Eu

EAEko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko legea Legebiltzarrera igorri da, energia-aurrezte eta -eraginkortasunean buru izan eta energia berriztagarriak ezartzeko (Gobernu Bilera 2017-06-27)

2017.eko ekainak 27

Europar Batasunak energia-aurrezte eta -eraginkortasunaren inguruan osatutako araudi berriak Herri Administrazioak derrigortzen ditu aitzindari izatera energia-aurrezte, eraginkortasun eta energia berriztagarrien soluzio berritzaileak ezartzen. Soluzio horiek lehiakorrak izango dira gaitasuna duen eta funtzio hori bete dezakeen alorretan, esaterako, administrazioen instalazio eta bulegoekin lotutako eraikinetan, bertako langileen mugikortasun-beharrizanetan eta argiztapen publikoan. 

Euskal sektore publikoak energia aurrezteko ahalmen handia du eta Herri Administrazioek, energia-aurrezte eta –eraginkortasunean laguntzeaz ez ezik, lidergo funtzioa hartu behar dute, herrialdearen energiaren erabilera eraginkorrean adibide izateko. Horrek, bestalde, irabazi ekonomiko eta sozial handiak, baita ingurumenekoak ere, ekarriko ditu euskal gizarte osoarentzat. 

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak pasa den Legealdian lege-proiektu bat osatzea pentsatu zuen, energia-politikaren norabidearen arabera, EAEko Herri Administrazioen alorrean energia-iraunkortasunerako funtsezko arauak ezartzeko; administrazioen betebeharrak artikulatu eta, funtsean, energia-aurrezte eta –eraginkortasunerako eta energia berriztagarriak sustatu eta ezartzeko neurriak bultzatzea zuen helburu. 

EAEko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko lege hori Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailaren 19an onartu zuen eta Legebiltzarrari igorri zion urte bereko uztailaren 21ean. Legebiltzarra 2016ko irailean desegin zen eta hauteskunde-deialdiaren ondorioz lege-ekimen hori alde batera utzi zen; Eusko Jaurlaritzak berriz hartu du lege hori bultzatzeko asmoa.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak oso beharrezko ikusten du aurreko gobernuak onartutako lege-ekimen horri jarraipena ematea eta, horregatik, 2016-2020 Lege Egutegian txertatu zuen. Egutegi hori 2017ko otsailaren 28ko Gobernu Kontseiluak onartu zuen.

Gaurko Kontseiluaren ondoren, EAEko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko legea berriz igorri zaio Legebiltzarrari, bertan eztabaidatu eta ekarpenak jasotzeko, ahalik eta adostasun handiena izango duen amaierako testua osatzea helburu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko