan dira. 8 kasu hauetatik, 5 administrazioarekiko harremanetan gertatu dira (horietako 3tan argitu da ez dela egon hizkuntza eskubideen urraketarik) eta 3 esparru pribatuan. Beraz, txostenak argi erakusten du azken lau hamarkadotako euskararen normalizazio prozesuaren aurrerakada gorabehera, oraindik ere euskarari dagozkiola hizkuntza eskubideen urraketak.
Kexa guztien %89a (402 kexa) esparru publikoaren ingurukoak dira, eta % 11 (50 kexa) esparru pribatuari dagozkio. Beraz, aurreko urtearen aldean, behera egin dute esparru publikoko kexek (420tik 402ra) eta bere horretan jarraitzen dute esparru pribatukoek (50 kexa). Herri administrazio eta erakundeen kasuan, aurkeztutako kexen %68a Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari zuzendu zaizkio (275 kexa). 2015. urtearekin alderatuta, 38 kexa gutxiago jaso dira. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari zuzendutako kexa horien artean, 34 Eusko Jaurlaritzaren aurkakoak izan dira eta 241 Eusko Jaurlaritzaren erakunde eta sozietate publikoen aurka (iaz 271 izan ziren).
Gainontzeko erakundeak
Foru aldundiei dagokienez, 26 kexa zuzendu zaizkie 2016an: Arabako Foru Aldundiari, 2; Bizkaiko Foru Aldundiari, 23; eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, 1. Toki administrazioen kasuan, berriz, 64 kexa izan dira; iaz baino 9 gehiago.
Elebidek izapidetutako 544 intzidentzietatik, 484 itxita zeuden 2017ko martxoaren 31rako; alegia, informazioa emanda zegoen eta espedienteak ebatzita. Kexei erreparatzen badiegu, hiru kasu gerta daitezke: kexak irtenbide egokia izatea (konponbidea egotea), irtenbiderik ez izatea; eta, azkenik, indarrean dagoen araudiari erreparatuta, urraketarik ez izatea. 2016ko kexak honela banatu dira: 342 kasutan irtenbide egokia topatu da, 44 kasutan ez da irtenbiderik topatu eta, azkenik, 22tan ondorioztatu da ez zegoela hizkuntza eskubideen urraketarik.
Elebide-Hizkuntza-Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2008an jaio zen eta kasu bakoitzaren jarraipen zehatza egiten du, jasotzen den intzidentzia guztiek konponbidea izan dezaten. Zerbitzu honen ikuspegitik, herritarren salaketei esker erakundeak indartu egiten dira eta neurri egokiak har ditzakete hizkuntza eskubideen urraketak errepika ez daitezen.
2016ko memoria osorik atxikituriko dokumentuan kontsulta daiteke.