Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

EAEko 23.000 langile izango dira Lanbidek diruz lagundutako enplegurako prestakuntza-ikastaroen onuradun

2017-06-23
  • Enplegurako kualifikazio-ekintzek 36,1 milioi euroko zuzkidura dute
  • Borja Belandiaren ustez, “langabetuen kualifikazioa hobetzea gure enpresak indartzeko eta lehiakorragoak egiteko modua da”

EAEko 23.000 langile inguruk lanbide-gaikuntza eta enplegagarritasuna hobetuko dute, Lanbidek enplegurako prestakuntza-eremuan lanbide-gaitasunak eta -kualifikazioak eguneratzeko ekintzak antolatzen dituzten zentroei eskaintzen dizkien laguntza ekonomikoei esker. Euskal Enplegu Zerbitzuak, gaur, nagusiki langabeak onuradun dituzten laguntza-modalitate hau osatzen duten bi faseetako lehena ebatzi du –bigarrena irailean izango da–. Borja Belandia Eusko Jaurlaritzako erakunde publikoko zuzendari nagusiaren ustez, “langabeen kualifikazioa hobetzea gure enpresak indartzeko eta lehiakorragoak egiteko modua da”.

Bi faseak kontuan hartuta, Lanbidek, guztira, 36,1 milioi euro baliatuko ditu bere programa garrantzitsuenetako baterako: langabezian dauden langileen enplegurako prestakuntza. Lehenengo faserako, Lanbidek 1.073 prestakuntza-ekintzako paketea onetsi du, 27 milioi euroan; kopuru hori bideratuko da Eusko Jaurlaritzaren mendekoak ez diren prestakuntza-erakundeetan ikastaroak martxan jar daitezela bultzatzeko.

Zentroek garatuko dituzten prestakuntza-ekintzetatik diru-laguntza jasoko duten  % 80 kualifikatzaileak dira, eta ia ekoizpen-sektore guztiak hartuko dituzte. Hala ere, zerbitzuaren eta industriaren presentzia da nagusi. Programatutako prestakuntza-ekintza guztiak lan-merkatuan antzeman diren prestakuntza-beharren azterlana oinarri hartuta hautatu dira.

“Lanbideren web-orrialdean ageri den lan honen bidez, hobeto asmatu da prestakuntzan parte hartzen duten pertsonak laneratzeko hobekuntzan, eta hobeto bete dira enpresetako langile kualifikatuen beharrak”, esan du Belandiak.

Gainerako % 20 lan aurreko ekintzak dira; alegia, jendea ikastaro kualifikatzaileetan sar dadila sustatzeko oinarrizko ikastaroak edo zeharkako trebetasunak, besteak beste, hizkuntzak, gaitasun digitalak eta abar, kontuan hartuta euskal enpresak nazioartera zabaltzeko oso garrantzitsuak direla.

Ekintza, zentro eta zenbatekoen zerrenda gaur argitaratu da, Lanbideren web-orrialdean (www.lanbide.euskadi.eus).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)