Berriak Osasuna
Eu

Errioxako eta EAEko 1.533 pertsonak Jaso dute ospitaleko osasun arreta bi erkidegoetan 2016ko urtarrilaz geroztik

2017.eko ekainak 26

 

Bi erkidegoetako osasun-arduradun nagusiak bildu dira Logroñon, lankidetza-hitzarmenen bilakaera aztertzeko.

 

Guztira, Errioxako eta EAEko 1.533 pertsonak gurutzatu dute Ebro ibaia ospitaleko osasun-arreta jasotzeko 2016ko urtarrilaz geroztik. Zehazki, 2016an EAEko 582 pertsonak jaso zuten arreta espezializatua Errioxan; eta Errioxako 497 pertsona bertaratu ziren EAEko ospitaleren batera osasun-arreta jasotzera. 2017ko lehenengo bost hilabeteetan, Errioxako 212 pertsonari eman zitzaien arreta Euskadin eta EAEko 242ri Errioxako osasun-zentroetan.

María Martín Errioxako Gobernuaren Osasun sailburuak eta Jon Darpón Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak azaldu dutenez, bi erkidegoetako pazienteen zirkulazioa “oso modu normalizatuan egiten da” eta “bi erkidegoentzat da onuragarria”.

Bi sailburuak izan dira gaur Logroñon egindako bileraren buru; bileraren helburua da bi erkidegoen arteko osasun-harremanen bilakaera aztertzea. Bi osasun-sistemetako zuzendaritzek parte hartu dute. EAEko osasun-sistemaren ordezkari izan dira María Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusia, Iñaki Berraondo sailburuordea, Andoni Arcelay Osakidetzako Osasun Laguntzarako zuzendaria eta Guillermo Viñegra Osasun Programetarako aholkularia. Errioxako osasun-sistemaren ordezkari izan dira Ana Esther Ruiz Errioxako Osasun Zerbitzuaren zuzendaria, José Miguel Acítores SERIS alorreko zuzendaria eta Carmen Sáenz Prestazioen zuzendari nagusia.

Bileran zehar honako gai hauek jorratu dituzte: bi autonomia-erkidegoen arteko lankidetza-hitzarmen sanitarioaren azterketa;  Osakidetzaren zenbait protokoloren lagapena Errioxako Osasun Kontseiluak erabil ditzan, informazio-sistema interoperagarrien garapena eta bi erkidegoek elkar laguntzea donazio eta transplanteen alorrean.

Lankidetza-hitzarmen sanitarioari dagokionez, María Martín sailburuak adierazi duenez, “oso baliabide garrantzitsua da, modu azkar eta hurbilean egin baititzakegu interbentzioak populazio-tamainagatik Errioxako osasun sistema publikoak abian jarri ezin dituen kasuetan” eta, era berean, “EAEko herritarrentzat proba eta interbentzioak modu azkar eta eraginkorrean izateko aukera ematen du”.

 

Martín sailburuarentzat “erakundeen arteko lankidetzaren adibidea da, eta lehenengo unetik lehenetsi dira pazientearen beharrizanak, beste edozerren gainetik”.

 

Bere aldetik, Jon Darpón sailburuak azaldu duenez, “guretzat, Euskadiren erkidego mugakideekin halako hitzarmenak egitea garrantzitsua da osasun-arreta koordinatua eta egokia eskaintzeko, mugarik gabekoa, eta, beraz, gure asmoa da Errioxarekin dugun lankidetza hori indartzen jarraitzea”.

 

Zifrei dagokienez, azken urteotan pazienteen bilakaera egonkor mantendu da. Errioxari dagokionez, 497 pertsonak jaso dute osasun-arreta 2016an, eta 212k aurtengo ekainera arte, ekaina barne. Ospitale nagusiak Arabako Unibertsitate Ospitalea (Araba), Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Basurtoko Unibertsitate Ospitalea (Bizkaia) eta Donostia Unibertsitate Ospitalea (Gipuzkoa) izan dira. Jasotako prozesu nagusiak neurokirurgiaren alorrekoak izan dira. Besteak beste, Parkinson-aren zein epilepsiaren kirurgiak,  inplante klokearrak eta ospitaleratzerik behar ez duten beste hainbat prozedura.

 

EAEri dagokionez, 582 pertsonak jaso dute arreta Errioxan 2016an eta 242k 2017an. Ia guztiek San Pedro Ospitalean eta Laguntza Prozesuen Erresoluzio Handiko Zentroan jaso dute arreta, biak Logroñon. Prozesu nagusiak oftalmologia, urologia, kirurgia orokorra eta traumatologia alorrekoak izan dira.

 

Era berean, 2016an Lehen Mailako Arretako zerbitzua eman zaie EAEko 4.423 pertsonari Errioxan; Errioxako 3.931 pertsonak eskatu dute uneren batean Lehen Mailako Arretako zerbitzua EAEn. Paziente-kopuruaren arteko ezberdintasun horren arrazoia da EAEtik pertsona asko joatean direla Errioxara uda-garaian.

 

Bi erakundeek beste gai batzuk garatzeko elkarlanean aritzea adostu dute, hala nola, sistemen arteko interoperagarritasuna garatzeko, sistemara sarbidea izateko aukera hobetuko baitu EAEko zein Errioxako herritarrentzat; donazio eta transplanteen alorrean ere lankidetza sustatuko da.

Bileran, bi administrazioek egiten duten ikerketa biomedikoaren bueltan lankidetza-egitasmoak garatzeko aukerari buruz hitz egin da. Era berean, akordio bat egin dute eta, horren arabera, Osakidetzak Errioxako osasun-sistema publikoari emango dizkio egun sisteman erabiltzen dituen erabakitzeko algoritmoak. Horiek erabiliko ditu Errioxako Osasun Kontseiluak, laster Erkidegoan eratuko den erakundeak, bere programa informatikoa garatzeko. Horren helburua da pazienteen zalantzak bertaratu izan gabe argitzea, eta sintomen araberako jarduteko jarraibideak eskaintzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak